EHUk «hondamendi humanitarioa» gaitzetsi du, Palestinaren aldeko Sarearen kritika eraginez
EHUk ‘Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean’ izeneko adierazpena onartu du asteazken honetan. Leioako Palestinaren aldeko Sarearen esanetan, ordea, «asmo onen adierazpen hutsa da eta ez du benetako kompromisorik hartzen». Gainera, genozidio bat dela nabarmendu du.
EHUko Gobernu Kontseiluak ‘Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean’ izeneko adierazpena onartu du asteazken honetako bileran. Testuan Israelgo armadak populazio zibilaren aurkako erasoak gaitzesten dira, eta Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia errespetatzea eta berehala betetzea eskatzen da, «bereziki Israelek genozidiozko ekintzak saihesteko neurriak har ditzala eskatzen duena».
Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta Gazako zerrendan laguntza sartzen uztea eskatzen du EHUk, baita biztanleria zibilaren aurkako erasoak eta setioa amaitzea ere. «Berehalako su-etena ezartzea» exijitzen du, eta «Palestina-Israel gatazka konpontzeko Nazio Batuen ebazpenak betetzea, amaiera emateko hamarkada luzetako sufrimendu izugarriari. Baita Estatu palestinarraren aitorpena ere».
Halaber, bost konpromiso hartzen ditu EHU, haien artean «harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzea eta berrikustea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Nazio Batuek Palestinako egoerari buruz emandako ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekin».
«Bereziki, gure Kode Etikoak ezarritakoari jarraiki, unibertsitateak ez du lagunduko inolako jarduera beliko edo indarkeriazkorik. Bereziki, Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa hartzen du», gaineratzen du unibertsitateak, boluntariotza programa berezi bat martxan jarriko duenak Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziarekin (UNRWA) elkarlanean.
Eta atal berezi bat sortzeko konpromisoa jasotzen du adierazpenak, «EHUguneren barruan, gizarte zibilarekin gogoeta egin eta eztabaidatzeko giza eskubideen eta bakearen kulturaren defentsaren inguruan: BakeGune. Gune horrek, gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko aukera emateaz gain, unibertsitateko kideen proposamenak eta ekintzak koordinatuko ditu, eskualde horren bakea berreskuratzeko eta ongizatean laguntzeko, gorroto adierazpen oro baztertuta».
«Asmo onen adierazpen hutsa»
EHUko Leioako campuseko Palestinaren aldeko Sareak kritikatu du onartutako adierazpena, «asmo onen adierazpen hutsa» dela argudiatuz. Izan ere, «ez du zehazten, ezta bermatzen ere, Israelgo Estatuarekin eta bere instituzioekin modu eraginkorrean hausteko bitartekoak zeintzuk izango diren».
«Testu honek ez du zehazten ez eta bermatzen ere zeintzuk izango diren bitartekoak, zuzenean israeldarra izan ez arren proiektu sionistaren onuradun eta bideratzaile diren enpresa-sarearekin hausteko», gaineratu dute sareko kideek asteazken honetan egindako agerraldian.
Bertan azaldu dutenez, «gure desadostasuna adierazpen instituzionalarekiko ikuspegi, zein marko eta hizkuntzari dagozkie. Genozidio bat ‘hondamendi humanitario’ gisa kalifikatzea edo ‘terrorismoaren gaitzespenaz’ hitz egitea, ekintza-bideorri bat egiterakoan muturreko poloetan kokatzen gaitu. Oraintxe bertan Palestinan gertatzen ari denari ezin diogu izaera politikoa ukatu. Egoera den moduan aitortzea exijitzen dugu: genozidioa da. Bestelako terminologiak, edota Israelgo ekintza militarrak Hamasen ekintzekiko erantzuna direla aditzera emateak, Estatu sionistaren ekintzak zuritzearen norabidean egiten du lan».
«‘Palestinaren aitorpenaz’ edo ‘herri palestiarrarekin elkartasun gehiagoz’ hitz egitea positiboa da, baina une honetan askieza da. Egon da astirik orain arte Palestinako estatua estatu zilegi gisa aitortzeko. Momentuak harago joatea eskatzen du, hain zuzen ere, Israel estatuaren zilegitasuna ukatzeari ekitea, Estatu genozida bat delako. Gainera, une honetan, azpiegitura politiko, ekonomiko zein osasun eta hezkuntzakoak birrindu zaizkionari estatus sinboliko bat aintzatezteasteak ez du egoera konponduko», nabarmendu dute.
