INFO

San Telmo Museoak euskal artearen areto berria aurkeztu du

 ‘100 urte. Modernoa edo/eta garaikidea’ erakusketarekin San Telmo Museoak euskal arteari buruzko areto berria aurkeztu du. Erakusketa iraunkorra izango da, baina bi urtetik behin aldatuko da, euskal artearen ikuspegi garaikidea ez galtzeko eta egungo artisten obrek lekua izateko.

San Telmo Museoko azken erakusketak sorkuntza modernoa eta garaikidea barnebiltzen ditu. (Jon Urbe | FOKU)

San Telmo Museoak euskal arteari buruzko areto berria aurkeztu du. Izenburutzat ‘100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea’ duen erakusketarekin ireki ditu ateak, Peio Aguirre komisario duela. Horrekin museoko arte aretoen berrikuntza amaitzen da, eta planteamendu berri bati ekiten dio museoak.

Peio Aguirre erakusketaren komisarioarekin batera Susana Soto San Telmoko zuzendaria eta Jon Insausti Donostiako Kultura eta Hizkuntza zinegotzia ere ostiral goiz honetako aurkezpenean izan dira. Insaustik San Telmoren eta bereziki euskal artearen aretoaren helburua gogoratu du: «Ondarea jaso eta gizartean zabaltzea. Gizarte bezala bizi izan dugunaren isla izan nahi du».

«Planteamendu berri» baten hasiera markatzen dela adierazi dute, izan ere, erakusketa honekin museoak bere erakusketa iraunkorraren amaiera markatzen duen 80ko hamarkadako muga gainditu du, «sorkuntza garaikideari lekua egiteko eta egungo artisten lanak ere sartzeko». Sotok azaldu du  iraupen «luzea baina tenporala» izango duela ostiral honetan aurkeztu den erakusketak. Horrela, begirada eta obra berriekin eguneratuta egongo dela museoa ziurtatu nahi dute.

Erakusketaren helburua, 1920tik abiatu eta gaur egunera arteko euskal artearen obrak barnebiltzea da, «bisitariari euskal artearen azken 100 urteko sintesi bat eskainiaz». Museoko zuzendariak erronka gisa proposatu zion erakusketaren komisariotza Aguirreri: areto txiki xamar batean, 100 urteko hautaketa egin behar baitzuen. Emaitzarekin oso pozik agertu da zuzendaria, eta azpimaratu du artista emakumeei emandako espazioa handia dela.

Obren arteko elkarrizketak

Aguirrek bere komisariotzaren azalpena izenburutik bertatik abiatu du, ‘100 urte. Modernoa eta / edo garaikidea’. «Bi terminoekin indartu nahi nuen 100 urteko bidaia hau, eta izenburuak deskripzioa bezala balio zidan, 1920ko hamarkadatik hasi eta orain artekoetaraino».

Sotok esan bezala espazioarena izan da erronka handietako bat; artearen historia modu kronologikoan kontatzearen logika aldatu nahi izan du, «obren arteko elkarrizketa bultzatu nahi nuen eta, horretarako, arkitekturarekin jolastu dut». Aretoa irekia da, eta ikusleak erabaki dezake nondik hasi erakusketa, norantza bat baino gehiago izan ditzakeelako; «osotasun bat ikustea nahi nuen», zehaztu du Aguirrek.

Esleitutako  aretoaz gain museoko beste esparru batzuetara ere zabaldu nahi izan du erakusketa. Sarrerako hallean, dorrean, industrializazioaren aretoan eta koroan ere badaude erakusketa berri honen obrak. «Obra kantitate asko dago eta zaila izan da espazio mugatu batera eramatea, horregatik museoan zehar zabaldu ditut obra batzuk».

Aguirrerentzat bigarren erronka kantitatea eta kalitatea uztartzea izan da. 100 urteko ibilbidearen isla izateko oso obra gutxi aukeratzea zaila izan dela kontatu du, eta aniztasuna zein koherentziari eustea ere kostatu zaiola. Gainera, erakusketa ikuspegi oso hori San Telmo Museoaren bilduma eta Gordailuan zaindutako ondarea hartu behar zituen oinarri; horrez gain Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren pieza batzuk ere erabili ditu.

100 urteko ibilbidea

1924ean hasi ziren «euskal artea» definitzeko oinarriak jartzen, eta horien zenbait obra jaso ditu Aguirrek, «Donostiatik Gipuzkoara, eta hortik Euskal Herri osora». XX. mendeko mugimendu berriei heldu zieten artistek ematen diote erakusketari hasiera, eta Oteiza, Lekuona, Zelaia edo Balenciagaren obrak daude garaiari lotuta. Gaur Taldearen eta «euskal kulturaren pizkundea» bultzatu zutenen lanak bertan daudela kontatu du Aguirrek, eta 70eko hamarkadak ematen dio segida, «kutsu onirikoko figurazio berriaren eta espresionismoaren odezkariekin, baita Cardenas eta Valverde bezalako artisten ibilbide subjektiboek eta kororntearen kontrakoek markatutako ikuspegi propioekin ere».

Euskal Eskultura Berriko Elena Mendizabal edota Miren Arenaza bezalako artistek ere badute lekua, XX. mendearen amaierako eskultura ekarri nahi izan duelako. Erakusketaren berrikuntzetako bat San Telmo Museoak erositako euskal arte berriena ikusgai jartzea izan da, «erakusketa berri honek berretsi egiten du museoak iraganaren memoriarekin eta, era berean, orainaren garaikidetasunarein duen konpromisoa», zehaztu du komisarioak.