INFO

Oier Imaz (EH Bai), EH Bilduren zerrendetan: «Zazpi herrialdeak buruan lan egingo dugu Europan»

Lurralde zatiketak ezartzen dituen oztopoen aurrean, eta aukera ezberdinak baloratu eta gero, Europar Parlamenturako hauteskundeetan ez dela EH Bai ordezkatuko duen boz paperik izango berretsi dute. Oier Imaz euren ordezkaria EH Bilduren zerrendan aurkeztuko da.

Mathilde Hary, Pernando Barrena, Oihana Etxebarrieta eta Oier Imaz, Baionako agerraldian. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

«Konstatazio bat plazaratu nahi dugu: hauteskunde hauetan, euskal herritarrok ezingo diogu Euskal Herri osoan zerrenda berari bozkatu. Nazio bat gara, baina lurralde zatiketak indarrean segitzen du eta, hortaz, euskal herritarrok espainiar eta frantses Estatuetako barruti bakarren arabera bozkatzera behartuak gira». Gisa honetan abiatu dute EH Bilduk eta EH Baik ekainaren 9an egingo diren Europar Parlamenturako hauteskundeein aurrean egiten duten gogoeta. Baionan eginiko agerraldian. Mathilde Hary, Oier Imaz, Pernando Barrena eta Oihana Etxebarrieta aritu dira horretan, lehenengo biak EH Baiko kideak, eta Barrena eta Etxebarrieta, EH Bildukoak.

Azaldu dutenez, errealitate horren aurrean Ipar Euskal Herriak izan dezakeen eragina «arrunt ttipia» dela eta euskal herritarren interesak eta beharrak defendatuko dituen zerrenda propio batek ez lukeela «inolako aukerarik» uste dute. «Beraz, ezkerreko abertzaleok frantses Estatuko zerrendaren batean integratzera behartuak gaude. Horrek, bistan denez, aukerak murrizten ditu, Euskal Herria ardatz duen proiektu bat aurkeztea zailtzen baitu», argudiatu dute.

EH Bai Region & Peuples Solidaires (R&PS) federazioko kide da eta, adierazi dutenez, azken hilabeteetan aktiboki parte hartu du hauteskunde hauetan parte hartzeko aukeraren lanketan. Barne mailan egin duten prozesuan, bi aukera baloratu dituztela azaldu dute: «Lehena, frantses Estatuaren barnean diren estaturik gabeko nazioen arteko eskaintza soberanista zen; ez da halako proiektu bat sortzeko paradarik izan», esan dute. Lehen aldia litzateke halako esperientzia abian jarriko litzatekeena.

Bigarren aukera Europe Ecologie Les Verts alderdiarekin akordioa egitea zen, baina «historikoki hauteskunde europarrei begira R&PS-k lortu izan duen adostasuna ez da posible izan oraingo honetan».

Hirugarren aukera moduan Le Parti Radical de Gauche (PRG) alderdiarekin aliantza egitea proposatu zen, baina EH Bairen kidegoaren artean egindako bozkaketan, «gehiengo zabalak» zerrenda horretan ez parte hartzea deliberatu zuen eta, beraz, «EH Baik parte hartuko duen boz paperik ez da izanen ekainaren 9ko hauteslekuetan», iragarri dute.

Hala ere, maiatzaren 24tik ekainaren 7ra bitartean «hauteskunde kanpaina aktiboa» egingo dutela ziurtatu dute, bi ardatzen inguruan mugituko dena. Lehenean, EH Bildurekin batera, Europarren aurrean «nazio bat garela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula» defendatuko dute: «Kanpoko erabakien ondorioak hamaika dira gurean, herritarrak horien kalteak pairatzen ari dira eta horregatik uste osoa dugu, Europan ere soluzioak euskal eskalatik planteatu behar direla», azaldu dute.

Oier Imaz, EH Bilduren zerrendan

Kanpaina honetan Ipar Euskal Herriko biztanleek ezingo dutela Pernando Barrena hautagai duen EH Bilduren zerrenda bozkatu ere ekarri dute gogora eta alderdi hori hauteskundez hauteskunde izaten ari den hazkundea ikusirik, «ondoko bost urteetan ezkerreko subiranismoak Bruselan europarlamentaria izateko aukera errealak» daudela jarri dute balioan. «EH Baik sekulako potentziala ikusten dio balizko urrats horri, Ipar Euskal Herriko eragileekin harremanak sakondu eta bertako interesak zein beharrak defendatzeko euskal hautetsi bat izanen baitugu Europan», esan dute, eta elkarrekin aritzeko bide bezala, hauteskunde hauetan Oier Imaz EH Baiko kidea EH Bilduren zerrendan aurkeztuko dela iragarri dute.

Bigarren ardatza Europan eta Estatu frantsesean «indartzen ari den eskuin muturraren eta bere idenen aitzinean eramanen duguna da», esan dute. Eskuin muturraren «harresi» gisa jokatuko dutela esan dute.

Hitza harturik, EH Bilduko Pernando Barrenak EH Bairen erabakia «onartu eta errespetatu» egiten dutela eta Ipar Euskal Herriko herritarren arazo eta kezkak Europako Parlamentura eramateko konpromisoa beregain hartzen dutela ziurtatu du: «Euskal Herriari bere osotasunean erantzungo diogu eta zazpi herrialdeak buruan lan egingo dugu Europan legegintzaldi osoan behar»

«Europar hauteskundeetan, baietz EH Bildu Euskal Herriko lehenengo indar politikoa izan. Erronka hori jarri diogu gure buruari eta ziur gaude helburu lorgarria dela daramagun goranzko joeraren baitan. Guztion bultzadarekin, jarraituko dugu erakusten Herrien Europaren ideiak bat egiten duela Europar eraikuntzaren oinarri diren demokrazia, bakea eta aniztasunaren errespetuarekin», esan du.

Bere lehentasuna berretsi du EH Bilduko hautagaiak: «Faxismoari aurre egin behar zaio leku guztietan eta guk hori oso argi dugu. Euskal Herria antifaxistaren ahotsa izango gara Europan. Faxismoari geldiarazten ez badiogu, faxismoari aurre egiten ez badiogu, faxismoak akabatu egingo dituelako gure gure herria eta gure etorkizuna. Faxismoa gelditu ezean, gure nortasuna, gure kultura, gure hizkuntza eta gure ametsak eramango dituelako aurretik».