«Koparik bereziena» bereganatuta, arantza kendu eta ametsa bete du Bera Berak
Bera Berak, 4.238 zaleturen aurrean, Kopa garaikurra altxatu du, historiako zortzigarrena. Donostiarrek erabateko nagusitasuna erakutsi dute txapelketa honetan zehar, bai eta finalean ere, Aula Valladolid 32-24 garaituta. Duela bi urteko arantza modu ezin hobean askatu dute.
«Ametsa zen hemen egotea, finala jokatzea eta pozik, Kopa irabazi dugulako». Jaiak eztanda egin du Illunben, apurka apurka dezibelioak igotzen ari ziren bitartean, epaileak amaiera adierazi duenean, jokalarien salto eta oihuek hartu dute pabiloiko erdigunea. Bera Bera erabateko nagusitasunez ibili da finalean eta, egiari zor, bigarren zatia luze egin da, batez ere Aula Valladolideri, zeina baliabide gabe geratu da, etxeko taldearengatik erabat gatibatuta.
Ez zen izan Bera Beraren biktima bakarra, donostiarrek arerio guztiak hartu baitzituzten gatibu, defentsa sendo eta menderatzailearekin, altura eta indarra uztartuz, zirrikituak ederki tapatuz. Finalean ere erakustaldia eman du arlo horretan eta erasoan «disfrutatu» egin du. «Gure ‘prime’ momentuan gaude», esan zion NAIZi Emma Boadak. «Sentimendu kontrajarriekin» ari da jokatzen azken txanpa hau, Donostiako etapa ixtear baitago. «Kopa hau nolabait deskribatu beharko banu, disfrutatu egin dugula esango nuke; lana ere badago, noski, baina askotan ahaztu egiten zaigu disfrutatzea eta oraingoan egin dugu», adierazi zuen.
Nahiz eta lehendabiziko bi jaurtikeak huts egin, ideiak garbi zituzten donostiarrek, eta elkarren arteko konexioa oso finduta zegoela erakutsi dute. Horren erakusle, piboteekin eginiko lana. Lana ere badagoelako guzti honen atzean, «lan polita», Alvarezen hitzetan. Gavilanek egin du lehen gola eta Lyndie Tchaptcheten bizkarreko jokoak beste bi eman dizkio etxeko taldeari, lehendabizi 7 metroetako jaurtiketa probokatuta eta ondoren, buelta erdia eman eta jaurtiketa zitalarekin. 19 urteko iruindarra geratzeko modurik ez dago, hain dauka presentzia handia, hain dauka indarra... Harribitxia da Tchaptchet eta bere bitartez hartu du aurrea markagailuan Bera Berak.
Hernandez eta Gavilanek –biek pibote postutik– eta Arrojeriak eginiko beste gol batekin, lehendabiziko alde txukuna lortu dute etxekoek (6-3, 9. minutuan) baina goizegi zen erlaxatzeko. Aula Valladolid, O’Mullonyren jaurtiketa indartsuekin eta Amaia Gonzalez de Garibayren determinazioarekin, partidan sartu da, hein handi batean Bera Bera ataskatu egin delako erasoan, azken partidetan ohikoak izan ez diren akatsekin. Mariane Fernandes prezipitatu egin da bi jaurtiketetan eta Arrojeriak beste bi baloi ere galdu ditu –9-9 eta 12-12 berdindu du Valladolidek–. Alvarez entrenatzailea oso adi ibili da eta segituan, Cavo eta Erauskin atera ditu, usurbildarra eta Etxeberria ordezkatzeko. Nekeak ere edukiko zuen zerikusirik bi hauen kasuan eta partida detaile txikienetan erabaki zitekeela ikusita, teknikari ermuarra bizkor ibili da. Fernandes hasi da jaurtiketak engantxatzen, Cavo eta Erauskinen arteko konexioa hasi da jariatzen eta Illunbek, nola ez, eztanda egin du, berriro etxeko taldeak abantaila hartu duelako (14-12) baina baita ere eskuin hegaleko ermuarrak golak egin dituelako ere. «Ermua erdi etorri da, oso berezia izan da eta esker mila gerturatzearren», adierazi du partida bukaeran, irribarre handiz, festa gosez zegoen Anne Erauskinek.
Disfrutatuz
«Inoiz baino gehiago disfrutatu dudalakoan nago», esan du Arrojeriak, publikoaren erantzunarekin oraindik ere harrituta. 4.238 pertsona hurbildu dira Illunbera, duela bi urteko finalera baino mila zaletu gehiago, eta beraz, Koparik bereziena dela uste du Alba Menendezek. Kapitainaren zigilua ere igarri da kantxan, defentsan, egoera guztiekin adi: Arroyori nora joan esateko, baloia lapurtzeko argi eta kontraerasoa abiatzeko bizkor, Erauskinek beste gol bat egin zezan (18-14). Kapitain izaera.
Miguel Angel Peñas Valladolideko entrenatzaileak, kasik desesperatuta, detaile txikienetan ere Bera Bera nagusi zela ikusita, hutsartea eskatu du. Elba Alvarez –hurrengo urtean Donostian arituko da– eta Teresa Alvarez erdiko jokalariek ez dute jokoa behar bezala mugitzen jakin, eta O’Mullonyren ordez atera den Lorena Tellez erabat desagertua egon da lehen zatiaren azken txanpan. Honek, bost goleko errenta ahalbidetu dio Bera Berari eta bigarren zatian, hasi eta berehala, arrakalaren areagotzea geldiezina izan da. Ohartu orduko, hamar goleko diferentzia atera dio etxeko taldeak (28-18) eta oraindik, 15 minutu geratzen ziren bukaerarako.
Fisikoki beste martxa batean iritsi da Bera Bera eta horren adierazle nagusia da ez duela faltan bota Elke Karsten bezalako figura bat. Talde oso egituratua izan da, jokatzen eta baita ospakizunean ere, entsegatuta dantza eginez harrobiko jokalariekin, argazkiak ateratzen, harmailekin abesti bidez komunikatzen eta, oro har, zaila dena erraz egiten.
Fitxa teknikoa:
Super Amara Bera Bera: Aalla; Hernandez (4), Fernandes (5), Boada (4), Arrojeria (4), Etxeberria (2), Tchaptchet (2). Silva (oa), Menendez (1), Cavo (2), Erauskin (3), Gavilan (3), Arroyo (1), Blanco (1), Loidi.
Aula Valladolid: Sanz; E. Alvarez (2), Tellez, Romero (4), Arounian (2), Gonzalez de Garibay (7), O’Mullony (6). Robles (oa), Laguna, Lucio (2), Botella, T. Alvarez, Anton, Bergara, Moreno (1).
Epaileak: Rodriguez Estevez eta Garcia Gil. Bera Berako Arroyo eta Erauskin egotzi dituzte; Aulatik, Tellez eta Lucio.
Partzialak: 23-2, 7-4, 9-7, 12-10, 15-13, 20-15; 23-16, 26-17, 28-18, 31-23, 32-24.