INFO

Sasi-mugen gainetik

Erabakitzeko prozedurek arautzeko beharra nabarmenduz, Europako Legebiltzarrean proposamena aurkeztu du Autodeterminazio Eskubidearen aldeko Caucusak, eta horri buruzko ale berezi bat kaleratu du ‘Periskopioa’ agerkariak. Bertan Mario Zubiagaren ekarpen hau irakur daiteke, besteak beste.

Autodeterminazioaren aldeko Caucusaren proposamenaren aurkezpena. (SELF-DETERMINATION CAUCUS)

Euskal Herrian bada kultura bat errotuta mugaz gaindi ibiltzeko. «Hormak eta harresiak ez ditugu maite» dio kantak. Mugalariak mendetan ibili dira mugak zeharkatzen, lurralde ekonomia propio bat sortzeraino, eta bide batez herri bat bizirik dagoela erakutsiz. Muga hurbileko herritarrek egunero zeharkatzen dute muga lan egiteko edo lagun edo etxekoekin egoteko, eta mugak itxita egon direnean ere oztopo horiek gainditzeko estrategiak irudikatu eta garatu dituzte Euskal Herrian elkarrekin bizi ahal izateko, normaltasunari eta naturaltasunari ateak zabalduz.

Diasporako kideek ere zenbat muga eta oztopo gainditu behar izan dituzten komunitate izaten jarraitzeko eta Euskal Herriarekiko harremanari eusteko. Horiek guztiak hor egonda ere, herri gisa bizi eta jasan ditugun muga eta oztopo guztiak ez dira izan orain arte nahiko traba herri izaten jarraitzeko, herria bizirik irauteko. Aitzitik, estrategia berritzaileak asmatzeko txinparta izan ohi dira askotan mugak, gure kulturan eta gure arteko harremanetan sakontzeko. Gorka Freaters ikerlari gazteak mugalaritza garaikidea» kontzeptua asmatu du, muga hurbilen inguruko dinamikak aztertzen dituen lan batean.

«Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bideari dagokionez, mugalaritza egitea dagokigu. Normala dena normala bihurtzeko bidea egiten ari gara»

 

Bada, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bideari dagokionez ere, mugalaritza egitea dagokigu. Bestela esanda, tresna berriak eta unibertsalak sortzeko dinamika eraikitzailea bihurtzen ari zaigu erabakitzeko eskubidea XXI. mendeko burujabetza auziak legez bideratzeko. Normala dena normala bihurtzeko bidea egiten ari gara, muga eta oztopo guztien gainetik, erabakitzeko eskubidea legeztatu dadin mugalari lana egiten, alegia.

Erabaki prozesuak demokratikoki garatzeko berme-esparru amankomun bat ezartzeak Europan alderdi guztiei ziurtasun juridikoa eskainiko lieke, jakin dezaten nola baliatu behar diren Europako funtsezko balioak horrelako prozesuetan eta zeintzuk diren alderdien betebeharrak, baldin eta Europar Batasunak estatus politikoari buruzko erabaki-prozesuaren emaitza aitortzea eta legez bideratzea nahi bada, modu honetan herritarren eskubideak errespetatuz eta Batasunaren egonkortasuna bermatuz.

Horrela, Europako berme esparru komunaren bidez, alde guztiek beren eskubideak eta jokoan dauden ondasun juridikoen babesa bermaturik ikusiko lituzkete. Estatua eta erabaki nahi duen herriaren arteko prozesua arautuko duen argitasun arauak berme horiek guztiak bete beharko lituzke. Horrekin batera, estatu kideak argitasun araua adosteari uko egitea ez litzateke Europako zuzenbidearekin bateragarritzat joko, beti ere aldarrikapenaren zilegitasuna egiaztatuta badago.
Europako berme esparru komunaren xedea da prozesuaren fase bakoitzean lortu beharreko zilegitasun-baldintzak arautuko ditu. Ildo horretan, Batasunean jarraitzeko asmoa duen estatuz azpiko komunitateari zilegitasun-katean aurrera egitea eskatuko zaio.

