INFO
Interview
Ane Santesteban
Laboral Kutxako txirrindularia

«Goraka ez ditut sentsazio onak izan, baina gero aurrean sartu, eta helmugan dena eman dut»

Errenteriako ziklistak hamargarren egin du Itzuliko bigarren etapan, Basaurin. Urruztigainako maldan atzean geratu da, baina, gero, Usoa Ostolazaren laguntzarekin, aurrean sartu da berriro, eta azkenean helmugako esprintean hamargarren egin du. Biharko Donostiako etapan etxe aurretik pasatuko da.

Ane Santesteban, Basauriko helmuga marrara iristen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Urruztigainako igoera «gogorra» egin zaio Santestebani, baina gero jaitsieran aurreko taldetxoa harrapatu du Usoa Ostolazaren laguntzarekin. Azken 20 kilometroetan «gehiago ezin» zuen arren, indarrak atera ditu. Basauriko helmuga marrako azken metroetako igoera txikia aprobetxatuta, gogor astindu ditu pedalak, eta hamargarren postuan amaitu du. Laboral Kutxako autobusean dutxatu ondoren hitz egin du NAIZ Irratiarekin.

Nola joan da etapa?

Egia esan etapa oso gogorra izan da. Taldeak bazekien 60. kilometroan aurrean sartu behar genuela. Horregatik, 60. kilometroan sekulako abiadura egon da aurrean sartzeko, nahiko ondo sartu gara, baina ondoren igoera zetorren, eta oso gogorra izan da, ez ditut sentsazio onak eduki goraka. Baina beno, gero Usoa Ostolazaren laguntzarekin aurrean sartu gara berriro, eta azkenean, helmugan esprintatu dut eta hamargarren postuan sartu naiz.

Urruztigainako malda gogorrean erreferentziarik gabe geratu gara. Hor atzean geratu zara?

Bai, hori da. Igoera pixka bat atzean geratu naiz. Gertu genuen taldea, beti hor ikusten genuen, baina ez nituen hankak hor sartzeko, eta jaitsieran Usoarekin [Ostolaza] hitz egin dut, eta biok batera lan egin dugu aurrean sartzeko.

Amaieran ez zindoazen hain ondo, baina gero ondo bukatu duzu.

Bai, azkenean horrelako esprintak eta bukaerak asko gustatzen zaizkit. Dena eman dut helmugara arte, eta hamargarren postuan geratu naiz.

Ion Lazkano kirol zuzendariak esan dizu eguna salbatzeko, baina salbatu bakarrik ez, zerbait gehiago egin duzu.

Bai, horrelakoa naiz. Oso lehiakorra naiz, beti gustatzen zait lortzea ahalik eta posturik onena, beti helmugara arte dena ematen dut, eta gaur ere hala izan da.

«Biharko eguna oso berezia izango da. Errenteriatik pasako gara, etxe aurretik, lagun asko edukiko ditut errepide bazterrean...»

Bihar azken etapa: 114 kilometro, Donostian, etxean, Jaizkibel eta Murgil mendateak... Nolako etapa aurreikusten duzu?

Biharko eguna oso berezia izango da. Errenteriatik pasako gara, etxe aurretik, lagun asko edukiko ditut errepide bazterrean... Oso egun berezia izango da, eta seguru beraiek indarra emango didatela dena emateko.

Nola ari zara bizitzen Itzulia?

Oso polita izaten ari da. Etxeko maillota eramaten dut, eta horrek ere indarra eramaten dit. Pena da nire sasoirik onenean ez iristea, baina horrelakoak ere gertatzen dira. Arnas infekzio bat izan dut orain dela bi aste, oraindik ez nago nire momenturik onenean, baina iritsiko da.