INFO

Tupust! kolektiboak hirugarren eta azken komiki bilduma argitaratu du, gu-a gaitzat hartuta

Hirugarren komiki albuma argitaratu du Tupust! kolektiboak; oraingoan gu-a hartu dute gai gisara, kolore more eta horiarekin batera. 21 kolaboraziorekin osatu dute liburua, orain artekoetan luzeena da, eta beraien webgunean eskuratu daiteke. Laster liburu denda guztietara iristea espero dute.

Tupust! kolektiboko kideak komiki bilduma aurkezten. (Gorka Rubio | FOKU)

Kolore morez eta horiz jantzita aurkeztu du Tupust! kolektiboak, izen bereko komiki-bildumaren azken alea izango dena, hirugarrena. 2019an aurkeztu zuten emakume komikigileek beraien lehen bilduma, ni-a gaitzat hartuta, bigarrenean zu-a hartu zuten gaitzat, eta ostiral goiz honetan aurkeztu dutenean, aldiz, gu-a izan da gaia. 21 kolaborazio jasotzen ditu liburuak. Hirugarren bilduma dute argitaratu berri dena, eta honekin «ziklo bat itxi» dutela aitortu dute; kolektiboak jarraituko du, baina momentuz forma honetako komiki bildumarik ez dute egingo.

Ohi bezala gai bat eta bi kolore jarri zituzten, Ainara Azpiazu ‘Axpi’ kideak hala azaldu duenez: «Gai bat behar genuen nahikoa zabala, askatasuna emango zuena baina muga bat jarriko zuena, muga ez ertsiegia». Eta hortik abiatuta bururatu zitzaien 2019an ni-zu-gu segida, lehenengo pertsonako pluralari heldu diote bilduma honetarako. Eta koloreei dagokienez, moreari eta horiari.

Kontatu dute 23 pertsona aritu direla lanean, eta orotara 21 kolaborazio jaso dituztela, «lan ederrak eta oparoak». Jone Taberna, Ainize Sarasola, Maite Rosende, Shu O., Maite Gurrutxaga, Maitane Gartziandia, Irati F.G., Higinia Garay, Irati Eguren, Paula Estevez, Andrea Ganuza, Idoia Beratarbide, Sandra Garayoa, Maider Leturiaga, Araiz Mesanza, Loinaz Lekuona, Arrate Rodriguez, Usue Egia, Ainara Azpiazu, Ander Peretz eta Maite Caballero izan dira gu-aren gaia komikira eraman dutenak.

Nor da gu? Zer da gu?

«Badirudi gai oso sinplea dela, baina norberak bere egin du eta erantzun oso ezberdinak jaso ditugu, bakoitzak bere filtrotik kontatu du. Egile bakoitzari toki bat eman diogu bere lengoaiatik kontatu dezan», azaldu du Maite Gurrutxagak. Oso «gu» ezberdinak aurkitu daitezkeela aurreratu du: «Gu ez kolektiboa; gu pertsona multzo bezala; gu-az hizketan alaba eta amona; animalia talde bat; norberari mezu bat bidaltzeko gu-a darabilena…».

«Guk ere aurkitu dugu gure burua eta hori ederra da», aitortu du Gurrutxagak. Formari dagokionez ere modu ezberdinak hautatu dituela egile bakoitzak azaldu dute. Batzuk hitz idatzirik gabeak, modu klasikoa erabili dute hainbatek, modu «zurruna edota organikoa», gidoia duten lanak daude, edo poesia bisuala dutenak. 21 egile eta 21 ikusmolde, alegia. «Irakurlearen inplikazioa eskatzen du, norbera erosoago aurkituko da batzuetan edo besteetan», zehaztu du Gurrutxagak.

Egileei jarritako bigarren baldintza kolorearena izan da edizio bakoitzean, azken lan honetan horia eta morea. Maite Caballerok eman ditu koloreen inguruko xehetasunak: «Bi kolore erabili daitezke; batzuk modu puruan erabili dituzte, eta beste batzuk gama zabalagoa osatu dute tonalitateekin jolastuaz. Ez da lan egiteko ohiko metodoa, baina horrek ere egiten du berezia». Azpiazuk bi kolore erabiltzeak «identitate bisuala eta batasun bisuala» ematen dizkiola gaineratu du. Morearekin kolore ilunak lortu daitezkeela kontatu dute, baina horiarekin nahastuz, «elkarren ondoan kolore bizia» sortzen dela ere azpimarratu dute.

Ibilbidean geltoki bat

Tupust! kolektiboko kideek adierazi dute ibilbide bati itxiera ematen diotela, orain arteko komiki albumen ibilbideari hain zuzen ere. Azken album honetarako ere autoedizioaren bidea hautatu dute, eta guztia auzolanean egin dute. Azpiazuren ustez, lan egiteko moduan, talde bezala, «asmatu dute», bai lanak eta ardurak banatzeko orduan, baita kolektibo moduan ere. Eta elkartzea bera aldarrikatzen dute orain.

Atzera begiratuta, ibilbide oparoa baina lan handia eskatzen duena ikusten dute kolektiboko kideek, badaudelako marrazkigintzako profesionalak, baina baita beste lanekin partekatu behar dituztenak ere. Asko ikasi dutela aitortu dute, normalean marrazkiak egiteaz arduratzen badira ere, autoedizioaz arduratzeak aurrekontuak eskatzeaz, inprentaz, errebisioez eta beste makina bat lanez arduratzea eskatzen baititu. «Asko ikasi dugu, eta liburuak objektu bezala, forman ere hobetzen joan gara», aitortu dute.

Bestalde, ilustratzailearen lana normalean nahiko bakartia izaten dela kontatu dute, «ertzetatik» datozenaren sentsazioa dute, bai genero aldetik, baina baita komikigintzaren alorra erdigunean kokatzen ez delako ere. Eta beraz, argi dute ederrena elkartzea izan dela, eta horretan behintzat, jarraituko dutela.