Itzuliko Elgoibarko helmuga-marrak pedagogia egiteko balio dezala
Elgoibarko Ikastolako ikasleak klasetik atera dira Itzuliko lehen etapa ikusteko. Totorika Elgoibarko irakasleak esan du kirolean andreen presentzia sustatzeko «esfortzua» egin behar dela. Biritxinaga Itzuliko zuzendariarekin eta Ostolaza Laboral Kutxako ziklistarekin hitz egin du NAIZ Irratiak.
Elgoibarko Itzuliko lehen etapako helmuga-marrara iristen lehendabizikoak 12-14 urte bitarteko gaztetxoak izan dira. Elgoibarko Ikastolako ikasleak «oso pozik» daude klasetik atera direlako. Urduri daude hesien atzean; zarata sortzen ari dira hesia eskuekin joz, txirrindulariak noiz etorriko zain. Pantaila bat dute helmuga-marraren gainean, lasterketa zuzenean jarraitzeko. Txirrindularirik, baina, ez dute ezagutzen: ez euskaldunak, Ane Santesteban kasurako, ezta Laboral Kutxako bakar bat ere; are gutxiago, Demi Vollering, tropeleko indartsuena.
Maider Totorika Elgoibarko Ikastolako irakaslea mintzatu da NAIZ Irratian, Itzuliko zuzeneko emankizun berezian. Ikastolan jai eman diete ikasleei, Itzuliko lehen etapa bertatik bertara ikusteko, noski, gurasoen baimenarekin. Totorikaren hitzetan, «kontuan izanda emakumeen Itzulia dela, kirolean andreen presentzia sustatzeko esfortzua egin behar da», eta horregatik hartu dute erabaki hori. Haren hitzetan, «gauza polita» izateaz gain, garrantzitsua da ere «emakumeen presentziak kirolean indar gehiago har dezan».
Zalantzarik ez dago pedagogia beharrezkoa dela. Itzuliko lehen etapan Elgoibarko Ikastolako ikasleek egin duten "txangoak" horretarako balio dezala. Gaur, behintzat, jakin dute nor den Ane Santesteban. Gizonezkoetan nekez irudika dezakegu egoera hori. Nork ez ditu ezagutzen Mikel Landa, Pello Bilbao eta Izagirre anaiak?
Biritxinaga: «Lasterketa gehiago behar ditugu»
Bredewold Itzuliko lehen etapako irabazlea podiumean zegoela, hortxe zegoen jendartean Alaitz Biritxinaga Itzuliko zuzendaria. Lehen etapa «oso ondo» joan dela adierazi du, «espero moduan». Itzulia prestatzeak «sekulako lana» dakarrela nabarmendu du: «Oraintxe hasi da aurtengoa, eta hau amaitzean, datorrenarekin hasiko gara». Atsedenik ez, beraz.
Women Itzulia lasterketa aurrenekoz egin zutenetik, Biritxinaga da zuzendaria. Aurrez, urte luzez aritu da txirrindularitzan epaile. Gogoeta bat egin du, galdetutakoan, ea zer egin behar den gazteenek erreferenteak izan ditzaten, bereziki, ikusita zein den errealitatea, hain zuzen ere Elgoibarko lehen etapako helmugan ikusi dena. Zalantzarik gabe «lasterketa gehiago», erantzun du. Haren ustetan, arazoa da nesken lasterketak «maila baxuagokoak» direla. «Ni hasi nintzenetik 28 urte daramatzate. Geroztik, asko aurreratu dugu, baina asko-asko kostatzen da. Berdintasuna behar dugu».
Ostolaza: «Oilo ipurdia»
Elgoibarko helmuga zeharkatu eta tarte bat hartu du Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindulariak arnasa hartzeko, nekatuta ikusten zaio. Lehen etapan ez ditu «sentsazio onenak» eduki, baina «gustura» amaitu du: «Nafarroako Klasikan baino sentsazio hobeak izan ditut. Ardenetako lasterketen ostean gaixo egon nintzen, eta Iruñekoa izan zen gaixo egon osteko lehena».
Taldea orokorrean «oso ondo» ikusi du mendate guztiak igarotzen. Nadia Quagliotto eta Yurani Blancorekin apustu egin nahi zuten esprinterako, baina azken kilometroetan ez dira «hain ondo antolatu»: «Ezin izan dugu nahi genuen postua lortu. Baina, hala ikasten da, saiatuta. Badakigu hobetzeko asko dugula, baina egunetik egunera hobekuntza handia ikusten dut taldean; beraz, pozik».
Lehen etapa honetan, Gasteiztik Elgoibarrera, «oilo ipurdia» jarri zaio Ostolazari herriz herri pasatzen ari zirenean. «Batez ere Azpeititik pasatu garenean, ikusgarria izan da zenbat jende zegoen errepide bazterrean guri animatzen. Oilo ipurdia, alde guztietatik ikurrinak... Iaz berezia izan bazen, aurten oraindik eta bereziagoa izaten ari da».
Hona hemen gaurko etapako laburpen bideoa 👀🔥
— Itzulia Basque Country (@ehitzulia) May 10, 2024
Video resumen de la etapa de hoy. @MischaBredewold del @teamsdworx se ha hecho con la victoria al sprint 🏁#itzuliawomen2024 pic.twitter.com/VMHeSrvyW6
Eta bigarren etapari begira jarri da: Basauri-Basauri, 104 kilometro –lehenengoan baino laburragoa–, eta hiru mendate. Zarautzeko ziklistaren ustetan, ziurrenik gauzak lehenago erabakiko dira, eta beraz, haien helburu nagusia Ane Santesteban lehen hamar postuen artean sartzea da. Bere aldetik, taldeari laguntzeko prest dago: «Aneri [Santesteban] laguntzeko asmoa dugu denok, bera baita lider nagusia. Berarekin goaz ahalik eta emaitzarik onena lortzera sailkapen orokorrean».