Baskoniaren Euroliga: hain baliabide gutxirekin, zaila da gehiago egitea
Baliabide gutxirekin asko egin du Saski Baskoniak aurtengo Euroligan, bost urteren ostean final-laurdenetan sailkatuz gainera. Galdera, ordea, beste bat da: errendimendu maila hau baliabideak murriztearen ondorio da ala eskura zeuden baliabide guztiei etekina ateratzea posible al zen?
«Oso harro nago nire jokalarien lanaz. Akatsak egin ditugu, gauza batzuek hobeto egin genitzakeen, baina aldagelan zorionak eman dizkiet jokalariei egin duten Euroliga dela-eta, ez partida honengatik bakarrik. Taldeak bere izaera erakutsi du eta lehiakorra izan da azkeneraino. Hau kirola da eta Real Madrilek, Euroligako egungo txapeldunak, kalera bidali gaitu, baina horrek ez du jokalarien lana txarragoa bihurtzen». Horra Dusko Ivanovicen hitzak asteazken gauean Saski Baskonia 2023/24 denboraldiko Euroligatik at geratu ostean.
Josean Kerejetaren hitzik ez dagoela, presidente jauna beste lan batzuetan murgilduta baitabil, entrenatzailearen berbek laburbiltzen duten hobekien zale guztien iritzia: gasteiztarrek hain baliabide gutxirekin ahal bezain beste luzatu dutela Europako aurtengo txangoa, bost urte final-laurdenetatik at eman ostean berriz ere Top 8an sartuz.
«Gustatuko zitzaidakeen gaurkoa irabazi eta ostiralean laugarren partidan berriz ere Buesa Arena beteta ikustea, baina ez da posible izan. Hala ere, harmailetan izan diren zale guztiei eskerrak eman nahi dizkiet ere eman diguten bultzadagatik», jarraitu zuen Dusko Ivanovicek. Maiatzaren 1a Langileen Nazioarteko Eguna baldin bada, Saski Baskonia bezalako talde langile baten omendu diezaioke ongien bere eguneroko ogia lanaren poderioz irabazten duen jende multzo handi horri. Izan ere, egia da kirolari profesionalak ez direla langile soilak, baina «langileria» Saski Baskoniak baino hobeto nekez ordezkatzen du beste inork.
Gutxi gorabehera, 16 milioi euroko aurrekontua darabil Saski Baskoniak. Basketball Sphere Interneteko atariaren arabera, Euroligan azken bi denboraldietan parte hartu duten 18 kluben artean hamabosgarrena; Zalgiris, Alba Berlin –azken honek beste selzio batzuei ere «jaten eman» behar die– eta Belgradeko Izar Gorriaren aurretik eta Boloniako Virtusekin berdinduta. Oro har, Euroligak eta Europako saskibaloiak bere diru kontuen inguruan darabilen isilkeria aintzat hartuta, erreferentzia baliagarria izan daiteke; hau da 16 milioi ez dira Valentzia Basketek dituen 18 milioiak –Basketball Sphere atariaren arabera beti–, baina ez dira askoz gutxiago, eta Anadolu Efesek 20 milioi euroko aurrekontua baino ez duela zaila dirudi sinisten, baina behintzat erreferentzia bat da, piramidearen puntan dagoen Real Madrilen 42 milioiak bezala.
Hala, Saski Baskoniak aurtengo Euroliga zortzigarren amaitu izana aurrekontuari dagokionez zazpi postu aurreratzea esan nahi du, Real Madril, Panathinaikos, Bartzelona, Olympiacos, Fenerbahçe, Monako eta Maccabik diru gehiago baitute eskura gasteiztarrek baino. Ondorioz, arabarrek baliabide gutxiago eskuratzeko aukera dute eta behin bataren edo bestearen alde egiteko ordua iristen denean, ezin dute atzera egin; hau da, ez dute kale egiteko aukerarik ia, eta asmatzen denean paparra harro puzteko aukera ematen duelarik, jokalari edo entrenatzaileren batekin kale egiten bada, ez dago ia tarterik akatsik zuzentzeko.
Hargatik, Saski Baskoniak bere baliabide mugatuekin aurtengo Euroligan egin duenak sekulako meritua dauka, batez ere jokatu zituen aurreneko bost neurketetatik lau galdu zituelako, eta horren ostean Joan Peñarroya egotzi eta Dusko Ivanovic –laugarrenez, Peñarroya bera baino lehen bera Izar Gorritik egotzi zutelarik– ekarri behar izan duelako. Orotara 19 garaipen eta 20 porrot pilatu ditu Baskoniak; hau da, Ivanovicekin 18 garaipen eta 16 porrot izan direla.
