Artolak beste pausu bat eman du bikaintasunerantz eta erabat zabalik utzi du multzoa (22-8)
Alegiarra goitik behera nagusitu zaio Zabalari Labriten eta errioxarrak Joseba Ezkurdiaren garaipena behar du bihar Bilbon Lasoren aurka jokatu ahal izateko, betiere arbizuarra 22-2 nagusitzen ez den bitartean.
Ez zirudien erraza baina, bikaintasunerantz beste pausu bat emanda, bere ibilbideko sasoirik onenean helduko da Iñaki Artola Buruz Buruko finalerdietara, jokoan ezer gutxi zuen partida batean Javi Zabala –azken hilabeteetako modako pilotaria– xehatu eta gero. Datozkion erronkak prestatzeko entrenamendurik onena partida on bat jokatzea zela erabat sinistuta, alegiarrak beste lehia borobil bat jokatu eta erabat irekita utzi du A multzoa. Zabala (8), Elordi (8) eta Ezkurdiaren (10) artean 26 tanto baino ez dizkiote txintxarriari eta hirurek dituzte oraindik aurrera egiteko aukerak. Gaurko emaitzaren ostean, Bilbon elkarren aurka arituko diren Elordik eta Ezkurdiak euren esku dute aurrera egitea, baina egungo txapeldunak irabaztearekin nahikoa duen bitartean, arbizuarrak gehienez bi tantotan utzi beharko luke aurkaria Lasoren aurka aritu ahal izateko. Zabalak, bere aldetik, Ezkurdiaren garaipena behar du, betiere bizkaitarrak hiru tanto egiten baditu.
Partida Zabalarentzat askoz erabakigarriagoa zen arren, bazen ikusminik azkenaldian hobekuntzarik handiena izan duten bi aurrelarien arteko lehia ikusteko, baina parekotasunak dozena erdi tanto baino ez ditu iraun. Azken hilabeteetan pilotakada ikusgarriekin pilotazaleak –eta bere enpresako arduradunak– liluratuta lortu zuen Javi Zabalak txapelketa honetan parte hartzeko eskubidea, baina gaur, gutxienez, berak bezainbeste jo eta bere ibilbideko unerik gozoenean dagoen Iñaki Artola batekin egin du topo. Ia hamar urtetan zehar, emanak zituen Baikokoak gaurkoak bezalako erakustaldiak, baina azken hilabeteetan hartutako jarraikortasuna berria da Iñaki Artolarengan eta hartu duen konfiantzarekin txapelerako oso kontuan hartu beharreko pilotari bat izatea irabazi du kantxan.
Saketik hautsi
Lehen tantoek –lehenengoan 20 pilotakada gurutzatzera heldu dira 200dik behera geratu den partida batean– ezer gutxi izan dute ikustekorik gainontzekoekin. Botera ohikoa dena baino gehiago jokatuz, bi aurrelariek lehia polita izan dute, Baikokoak eskuinez eta errioxarrak ezkerrez aurkaria frontisetik urrun mantendu nahian. Orekak, ordea, apenas iraun du dozena erdi bat tanto, Artola goitik-behera nagusitu baita hortik aurrera.
Sakea izan da bien arteko lehen alde nabarmena ireki duen faktorea, Artolak etekina atera dion bitartean, errioxarrak oso min gutxi egin baitio alegiarrari gaur eguneko buruz burukoan funtsezkoa bilakatu den jokaldiarekin. Artolaren garaipena, ordea, ez da lehen pilotakadara mugatu, jokoko gainontzeko alor guztietan ere goitik behera nagusitu baita. Bi eskuekin fresko ikusi dugu gipuzkoarra, eskuinaz pilota asko baztertuz gainera eta pilotakada bakoitza zentzuz joz, aurkaria alderik alde mugitu araziz. Piloteoan nagusitzeko ere apenas eman dio aukerarik Logroñokoari eta denbora guztian defentsan aritu beharrarekin oso deseroso aritu da, kantxan bere lekua topatu ezinik.
Goiko sabaira ihes egin dion sotamano batek baino ez du eten Artolak parida hautsi duen 12-0eko partziala (15-4) eta hortik urrera ere, nekez lortu du errioxarrak bere sakearekin tantorik egitea. Buruz burukoan sarri gertatzen den bezala, bataten eta bestearen arteko aldeak benetan direnak baino handiagoak izan dira gaur Labriten eta Ezkurdiaren opari baten zain geratzea besterik ez zaio geratu Zabalari Artolaren erakustaldiaren aurrean.
FITXA TEKNIKOA:
Artola: 22
Zabala: 8
Pilotakadak: 196. Iraupena: 41,51 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-3, 15-3, 15-4, 18-4, 18-6, 20-6, 20-8 eta 22-8. Sakeak: 5 Artolak eta 1 Zabalak. Egindakoak: 11 Artolak eta 5 Zabalak. Galdutakoak: 3 Artolak eta 6 Zabalak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan. Iker Iriarte aritu zen Iñaki Artolarekin botilero lanetan eta Xabi Rekalde Javi Zabalarekin. Lehen sakea gorri.