Zumaiako etxez etxeko laguntzan sei greba egun egingo dituzte maiatzean
Zumaiako etxez etxea laguntzako zerbitzuko langileek greba egingo dute maiatzeko sei egunetan hitzarmenari buruzko akordioaren bila. Negoziazioarik ez dagoela salatu du ELA sindikatuak.
2023an iraungi zen Zumaiako etxez etxe laguntzako zerbitzuaren lan hitzarmena. ELAk azaldu duenez, ordutik hitzarmena berritzeko borrokan ari dira zerbitzuko 22 langileak. «Negoziazioek, ordea, ez aurrera ez atzera jarraitzen dute», nabarmentzen du sindikatu honek, maiatzaren 16an, 23an, 24an, 29an, 30ean eta 31n greba deitu dutela gaineratuz.
«Zumaiako Udalak hainbatean egin du promes zerbitzua publifikatuko duela. Baina oraingoz, zerbitzua publikoa izanagatik ere, pribatizatuta dago: Eulen Servicios Sociosanitarios enpresak kudeatzen du. Sektore hainbat enpresen antzera, negozioa egitea du helburu langileen eta erabiltzaileen kontura», adierazi du ELAk.
«Herriko nagusi zein menpekotasuna duten pertsonei eskaintzen diete zerbitzua, bizitzeko beharrezkoak dituzten zainketa, etxeko martxa eta bestelakoetan. Erabiltzaile batzuen kasuan, egunean duten harreman bakarra izaten da», azaldu du sindikatu honek.
«Zenbait negoziazio bilera egin dituzte langileek, eta hainbat mobilizazio apirilean. Lan baldintza duinak eskatzen dituzte. Izan ere, Urola Kostako beste herri batzuetako hitzarmenak baino okerragoa dute Zumaian: egutegi finkorik gabe, gehienak jardunaldi partzialekin, jardunaldi egonkorrik gabe... Hori dela eta, mobilizatzea erabaki dute, bai Zumaiako Udalari, bai enpresari eskatzeko negoziazioek aurrera egin dezala», gaineratu du.