INFO

Pentsiodunen Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek

«Bizitzaren garestitzea etenik gabe areagotzen ari den une honetan, zerbitzu publikoak indartu eta pentsioak gutxieneko soldatari atxikitzea ezinbestekoa da», adierazi du LAB sindikatuak. Pentsiodunen Mugimenduak bultzatutako Herri Ekimen Legegileari babesa eskainiz.

LAB sindikatuak ostegun honetan Bilbon egin zuen mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ostegun honetan Euskal Herriko pentsiodunak herri eta hirietako kaleetara atera ziren, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak eta Legez besteko Proposamena ere plazaratuz. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du ohar baten bidez.

Sindikatuarentzat, «agerikoa» da «eskariak oinarri eta babes zabala dituela». Horren eredu jarri du «urteak» daramatzatela mugimendu sozial eta sindikalek «gutxieneko pentsioak osagarritzea eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan».

Jakinarazi dutenez, LABek egindako azken azterketaren arabera, 2023ko abenduan 217.246 pentsiodun ziren Hego Euskal Herrian 1.080 euro azpiko pentsioa jasotzen dutenak (guztien %33,3) . Hauen %68,8 emakumeak dira. Modu berean, pobreziaren atalasera heltzeko pentsioa osagarritu behar dutenak 80.000 dira, eta lautik hiru, emakumeak.

«Bizitzaren garestitzea etenik gabe areagotzen ari den une honetan, zerbitzu publikoak indartu eta pentsioak gutxieneko soldatari atxikitzea ezinbestekoa da», adierazi du sindikatuak. Bide horretan, Europako Eskubide Sozialen Kartaren arabera, gutxieneko soldatak lurraldean ezarritako soldataren bataz bestekoaren %60 izan behar duela gogorarazi du. LABen azterketaren arabera, 1.400 eurotan kokatu beharko litzateke, beraz, Euskal Herrian. «Hortaz, gutxieneko pentsioa 1.260 eurokoa izan beharko litzateke (gutxieneko soldataren %90). Hauexek dira modu duinean bizitzeko euskal langile eta pentsiodunok behar beharrezkoak ditugun diru sarrerak», gehitu du.

Zentzu horretan, atzo bertan LAB zerbitzu publikoen defentsan mobilizatu zen Bilbon. «Horregatik ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskariak eta Gasteizen atzo iragarritako Legez Besteko Proposamena urgentziazkoa dela deritzogu. Madriletik ezarritako erreforma eta erabakiek ez dizkigute eskaintzen gure errealitatearen araberako babes sistemarik, eta ezinbestean sistema publikoa bertan hobetu eta osagarritu behar da».

Bide horretan, gutxieneko pentsioa «osagarritzeko moduak arakatzea» premiazkotzat jotzen du, «DSBE errenta baldintzatuaren eredutik aldendu eta egiturazko neurriak hartzeko ordua da». Horretarako, «aurrekontutan AHTari esleitutako gastu partidak pentsioetan inbertitzeko erabakiak» eskatu ditu sindikatuak.

«Pentsionisten Mugimenduak mahai gainean jarritako proposamenak egingarriak dira. LABek ere baditu bereak. Pentsio duinak bematzeko eta gizarteak adieneko emakumeekin duen zor patriarkala aitortu eta ordaintzeko herri eztabaida, konpromisoa eta borondate politikoa exijitzen ditugu», gehitu du LABek