Baliabideak baziren
Meritua, apusturik zailenek kale egin dutelako. Nico Mannionek abendua hasi arte iraun du Gasteizen eta ez du mailarik eman, ez Peñarroyarekin, ezta Ivanovicekin ere. Udan Munduko Txapelketara ez joatea ebatzi zuen aurrez Bolonian egin ezin izan zuena egin nahian; hau da, Euroligako talde batera egokitzea. Baina ez da urrik ere; 6 puntu eta 2 asistentzia partidako eta are okerragoa dena: ezin inola ere lekurik egin taldean. «Hanka-sartze bat egin eta entrenatzaileak kantxatik ateratzen bazaitu, hurrengoan are beldur handiagoz kantxaratzen zara eta gauzak kontuz egin nahian are eta hanka-sartze handiagoak egiten dituzu», esan zuen antolatzaile italo-amerikarrak Varesera joan berritan. Ez du agian arrazoi faltarik izango, Varesen askoz itxura hobea eman baitu.
Khalifa Diopek Saski Baskonian jarraitzen du, baina egon izan ez balitz bezala. Aurreko denboraldian Kanaria Handiarekin Eurocupa irabazteaz gain lehiaketako jokalari baliotsuenaren MVP saria ere irabazi zuen senegaldarrak, baina aurten kukuak oker jo dio. Bizkarra dela, ezker eskuko eskumuturra dela, lesioak erasan handia eragin diote jokalariari, eta orotara 19 partidetan ere, noski, ia erritmorik gabe, ez du nahiko lukeen mailarik erakutsi: 2,8 puntu eta 1,9 errebote, eta partidako ezta hamar minutu ere.
Ondorioz, esan bezala, Saski Baskoniak baliabide gutxirekin asko egin duela harro esan dezake, baina ez eskura izan dituen baliabide guztiak behar bezala aprobetxatu dituela. Zer esan liteke, bestela, Niko Rogkavopoulosen inguruan. Hegaleko greziarrari oraindik eskarmentua falta zaio eta hainbat partidatan Dusko Ivanovic asko haserretu da berarekin, baina Euroligako final-laurdenetan etorkizunera begira aintzat hartzeko moduko jokalaria dela erakutsi du. Atera kontuak: 13 minutu, 6,1 puntu eta 1,7 errebote Fase Erregularrean; 19 minutu, 9,5 puntu eta 4 errebote play-ineko bi neurketetan; ia 22 minutu, 13,7 puntu, 2,7 errebote eta 1,3 asistentzia final-laurdenetako hiru partidetan. Egia da Chima Moneke min hartuta egon delako minutu gehiago izan dituela hegaleko greziarrak, baina egia da, halaber, minutu horietan tarteka oso maila altua eman duela, eta agian galdetzea badago denboraldian zehar ez ote duen merezi izan ia halabeharrez suertatu zaion aukera hau.
Chima eta otsoa
Chima Moneke eta Codi Miller-McIntyre dira txanpon honen aurkia. Nigeriarrak «amorratuta» zetorrela iragarri zuen aurkeztu zuten egunean, pasa den denboraldian Monakon ez zuelako espero adinako garrantzirik izan. Are gehiago, Sasa Obradovic entrenatzaileak taldetik at laga zuen Final Fourrean, denboraldian zehar Mike Jamesekin eztabaida gogorren bat izan zuen bitartean.
Aurten Gasteizen zaleekin konexiorik azkarrena Monekerena izan da; haren keinuak, bere burua hauspotzeko eta jendea sutzeko hain ezagun egin dutenak, ez dira oharkabean pasa. «Chimak badaki noiz serio egin behar duen lan eta noiz ibili litekeen askeago», adierazi zuen Dusko Ivanovicek duela zenbait hilabete, nigeriarra eta Montenegroko entrenatzailea, itxura baten ura eta olioa bezalakoak izanik, elkar ondo hartuta baizebiltzan.
Alabaina, denboraldiak aurrera egin ahala Monekeren beste aldea ere azaldu da. Tarteka euforiko eta tarteka bakarti, defentsa lanetan ez du behar adinako ziurtasunik eskaini eta azken buruan, Sedekerskis, Dani Diez eta Rogkavopoulosen lanak Chima Moneke, Maccabiren aurka min hartu ostean, ahaztu arazi dute. Ongi etorriko zaio Baskoniari denboraldia amaitzeko falta den denbora honetarako, baina Eurioligan Baskoniak egin duen azken txanpan ez da Monekerik izan eta, egia esanda, bera inguruan izan balitz, nahiz eta Fase Erregularrean 13,6 puntu eta 6,6 errebote eskuratu, batez beste 24 minutu pasatxo jokatuta, ez dirudi Real Madrili askoz kilima gehiagorik egingo ote ziokeen Baskoniak.
Beste kontu bat da Codi Miller-McIntyren lana. «Otsoa», hori baitu ezizena Markus Howardekin batera, taldeko jokalari garrantzitsuena bihurtu da, Tadas Sedekerskis edo Vanja Marinkovicen gainetik. Inork bere burua Euroligan ezagutzera eman badu, hori Codi Miller-McIntyre da, nahiz eta ekainaren 1ean 30 urte bete behar dituen.