Beraien esanetan, «EHUk herri palestinarraren genozidioa aitortzeaz gain, unibertsitateak transformazio sozialerako gune izan beharko lukeela kontutan hartuta, adierazpen humanitariotik pauso bat haratago egin beharko luke. Hemen zein munduko edozein txokotan, justizia sozialaren aldeko konpromiso politikoa izan beharko genuke. Nekatuta gaude posizionamendu epelekin eta asmo oneko adierazpenekin, erantzun materialak exijitzen ditugu. Israelekin harremanak hausteaz gain, sostengua ematen dioten enpresei boikota ere eskatzen diogu eta, batez ere, prozesu horretan argitasuna, konpromisoa eta gardentasuna exijitzen ditugu».
Gogoratu dutenez, «dimentsio ezberdinak aztertu eta jarraitu beharreko estrategiak zehazteko batzorde baten sorrera proposatu genuen eta horri eusten diogu». Diotenez, batzorde horretan Gobernu Kontseiluko kideak, aholkulari juridikoak, adituak, sindikatuak eta bestelako elkarte eta sareetako kideak egongo lirateke. «Batzordeak izaera irekia, publikoa eta gardena izan beharko luke, baliabide eta azpiegiturez hornitua, irismen zehatz eta eraginkorra duena».
Hartu beharreko neurriei dagokionez, HP eta AXA Aseguruak enpresekin harreman ekonomikoak bertan behera uztea eskatu daitekeela esan dute, «biak baitaude BDZ kanpainak osatutako zerrendan». «Bi adibide baino ez dira, eta boikotaren bitartez haien gainean presio egin daiteke, Palestinako genozidioa gelditu eta aparheidetik libre dagoen unibertsitate gisa kokatu ahal izateko. Baina badakigu enpresa gehiago egongo direla eta horregatik sortu nahi dugu, hain zuzen ere, batzorde ireki hau, bere lehen eta ezinbesteko egitekoa unibertsitateak enpresa eta erakunde hauekin dituen harremanak ezagutu eta mapeatzea izango litzatekeelako», azpimarratu dute.
«Izan ere, batzorde horrek ere kontraste-lan bat egin dezake gaur onartutako testuak proposatzen dituen neurri batzuen gainean. Adibidez, pertsona errefuxiatuak hartzeko programak egin genitzake, baina segun eta nola egiten ditugun, baliteke praktikan interes sionistekin bat egiten duten despopulatzearii mesede egitea. Horregatik ezinbestekoa da zehaztea nork eta nola hartuko dituen neurri horiek, eta hauek monitorizatzeko mekanismoak ezartzea: norekin kontrastatuko den, zeintzuk diren programa horren kontraparteak, eta abar. Ez gaude, inondik inora ere, neurri horren kontra. Gure galdera da zergatik ez dugun espazio ireki eta garden bat martxan jartzen neurri hori, eta beste batzuk, eztabaidatu eta zehazteko», azaldu dute.
Polizia eta segurtasun pribatuko indarren presentzia
Amaitzeko, campusetan «polizia eta segurtasun pribatuko indarren presentzia etengabe, neurriz kanpoko eta kaltegarria» salatu dute. «Hain zuzen ere, atzo bertan Ertzaintza Israeli boikota eskatzen zion Donostiako Ibaeta campusean egin zen kontzentrazioa fiskalizatzen saiatu zen eta elkarretaratutako kide bat identifikatu zuen. Ez da gertaera puntuala izan, ezta inondik ere, azken hilabeteotan ikusi dugun larrienetako bat, campusean karga polizialak eta hustuketak ikusi ondoren».
«EHUko gobernu-taldean ezarritako joera bati erantzuten diolakoan gaude. Hemendik aldarrikatu nahi dugu unibertsitatea ikasketa eta ikerketa gunea dela, baina baita kritika eta disensorako gunea ere. Jarduera politikoak inori inolako baimenik edo azalpenik eman gabe egiteko aukera egon
beharko luke», diote.