Otxandiano: «Ia 350.000 boto eskuratuta, mapa politikoaren erdigunean kokatzen gara»
EH Bilduk eta EAJ eserleku kopuru bera izango dute Gasteizko Parlamentuan. Duela lau urtetik 100.000 boto gora egin du alderdi subiranistak eta sei eserleku gehiago eskuratu ditu; Otxandiano pozik agertu da emaitzarekin eta oro har, EH Bilduk duen goranzko joerarekin.
27 eserleku eskuratuta Zabalguneko merkatuan egin ditu hauteskundeen osteko lehen balorazioak EH Bilduk. Alderdi subiranistak inoizko boto gehien lortu ditu, ia 350.000 eta inoizko legebiltzarkide gehien izango ditu Gasteizko parlamentuan, pasa den hauteskundeetan baino 6 gehiago.
Pello Otxandiano lehendakarigaiak adierazi du ia 100.000 boto egin duela gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezker subiranismoak hauteskunde hauetan, sei eserleku gehiago eskuratu ditu eta beraz, jada mapa politikoa aldatu dela berretsi du Otxandianok: «Jada bagaude beste garai batean, orain dela lau urte indar politiko bat zegoen hegemonikoa zena instituzionalki, eta 10 eserlekuko aldea genuen, gaur, eserlekuetan ez dugu alderik».
Araban eta Gipuzkoan lehen indarra izan da EH Bildu, eta hainbat herritan ere lehen indarra izan dela lehen aldiz nabarmendu du lehendakarigaiak; Eibarren, Zumarragan edota Urretxun esate baterako. Bestalde, Bizkaiko Ezkerraldean «beste jauzi bat» eman izana txalotu du: «Herri hau martxan jarriko dugu bere gaitasunen neurrira, geldiezina da».
Garai berri bat
«Garai historiko berri bat» abiatu dela gaineratu du Otxandianok eta mapa politikoaren erdigunean kokatu dela ezker subiranista baieztatu du: «Bide onean goaz, oso azkar goaz bide horretan aurrera». Eta azken urte eta hilabeteetan izandako goranzko joera txalotu du.
Emaitzak irakurtzeko bi modu daudela azaldu du: alderdi ikuspegia eta herri ikuspegia. Lehendabizi, alderdi ikuspegiari begiratuz, «ezkerreko soberanismoak bere historian atera dituen emaitzarik onenak dira», adierazi du pozarren, eta merkatuan dauden kideek oholtza azpitik poz oihuak, eta independentziaren aldeko aldarriak egin dituzte.
Baina herri ikuspegia erdigunean jarri beharra azpimarratu du, «ardura historikoagatik». Jasotako herri mandatuari erantzungo diotela egin du promes Otxandianok: «Jauzi bat eman behar dugu burujabetzan, eta politika publiko berdinzaleagoak egin behar dira». Eta orain eratuko den Gasteizko Parlamentua «inoizko abertzaleena izango da, eta gehiengo oso bat ezkertiarra izango da, eta hori nabaritu egingo da».
EH Bilduk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan burujabetzan eta politika publikoetan «jauzi bat egitea posible» egingo duela gehitu du Arabako zerrendaburuak. Bestalde, Gasteizko Parlamentuan ordezkaritzarik izango ez duten ezker konfederaleko 50.000 boto-emaileengana ere zuzendu da Otxandiano, eta adierazi die beraien ordezkari ere izango dela EH Bildu Gasteizen, eta horregatik, ezkerreko ikuspegia bermatuko duen alderdia berea izango dela.
Euskal Herrian, 400.000 bototik gora
Arnaldo Otegik, hauteskunde gauean ere, kanpainan zehar egin gisara, nazio ikuspegia izan du ardatz, eta zazpi lurraldeei egin die erreferentzia: «Abertzaleek kontabilitatea maila nazionalean egiten dugu, guretzat Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutelako, eta esan dezakegu Euskal Herrian 400.000 boz baino gehiago ditugula, lehen indar abertzalea gara Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuta».
Otegik ere emandako urratsak izan ditu aipagai: «Gasteizen irabazi dugu, Araban irabazi dugu, Gipuzkoan irabazi dugu. Sekulakoa egin dugu gaur. Erronka batzuk jarri genituen kanpainan zehar, eta erronka guztiak bete ditugu, 350.000 boz inguru batu ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan». Bestetik, 30 eserlekutatik 20tik baino gertuago geratu nahi zuten, eta lortu dutela txalotu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Hurrengo erronkei begira pausatu da ostean Otegi, Europar hauteskundeei begira, hain zuzen ere: «Lehen indar politikoa izan behar gara Europako hauteskundeetan».