INFO

Basoko orkideak loratu dira berriro Donostian

Donostiako hainbat tokitan basoko orkideak loratzen hasi dira aste honetan. Carlos Garcia Donostiako Udaleko Mantenimenduko zinegotziak adierazi duenez, neurri bereziak hartu dituzte orkidea mota hau loratu eta zabaldu ahal izateko, besteak beste, bere zikloa amaitu arte inguruko belarra ez moztea.

Basoko orkideak, Donostian. (Donostiako Udala)

Udaberria iristearekin batera basoko orkideak loratzen hasi dira dagoeneko Donostiako hainbat lekutan, beste urte batez. Besteak beste, Bizkaia pasealekuan, Gernikako Arbola kalean, Arriola pasealekuan eta Tolosa hiribidean ikus daitezke orkidea hauek.

Hainbat urtetan landare horien presentzia sumatu da Gipuzkoako hirian, eta hori dela eta erabaki da beste urte betez inguruko belarra ez mozteko erabakia. Basoko orkidea loratzen den eremua zaintzea erabaki da lore mota horren garapena babesteko eta sustatzeko.

Ildo horretan, Carlos Garcia Donostiako Udaleko Mantenimenduko zinegotziak adierazi duenez, «ikuskizun natural honetaz gozatzeko beharrezko neurria» da harturikoa.

Orkidearen prozesua errespetatuz

«Ia beti, orkideak leku exotikoekin identifikatzen ditugu, lore dendetan erosten ditugun landareekin, baina orkideak planetako ekosistema ia guztietan aurkitzen dira, eta gure hirian basoko orkidea espezie desberdinez gozatzeko aukera dago hainbat lekutan», azaldu du zinegotziak.

Horregatik, orkideen loratzea eta ugalketa babesteko, atzeratu egingo da inguru horietako alboetako platabandetako belar mozketa, eta orkideek beren bizi zikloa amaitu ondoren egingo da, datorren urterako haziak sakabanatzea ere prozesu horren baitan kokatu dute.