Otsailaren 8an Asvel Vileurbanne taldearen aurka 11 puntu, 11 errebote eta 20 asistentzia lortu zituen. Asteazkenean, ezertxo ere barkatzeko ez zegoen Real Madrilen kontra, 17 puntu, 11 asistentzia eta 7 erreboterekin joan zen etxera. Fase Erregularrean 29 minutu jokatu baditu, 33 minuturaino iritsi da play-offetan; 36 hirugarren partidan. Ez dago Saski Baskoniaren jokoa ulertzerik Codi Miller-McIntyre gabe. Magia Markus Howardek jartzen du, baina jokoa ‘Otsoaren’ eskuetan sortzen da. «Urrutiko jaurtiketan izan ezik, osterantzeko kontuetan jokalari bikaina da Codi», esan zuen Dusko Ivanovicek, antolatzaileak Olympiacsen aurkako garaipena azken uneko jaurtiketa batekin erabaki zuenean.
Azaroaren 9a zen hura, eta maiatzaren, berriz, 1ean Ivanovicek akaso Miller-McIntyre izango zuen buruan taldearekiko duen fedea azaleratu zuenean. «Jakina uneoro sinetsi dudala nire jokalarien ahalean! Kontua da beraiek ez zutela beren ahal horretan sinisten, baina orain bai!»
Arazoa ez da hori, ordezkorik ez duela izan baino. Real Madrilek asteazkeneko partida azken laurdenean 0-13ko partziala erdietsita lortu zuen. Tarte labur horretan Chris Chiozza zegoen kantxan, Codi Miller-McIntyrek atsedena behar zuelako. Chiozzaren gaitasun fisikoa motz geratu da Euroligak eskatzen duenerako eta Jordan Theodore, berriz, ongi hasi baldin bazen ere, berehala itzali zen eta, tamalez, bigarren antolatzailerik gabe geratu da Saski Baskonia aurten –Pierria Henry gaixoa ahaztu gabe–. Ivanovic beti izan da errotazio motzak erabili zalea, are eta motzagoak bere konfiantzaren arabera, baina antolatzaile bakarrarekin ezin da nahi bezain urruti iritsi. Hor, beste behin, Nico Mannionek kale egin izana nozitu du Baskoniak eta Codi Miller-McIntyre inork uste baino hobeto aritu bada ere –eutsiko al dio maila horri datorren urtean?–, azkenerako ezin izan du denera iritsi.
Ekin eta jarrai?
Markus Howardek Real Madrili 29 puntu sartuta itxi zuen asteazkenean 2023/24 Euroliga. Batez beste 19,5 puntu sartu ditu New Jerseyko eskoltak. «Trantzea» harrapatzen duen une horietan ez dirudi inork ere geratu dezakeenik eta gainera, iaz ez bezala, askoz sendoago azaldu du bere burua kolpeen eta aurkarien defentsaren aurrean. Sarreraren bat noizbait merkea bada, kantxan Markus Howard dagoelako da hori.
Markus Howardek 2026ra arte luzatu zuen kontratua bere garaian eta, beraz, Howard inork eramaterik nahiko balu, poltsikoa astindu beharko luke. Alabaina, tristea litzateke Markus Howard Gasteiztik hain arin urruntzea. Saski Baskoniak 2023/24 denboraldirako pasa den udan osatu zuen jokalari multzoari so eginez gero, itxura baten orekatua zen eta taldeak behar zituen pieza guztiak zeuzkan. Ondo aukeratutako piezak, Howarden puntuak sartzeko gaitasunaren alboaz hazten joan eta denboraldi oso ona egiteko modukoa multzoa osatu zuen klubak.
Baina «sutan jartzian probatutzen da nolakua dan eltzia» ez zuen alperrik abestu Txirritak. Esan bezala, hasi eta berehala Mannion sutan erre zen eta Diop, berriz, hautsi. Baskoniaren barruko jokoa indarrik gabe geratzen joan da denboraldiak aurrera egin ahala. Maik Kotsarrek otsailaz geroztik gainbehera egin du, jaurtiketa libreak ezker eskuaz bota beharrean eskuinaz botatzen hasteraino; Matt Costello Real Madril edo Maccabi bezalako piboten aurrean ezinean aritu da eta Tadas Sedekerskis azkenerako ez da nahikoa izan barruko lanak burutzeko, Moneke gabe, Dani Diez eta Rogkavopoulosen laguntza jaso arren.
Datorren urteko Euroligan pentsatzen hasi baino lehen, ACB Ligari ekin behar zaio orain, baina Howardek eta Sedekerskisek –2029raino, kapitainak– kontratua badute ere, ez da erraza jakitea Marinkovic edo Moneke bezalako jokalarien erabakia zein izango den. Serbiarrak Partizanen eskaintza dauka edo izango du; ikusi egin behar Monekerekin zer erabakiko duen talde gasteiztarrak, akaso Kotsar eta Costellorekin dirudien moduan, honek ere Gasteiz utzi dezake-eta. Horrez gain, Codi Miller-McIntyre geratuko balitz ere, posturako laguna beharko luke. Eta hori guztia gutxi balitz, Dusko Ivanovicek nekez jarraituko du Gasteizen. Beraz, zertarako dira erreferenteak ia urtero goitik behera aldatzen den talde batean? Jarraitutasunik ezean, baliabideak hornitzerakoan «asmatu» beharko da, aurtengo Euroliga berriz ere errepikatu dadin, beste bost urte itxaron beharrik gabe.