Bilboko Gobernu Militarreko kuartela Irala auzoarentzat izateko kanpaina martxan jarri dute
Bilboko Gobernu Militarrra Irala auzoarentzat berreskuratzeko Bota Kuartela kanpaina aurkeztu dute gaur. Gerrarako erabiltzen den azpiegitura hau Irala eta inguruko auzokideen beharrak asetzeko erabiltzea aldarrikatu dute.
Bilboko Gobernu Militarrak gaur egun betetzen duen espazioa berreskuratzeko helburuarekin sortu duten kanpaina aurkeztu dute gaur, duela 67 urte Gernika bonbardatu zuten egunaren hurrengo eguna.
«Gerren prestaketarako erabiltzen den ekipamendu hau, bizikidetzarako eta bakerako espazio batean bihurtu behar da. Gure ustez, instalazio militar hau, gure inguruko beste asko bezala, milaka kilometrora gertatzen diren eta telebistaz ikusten ditugun gerrak prestatzeko makinaria horretako beste pieza bat da», azaldu dute.
«Gure ustez, gaur egun gerraren kulturari eskainia dagoen espazio hau, Irala auzoan eta Bilbo hiri osoan bizi diren pertsonen beharrizanak asetzeko gunea izan beharko litzateke. Irala eta inguruko auzoek eman nahi dizkioten erabilera alternatiboetarako, kulturarako, osasunerako zaintzarako edo kirola egiteko, adibidez», gaineratu dute.
Asanblada egitura
«Bota Kuartela gerrak eta horiek posible egiten dituzten azpiegitura eta sare produktiboak amaitzeko kezka partekatzen duten pertsonek osatzen dugun asanblea da. Ekimen honek gerra guztiei aurre egiteko eta salatzeko, gerra horiek ematen diren moduan salatzeko, eta gerra horien kausa guztiak ezabatzeko prest dauden pertsona guztiak elkartzeko asmoa du», aldarrikatu dute.
«Bota Kuartelan modu horizontalean eta irekian egiten dugu lan. Proposamen honetan borroka antimilitaristen, feministen, ekologisten, auzotarren eta eraldaketa soziala bilatzen duen beste edozein herri-ekimenen ekarpen guztiek aktiboki parte hartzearen aldeko apustua egiten dugu», azaldu dute.
«Bota Kuartelatik dei egiten diegu Iralako eta Bilboko herritarrei asanbleara etortzera, eta egingo ditugun ekintzetan parte hartzera», amaitu dute.