INFO

Kontseiluaren ustez, «hizkuntza eskubideen aurkako doktrina sakontzen» du Eibarko epaiak

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko ...eta kitto! Euskara Elkarteak Eibarko Udalaren aurkako sententzia salatu dute, eta hizkuntza eskubideek aurkako oldarraldiaren baitan kokatu dute. Administrazioa euskalduntzeko urratsak ematen jarraituko dutela gaineratu dute.

Pasai Antxon eginiko azken elkarretaratzea euskararen aurkako epaiak salatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez «hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan sakontzea» da Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1.epaitegiak Eibarko udaltzainari arrazoia eman izana. Izan ere, pasa den astean jakinarazi zuen epaitegiak udaltzainak jarritako helegitea onartu zuela; langileak helegitea aurkeztu zuen euskara jakin gabe lanean jarraitu ahal izateko, Udalak jarritako euskara eskakizuna «baztertzailea» dela argudiatuta.

Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judizialean kokatu du sententzia berri hau. Azaldu dute Auzitegia «juridikoki eztabaidagarria den» 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen dela, eta hori herritarren «hizkuntza eskubideen aurkako doktrina» sakontzen duela.

Sententziaren arabera, 2017tik Eibarko Udaltzaingoak gutxienez zazpi kexa jaso ditu herritarren hizkuntza eskubideen urraketei lotuta, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere herritarren hainbat salaketa jaso direla jakinarazi du Kontseiluak. Gogoratu du asko direla urraketak salatzera «animatzen edo ausartzen» ez diren herritarrak, eta gaineratu du segurtasun publikoa dela hizkuntza eskubideen bermeak garrantzia berezia hartzen duen arloetako bat, osasungintza eta justiziarekin batera.

«Gogoratu behar dugu administrazio publikoak duela herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra, eta horretarako, ezinbestekoa da langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea», adierazi du Kontseiluak. Eta horretarako bi modu daudela azaldu du jarraian: lanpostuei gutxienezko hizkuntza eskakizunak jarriz, eta jada lanean dauden langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskainiz.

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko Euskara Elkarteak babesa agertu diote Eibarko Udalari sententziari helegitea jarri eta prozedura judiziala «azkeneraino» eraman dezan. Eta hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egin die «oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak» har ditzaten. Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza irizpideak aldatzeko dei egin du, «gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra».

«Urteetako utzikeria»

ELAk salatu du administrazioek orokorrean eta kasu honetan bezala udalek «urteetan utzikeriaz jokatu dutela langileak euskalduntzerakoan, eta urte luzez lanean aritu eta bere lanpostuari dagokion euskara eskakizuna bete gabe langile andana dagoela euskal administrazioetan». Ondorioz, administrazioan euskarazko zerbitzua ez dagoela bermatuta esan du sindikatuak. Bestalde, gogorarazi du Kontseiluarekin eta LABekin batera administrazioa euskalduntzeko plangintza bat aurkeztu zutela, eta «muzin» egin diotela aukera horri.

LAB sindikatuak salatu du «Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia» dela. Eta administrazioetako langileen egoeren bi elementurekin lotu du hausnarketa: «Administrazioetako langileen gehiegizko behin behinekotasun egoerarekin amaitzeko egonkortze-prozesua euskararen kaltetetan ezin dela izan salatzen dugu». Euskarari «gutxienez» gazteleraren maila bera aitortzea exijitu du sindikatuak.