INFO

Amazonen «errepresio sindikala» salatu du LABek

‘Amazon exprime y reprime’ lelopeko elkartasun dinamika abiatu du LABek Amazon enpresak Trapagarango lan zentroko grebalarien kontra darabiltzan «jazarpen eta zigorrak« salatzeko.

LAB sindikatuaren agerraldia Amazoneko «errepresio sindikala» salatzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbon astelehen honetan egindako agerraldi baten bitartez, LABek Amazon enpresak Trapagarango lan zentroko grebalarien kontra darabiltzan «jazarpen eta zigorrak» salatzeko elkartasun dinamika baten berri eman du.

Fernando Ortega Amazoneko LABeko delegatuak jakinarazi duenez, plantillak antolatu eta lan zentroko hitzarmen baten alde mobilizazio dinamika bati ekitea erabaki zuenetik, «enpresa etengabe saiatu izan da 18 lanuzteen eta greben inpaktua gutxitzen, Manpower Aldi Baterako Laneko Enpresak-aren bidez aldi baterako langileak kontratatuz eta langileei banaka presioa eginez».

Ez hori bakarrik. Mobilizazioak aurrera joan ahala, enpresa zigorrak ezartzen hasi zela ziurtatu du sindikatuak. 2019ko ekainean zentroa ireki zenetik, 14 zehapen-prozedura izapidetu dira, eta Ortegak nabarmendu duenez, lehenengo zigorra 2021eko lehen grebaren ondoren etorri zen.

«Zigor horiek guztiak grebetan parte hartu duten langileei ezarri zaizkie. Zigor horiek hitzezko ohartarazpenak, lanik eta soldatarik gabeko egunak eta kaleratze bat izan dira. Gehienak enpresan ordezkaritza handiena dugun eta lan-baldintzen hobekuntzarako borroka bultzatu dugun LAB sindikatuko gertukoei, afiliatuei eta delegatuei ezarri zaizkie. Zehapenen kausak desberdinak dira, baina guztiek dituzte bi elementu komun: grebalariei ezarri zaizkiela eta enpresak gertaerak desitxuratu dituela, zigortzeko moduko jokabide bihurtzeko», azaldu du LABeko delegatuak.

Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak azpimarratu duenez, ez daude prest Amazonen «errepresio» hori onartzeko. Eskubide sindikalak urratzen ari direla uste dute, eta ‘Amazon exprime y reprime’ lelopeko elkartasun dinamika abiatu dute egoerari aurre egiteko.

Alde batetik, zigorrak judizializatu dituzte. Izan ere, badute «enpresaren jokabidea abusuzkotzat» jo duen lehen ebazpen bat. Duela gutxi, Barakaldoko lan arloko 3. epaitegiak enpresa zigortu egin du, bideozaintza-zerbitzua «gehiegikeriaz eta bidegabeki erabiltzeagatik langileak zelatatzeko» eta enplegurik eta soldatarik gabeko zehapena kentzera behartu duena». Kaltetutako pertsonari lanik eta soldatarik gabeko egunen zigorra itzultzera zigortu dute Amazon.

Bestetik, plantillaren baldintzak hobetzeko ekintza sindikala indartuko dute. «Merezi duten hitzarmenaren alde borrokatzen jarraituko dugu. Ikaratu beharrean, LABeko komunitatetik elkartasuna adierazten diegu langileei, irmo jarraitzen baitute haien aldarrikapenetan. Antolaketaren eta borroka kolektiboaren bidez bakarrik gelditu ahal izango da merkataritza elektronikoaren erraldoi hau», argi utzi du Lopetegik.