INFO

Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko hitzarmena sinatzea onartu du Lakuak

2018ko abenduan sinatu zen hitzarmenaren indarraldia amaituta, Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko prozesuari bide emateko dekretua sinatzea onartu du Lakuak astearte honetan.

Donostiako Onkologikoa. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Onkologikoa osasun zentroa Osakidetzan behin betiko integratzeko hitzarmena sinatzea onetsi du Lakuak astearte honetan egin duen Gobernu bileran.

Hitzarmenaren bidez egituratuko da Onkologikoa Osakidetzan integratzeko prozesua, eta prozesu hori gauzatuko da EAEko 2024ko ekitaldirako aurrekontu legearen xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz egingo den dekretuan ezarritakoaren arabera.

Horrela osatuko da Osakidetzak Institutu Onkologikoarekin egindako ituna bere gain hartu zuenean 1988an hasi zen prozesua. Itun horren ondoren, Osakidetzako pazienteentzako onkologia zerbitzuen kontratazioa arautzeko sinatutako beste itun batzuk etorri dira eta horiek jada Osasun Sailarekin sinatu dira. Ondoren, onkologia asistentziaren funtzionamendu integratuagoa ahalbidetuko zuen harreman eredua aldatzeari ekin zitzaion, pazienteei zerbitzu hobea eskaintze aldera.

Osasun Sailak 2018-2023 aldirako EAEko Onkologia Plana prestatu zuen bere Osasun Planean islatzen denaren ildotik eta paziente onkologikoen eta haien senideen arretan inplikatuta dauden osasun arloko adituen eta profesionalen aholkularitzarekin. Plan horretan definitutako asistentzia ereduak diziplina anitzeko ikuspegia du, eta pazienteen premia globalei erantzungo dien tratu humanizatua du ardatz.

Halaber, planaren helburua da diagnostikorako denborak murriztea eta esku hartze konplexuenak erreferentziazko unitateetan metatzea, behar den esperientzia bildu ahal izan dadin.

Bi ospitale egituren funtzionamendu integratua ikuspegi operatibo eta funtzionaletik errazteko lotura hitzarmena 2018ko abenduan sinatu zen. Akordio horren indarraldia orain amaitzen da, eta Onkologikoa Osakidetzan behin betiko integratzeko prozesuari bide eman zaio.