INFO

Haur eta nerabeei arreta emateko ‘Zeuk Esan’ telefono zerbitzua 24 orduz egongo da eskuragarri

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakitera eman du ‘Zeuk Esan’ zerbitzuak 1.248 pertsona artatu zituela 2023an, bai adingabeak zein haien ingurukoak. Halaber, jakinarazi du maiatzaren 2tik aurrera 24 orduz funtzionatuko duela telefono bidezko zerbitzuak.

Nerea Melgosa sailburua. (IREKIA)

2023an, Lakuako Gobernuaren ‘Zeuk Esan’ zerbitzuak 1.248 pertsonaren 1.625 kontsulta artatu zituen, guztira. Zerbitzura jo zutenen %56 adingabeak izan ziren (697), %40 adingabeen gertuko pertsona helduak (496) eta %4 profesionalak (55). Adingabeen artean, kontsulta gehien 16 urtetik 18 urtera bitartekoek egin zituzten (525, %72); eta nesken eta mutilen arteko proportzioa antzekoa izan zen. Helduen artean, eskaeren %61,5 (339) gurasoek egin zituzten. Aurrerantzean, zerbitzua 24 orduz egongo da operatibo.

Nerea Melgosa Lakuako Gobernuaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Bilbon egindako ‘Zentzumen guztiak haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurka’ jardunaldian azaldu ditu datuak. Halaber, maiatzaren 2tik aurrera zerbitzua 24 orduz erabilgarri egongo dela jakitera eman du.

Iaz zerbitzua erabili zutenak kezkatzen dituen gaiei dagokienez, askotarikoak izan ziren. Adingabeen kasuan, %35ek ondoez psikologikoa agertu zuten, %18 haien arteko harremanek kezkatzen dute eta %14 familia harremanak bultzatu zituen deitzera. Helduen %35 izan zen familia harremanen inguruko kezka agertu zuena. %18k zerbitzuari berari buruzko informazioa eskatzeko deitu zuen, %15ek ondoez psikologikoaren inguruan galdetzeko eta %13k adingabeen artean ematen den jazarpenaren inguruko kezka dela eta.

Zerbitzuak duen eskaria dela eta, Lakuako Gobernuak hura indartzeko erabakia hartu du. Adingabeei eta horien inguruko helduei informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dien zerbitzua batez ere 116111 telefono-zenbakiaren bidez ematen da. Melgosa sailburuak gaur jakitera eman duenez, maiatzaren 2tik, hots, ostegunetik aurrera, telefono zenbaki hori «eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan» egongo da operatibo.

«Adingabeei zuzendutako baliabidea da, baina inguruan gauden pertsona helduak ere artatzen ditu», azaldu duenez. Horrela, guraso, bestelako senide eta adingabeekin lan egiten duten profesionalek ere jotzen dute ‘Zeuk Esan’ zerbitzura.

24 orduz

‘Zeuk Esan’ zerbitzua haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten gaietan espezializatutako profesionalek osatzen dute, eta orientazioa, aholkularitza eta informazioa ematen ditu. 116111 telefono zenbakira egiten diren deiak doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. Zerbitzuak, 116111 telefonoaz gainera, beste komunikazio kanal batzuk ere baditu: newsletter bat, web-orri bat eta sare sozialetako profilak. Telefonoaren beste aldetik, psikologoek edo gizarte hezitzaileek adingabeei eragiten dieten era guztietako egoerei erantzungo diete, haiekin harremanetan jartzen direnak adingabeak izan edo horien inguruko pertsona helduak izan.