Azken batean, hiru dira lortu beharreko zilegitasun mailak:

a) Burujabetza aldarrikapenaren zilegitasuna

b) Erabakiaren zilegitasuna

c) Emaitzaren zilegitasuna

Jarraian, azalduko dut zertan datza zilegitasun maila bakoitza:

Burujabetza aldarrikapenari ezarritako zilegitasun baldintzak

Baldintza horien artean aldarrikapenak biztanleriaren sektore zabalean lortutako babesa dago, eta hainbat irizpide eta bide ezartzen dira babes hori neurtzeko. Nolanahi ere, ohartarazten da hasierako babes mailak ez duela, nahitaez, bat etorri behar azken erabakia hartzeko eskatuko den babesarekin; izan ere, hasiera batean txikiagoa izan baitaiteke.

Erabakiaren zilegitasun baldintzak

Prozesua hasteko behar besteko legitimitatea lortu ondoren, Europako berme esparru komunak hainbat baldintza ezartzen ditu prozesua garatzeko. Baldintza horien bidez, ezarritako prozedurak herritarren artean kalitatezko deliberazioa bermatu behar du, erabakia askea eta behar bezala informatua izan dadin.

«Erabakiak hartzeko prozesu horretan, borondate demokratikoa adierazteko moduak uztartu eta koordinatu egin behar dira, zilegitasun nahikoa izan dezan eta ustekabeko erabaki plebiszitarioak saihesteko»

Prozesuak bermatu beharko du erabakitzen ari den herriko herritarrek hartuko dutela estatus subiranoari buruzko azken erabakia. Erabakiak hartzeko prozesu horretan, borondate demokratikoa adierazteko moduak uztartu eta koordinatu egin behar dira, hartzen den edozein erabakik zilegitasun nahikoa izan dezan eta ustekabeko erabaki plebiszitarioak saihesteko (Bigarren Mundu Gerraren aurretik Hitlerrek baliatu zuena, esaterako).

Demokrazia zuzeneko mekanismoak askotarikoak izan daitezke, baina, edozein direla ere, alderdien berdintasuna bermatuta egon beharko da prozesu osoan zehar, kanpaina bertatik hasita eta azken erabakia hartu arte. Horretarako, Veneziako Batzordeak eta Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak erreferendumen gaiari buruz egindako gomendioak aipatzen dira jarraibide gisa.

Era berean, edozein erabakiren itzulgarritasuna eta auziaren errepikagarritasuna bermatzeko beharra aurreikusten da.

Emaitza baterazteko zilegitasun baldintzak eta bermeak

Azkenik,  Europako arau proposamenak bermeak ezartzen ditu zilegitasun baldintzak betetzen dituen prozesuaren emaitza aplikatu ahal izango dela ziurtatzeko, estatu kideak errespeta dezan eta Europako erakundeek aintzat har dezaten dagozkien ondorioekin.

Horretarako, inplikatutako alderdiei eskatzen zaie lankidetzan aritzea eta fede onez jardutea prozesu osoan, bai eta emaitza aplikatzeko beharrezkoa den denbora tartean ere. Hala ere, betebehar horiek ez betetzearen ondorioak ere aurreikusten dira. Horrela, Estatu kideak fede onez jarduten ez badu edo Europako berme esparru komunak ezarritakoa betetzen ez badu, Europako erakundeek esku hartu ahal izango dute Europako arau proposamenaren arabera. Aurreko egoera gertatuz gero, EBko erakundeek aintzat hartu ahal izango dituzte aldebakarreko independentzia-adierazpenak, zilegitasun demokratikoa egiaztatu ondoren. Europako arau proposamenaren baldintzak betetzen ez dituena erabakitzeko ariketa egiten duen herria bada, orduan, Europako erakundeak ez daude behartuta prozesuaren emaitza kontuan hartzera.

Ikus daitekeenez, Europako berme arau proposamenak posible egiten du erabakitzeko prozesuak demokratikoki bideratzea eta prozesu konplexuak izanik ere, gatazkak modu baketsuan eta herritarren borondatean oinarrituta bideratzeko aukera eskaintzen du. Egin dezagun posible.