INFO

Milioi bat euroko laguntza emango die Lakuak UNWRA eta palestinar errefuxiatuei

Gazako krisi humanitarioaren larritasuna eta palestinarrek Jordanian bizi duten babes-egoera luzea dela eta, Lakuako Gobernu Kontseiluak zuzeneko bi dirulaguntza onartu ditu, bakoitza 500.000 eurokoa, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWAri) zuzenduak.

Lakuako Gobernu Kontseilua, astearte honetan. Bertan onartu dute palestinarrei laguntzeko diru partida. (IREKIA)

UNRWAren azken txostenaren arabera, apirilaren 23an, 1.700.000 pertsonak lekualdatu behar izan dute Palestinan (biztanleriaren %75 baino gehiago), behin baino gehiagotan gainera, leku seguru baten bila. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 34.012 pertsona hil dituzte israeldarrek; horietatik, %70 emakumeak eta haurrak, eta 76.833 pertsona inguru zauritu dituzte, baita Nazio Batuen Agentziaren babeslekuetan ere.

2023ko urriaren 7tik, Nazio Batuen Agentziak gazatarrei babes, elikadura, ur, saneamendu eta laguntza psikosozialeko zerbitzuak ematen jarraitu du. Eta Lakuako Gobernuak ere bide horretan segitu nahi du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saileko Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak bideratuko du palestinarrentzako laguntza.

Guztira milioi bat euro izango dira. Erdia, 500.000 euro, larrialdiko osasun-zerbitzuak bermatzeko izango da, premiaz behar baitituzte elikagai terapeutikoak eta osasun tratamendu egokia.

Errefuxiatuentzako Lanbide Heziketa

Beste 500.000 euro bideratuko ditu Lakuak UNRWAra, Lanbide Heziketako Programa eraldatzen laguntzeko. Proiektua batez ere Jordanian errefuxiatuak dauden palestinarrei zuzendutako bi ikastetxetan gauzatuko da. Horretarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta eLankidetzan babesa izango du, eta Jordaniako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakaskuntzako profesionalen arteko lankidetza teknikoko trukeak sustatuko dituzte.

Prestakuntza-zentroen eguneratze teknologikoa, lan merkatura egokitzeko prestakuntza-planak garatzea, zuzendaritza talde, irakasle eta ikasleei formazioa ematea eta Nazio batuen Agentziaren Lanbide Heziketako estrategia eguneratzea dira proiektuaren xedeak.

Lankidetza sustatu nahi dute, elkarrengandik ikasteko. Lankidetza teknikoko ekintzak bultzatuko dituzte hezkuntzaren arloan, eta herrialde pobretuetako erakundeei prestakuntza-planak eta garapen pedagogikoa sortzen lagunduko diete.