Erregulartasunaren txapela dagoeneko berea du Jokin Altunak
2024ko Buruz Burukoa jarraian jokatuko duen 13. finalerdikoa izango du amezketarrak hiru txapelketa nagusiak kontuan izanda, bosgarrena izango da errenkadan txapelketa honetan.
Ziurrenik, aurtengoa ez da, momentuz behintzat, Jokin Altunaren Buruz Burukorik distiratsuena izango –Lasoren aurka jipoi handi xamarra eraman zuen, Zabaletari ondo irabazi zion eta Darioren aurka asko sufritu behar izan zuen bigarren puntua eskuratzeko–, baina halakorik balego, amezketarrak ongi baino hobeto irabazia behar luke «erregulartasunaren txapela» azken urteotan lortzen ari den jarraikortasunak ez baitu parekorik pilotaren historian. Igandean Atanon Iñaki Artolaren aurka jokatuko duen finalerdia, hiru txapelketa nagusiak kontuan hartuta, jarraian jokatuko duen 13.ena izango da, hau da, azken hiru urteetan lau onenetan egon da jokatutako txapelketa guztietan (Buruz Buruko 5, Binakako 4 eta Lau eta Erdiko beste 4).
Ezbairik gabe, Lau eta Erdia du distantziarik kuttunena, ez baititu alperrik jokatu Oinatz Bengoetxearen aurka 2016an tanto bakarrarengatik galdu zuen finaletik jokatutako beste guztiak. Baina beste modalitateetan ere ez ditu zenbaki makalak lortu. Esaterako, 2017ko Lau eta Erdikoa irabazi zuenetik, bi finalerdietara baino ez du hutsik egin. Final laurdenetatik pasa ezinik geratu zen azken aldia topatzeko, 2019 Buruz Burukora jo beharko genuke, Donostiako Atano III.era, eta bertan Iker Irribarriak 22-18 irabazi zion. Kontu bitxia da, amezketarrari galdetuta, huraxe jartzen baitu distantzia honetan jokatu duen partidarik onentsuenetako baten adibide gisa. Ordutik aurrera, bost urte daramatza finalerdietara heltzen, zazpi aldiz orotara.
Tolosaldeak ziurtatuta du finalista bat
Amezketarrak eta Iñaki Artolak jokatuko duten finalerdi horri esker –partida horretarako 6 sarrera baino ez dira geratzen– Tolosaldeako pilotazaleek ziurtatuta dute eskualdeko pilotari batek beste final bat jokatuko duela. Hein oso handi batean amezketarraren lan bikainari esker, baina baita inguruko herrietako pilotarien lan bikainari esker, finaletan ordezkari bat izatera ohitu dira. Aurtengoarekin, azken 14etatik 11etan izan da, gutxienez, eskualdeko pilotari bat eta izan dira baita bi finalistak ingurukoak izan diren finalak. Esaterako, 2020ko Jaka eta Altunaren arteko Buruz Burukoa eta kaiolakoak. Urtebete beranduago, Altunak eta Artolak ere kantxa osoko finalean lehiatu behar zuten, baina dena zapuztu zuen alegiarraren azken uneko lesio batek.
Jon Ander Albisuren laguntzarekin, Jon Ander Peñak ere Binakako finala jokatu zuen, nahiz eta Elezkano-Zabaletak erraz eraman zuten txapela etxera.