Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Zinemaldiaren 72. edizioan
Cate Blanchett antzezle eta ekoizle australiarrak, eta bi Oscar sariren irabazleak, Zinemaldiaren ohorezko aitorpen nagusia jasoko du eta kartel ofizialaren protagonista ere izango da. Lehen aldiz izango da jaialdi donostiarrean.
Cate Blanchett antzezle australiarra izango da Zinemaldiaren 72. edizioko kartel ofizialaren protagonista, baina ez hori bakarrik: kartelak aurkezteko ostegun honetan Donostian egin den agerraldian aktoreak Donostia Saria jasoko duela iragarri du jaialdiak.
Blanchett, zinematografia garaikideko interprete garrantzitsuenetakoa, lehendabizikoz izango da Donostian, baina bere filmetako batzuk proiektatu izan dira Zinemaldian, hala nola ‘Babel’ (Alejandro G. Iñarritu, Perlak, 2007) eta ‘Veronica Guerin’ (Joel Schumacher, Sail Ofiziala, 2003; Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen).
Blanchettek 200 aintzatespen eta sari baino gehiago jaso ditu: bi Oscar sari (eta beste sei izendapen), bi Volpi Kopa Veneziako zinema jaialdian, lau Bafta sari, lau Urrezko Globo eta ohorezko Casar eta Goya bana, egile filmak eta ikus-entzule guztiengana iritsi nahi duen zinema uztartzen dituen ibilbide luzean.
Aktore eta ekoizle australiarrak Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Wes Anderson, Alfonso Cuaron, Woody Allen, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Guillermo del Toro eta entzute handiko beste zinemagile askorentzat egin du lan eta Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso duen bigarren aktore australiarra bilakatuko da, 2013an Hugh Jackmanek jaso baitzuen sari hau.
Kartel ofizialak
Blanchett Zinemaldiaren 72. edizioko kartel ofizialeko protagonista ere izango da. Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu du posterreko irudia, Gustavo Papaleoren argazki batetik abiatuta.
Lanzagortak gainerako sailetarako kartelak ere sortu ditu. Jose Luis Lopez de Zubiria argazkilariarekin batera, ilustrazioa eta argazkia uztartzea erabaki du. Hala, zinemagile baten megafonoak paperezko ideiak jaurtitzen ditu New Directors saileko kartelean; transatlantiko batek kaktus formako kea botatzen du Horizontes Latinos sailekoan; boxeatzaile batek bonbilla baten harizpi goriaren aurka borrokatzen du Zabaltegi-Tabakalera sailekoan; igerilari bat nakarrezko altxorren bila murgiltzen da Perlak sailekoan; kamera retro batek xaboizko burbuilak proiektatzen ditu Nest sailekoan; marrubi bat abenturarako prest dagoen uharte bihurtu da Culinary Zinema sailekoan; eta sustrai-tximista batek Vicente Ameztoy euskal artistari omenaldia egiten dio Zinemira sailekoan. Aurten, Made in Spain sailak ere kartela izango du: anil urdin kolorea egokitu zaio, eta krabelin formako planeta bat esploratzen duen astronauta dauka protagonista.
Kartel horiez gain, beste hiru ere badira, Klasikoak ekimenaren berri ematen dutenak. Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatzen duten ekimen horrek dagoeneko martxan ziren hiru proposamen batzen ditu marka berapean: Filmategiaren udaberriko zikloa, Zinemaldiaren atzerabegirakoa (aurten Italiako poliziesco generoari eskainia) eta Klasikoak saila.