INFO

Iñigo Llopisek urrezko domina eskuratu du Europako Txapelketan bizkar estiloko 100 metrokoan

Llopisek erakustaldia eman du bere proba kutunenean, 32.23ko denborarekin, metal preziatuena eskuratzeko. Igandean, Nahia Zudairek zilarra kolkoratu zuen estilo libreko 400 metrokoan.

Iñigo Llopis, urrezko dominarekin. (BASQUE TEAM)

Bizkar estiloko 100 metrokoa Iñigo Llopisen proba fetitxea dela egiaztatu da behin baino gehiagotan. Lehenengo, zilarrezko domina etorri zen 2021eko Tokioko Jokoetan, ondoren 2022ko Mundu mailako zilarra eta azkenik 2023an Manchesterren lortutako Munduko Txapeldunaren titulua. Lasterketa ikaragarria egin zuen Llopisek, eta azken 30 metroetan gora eginda 1:05.32ko denborarekin amaitzeko.

Astelehen goizean, Llopisek lasterketa irauli du bigarren zatian, Madeirako Europako Txapelketako 100 bizkarreko S8 (desgaitasun fisikoa) proban. Gipuzkoarrak Bohdan Hrynenko ukrainarra gainditu du buruz burukoan, eta lehen postuan bukatu du bere txanda, jokatutako bi txandetako igerilari azkarrena izanik.

Arratsaldean, laugarren kalean igeri eginez, Iñigo Llopisek erakustaldia eman du bere proba kutunenean metal preziatuena eskuratzeko. Hasieratik jarri da aurretik; oraingoan ez da beharrezkoa izan lasterketaren bigarren erdira arte itxarotea. 32.23ko denborarekin horma ukitu du, lehen aipatutako Hrynenkok (32.64) hurbiletik jarraitu dio eta bigarren 50 metroak 1:06.25eko denborarekin bete ditu, garaipena eramanez. Llopis podiumaren toki gorenera igo da, Mark Malyar israeldarra (1:07.57) eta Bohdan Hrynenko ukrainarra (1:08.87) lagun izan dituela.

Nahia Zudaire, zilarrarekin igandean. (BASQUE TEAM)

Nahia Zudaire, zilarra estilo libreko 400 metrokoan

Astearte honetan Iñigo Llopis Funchaleko Olympic Pools Complexean uretan sartuko da berriz ere tximeleta estiloko 100 metroak jokatzeko eta Nahia Zudairek bular erako 100 metroko proban parte hartuko du.

Zudairek zilarra bereganatu zuen igandean Madeirako Europako Txapelketako estilo libreko 400 metrokoan. Gipuzkoarrak hirugarren erreakzio-denbora onena izan zuen eta bigarren postuan kokatu zen lasterketaren hasieratik. 3:09.43ko denbora egin zuen 250 metroetan (+5.30), 3:48.73koa 300etan (+7.04), 4:28.85ekoa 350etan (+9.87), 5:08.29ko markarekin amaitzeko eta zilarra lortzeko. Urrea Xenia Francesca Palazzo italiarrarentzat izan zen (4:56.62) eta brontzea Mariia Pavlova errusiarrarentzat (5:14.97).

Aldiz, Iñigo Llopisek bosgarren bukatu zuen proba berdinean. Hirugarren postuan amaitu zuen goizeko bere sailkapen saioa, eta horrek arratsaldeko finalerako txartela eman zion. Zazpigarren kalean igeri eginez, gipuzkoarrak behetik gora egin zuen. 250 metroetan Llopis seigarren postuan zegoen oraindik, baina proba amaitzeko 100 metro falta zirenean bosgarren jarri zen eta postuari eutsi zion amaierara arte.

Llopisek 4:33.55eko denbora egin zuen (+9.26), eta bosgarren bukatu zuen, Alberto Amlodeo italiarraren, Andrei Nikolaev errusiarraren, Mark Malyar israeldarraren eta Reid Maxwell kanadarraren atzetik.