Etxebizitzaren prezioa mugatzea eskatu du Elkarrekin Podemosek, «eskubidea» dela gogoraraziz
Getxon egindako kanpaina ekitaldian, Arkaitz Gorritxo, Isa Gonzalez eta Juantxo Lopez de Uralde hautagaiak etxebizitza eskubidearen garrantziaz aritu dira, «eskubide bat» delako. Besteak beste, prezioak mugatzea eta babestutako etxebizitzen parkea guztizkoaren laurden bat izatea proposatu dute.
Arkaitz Gorritxo Gasteizko Legebiltzarrerako Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko hautagaiak ohartarazi duenez, «etxebizitza eskubidea da, ez merkatuko ondasuna». Horregatik, prezioa mugatzea eta babestutako etxebizitzen parkea, alokairukoa bereziki, %25eraino igotzea eskatu du.
Astelehen honetan Getxon egindako ekitaldian adierazi du hau, Juantxo Lopez de Uralde eta Isa Gonzalez hautagaiekin batera. Gorritxok Podemosekin Gobernu espainolean onartu zen Etxebizitza Legea gogora ekarri du, baita «2015etik garatu ez den beste lege autonomiko bat» ere.
«Hemen ez da arau orokor gisa aplikatzen ari, eskumenak urratzeagatik helegite bat jarrita dagoelako. Oraintxe bertan, alokairuak igotzeari uzteko tresna bakarra da, eta EAJk, PSErekin batera, uko egiten dio aplikatzeari», salatu du.
Esan duenez, Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, EAE «etxebizitza garestiena duen hirugarren erkidegoa da». «Eusko Jaurlaritzak hemen aplikatzen dituen neurriak alokairurako laguntzak dira, eta horrek jabeen poltsikoan eragiten du, hara joaten baita dirua, baina ez du etxebizitzaren prezioa mugatzen», ohartarazu du Gorritxok.
Besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu hautagaiak: «Alokairu babestuak dituzten eta beti titulartasun publikokoak diren etxebizitzak eraikitzeko enpresa mistoak emaitza gisa emango dituzten» politikak aplikatzea, eta «orientazioko eta arreta integraleko zerbitzu bateratu bat sortzea, hipoteken gainzorpetze kasuetan prebentziozko informazioa eta aholkularitza emateko, etxebizitza merkatuan gehiegikeriak prebenitzeko eta ohiko etxebizitza eduki gabe daudenei laguntzeko».
Gainera, Elkarrekin Podemosek etxebizitzaren aldi baterako desjabetzea aurreikusten duela adierazi du, «inor lo egiteko etxerik gabe minutu bakar batez ere ez dela geratzen bermatzeko». Halaber, «tenkatutako eremuetan alokairu turistikoko etxebizitzen figura» debekatu nahi du, eta eremu horietan atzerritarrei bigarren etxebizitzaren erosketa mugatzea proposatu du.
Bestalde, Isa Gonzalezek gogorarazi du beharrezkoa dela «etxegabetasuna artatzeko ostatuak gordetzea», batez ere emakumeentzat, «are gehiago indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, baita dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat ere».