INFO

Idurre Bideguren: «Ultraeskuina gelditzeko bidea demokrazian sakontzea da»

Galdakaoko bonbardaketaren 87. urteurrena gogoratu du igande honetan EH Bilduk, Tximelarreko babeslekura bisita eginez. EH Bilduko senatari Idurre Bidegurenek Europan ultraeskuina gelditzeko bidea «eskubideetan eta demokrazian sakontzea» dela esan du bertan.

EH Bilduko senatari Idurre Bideguren, Galdakaon. (EH BILDU)

Galdakaoko bonbardakearen 87. urteurrenean, udalerrian berreskuratu duten Tximelarreko babeslekuan izan da EH Bildu. «Gaur egun berezia da Galdakaon eta Euskal Herri osoan, duela 87 urte gertatu zen bonbardaketaren biktimak gogoratzen baititugu. Tximelarreko babesleku honetara etorri gara, Galdakaoko herritarrak Alemaniako abiazio faxistak jaurtitako bonbetatik babestera etorri ziren lekura», ekarri du gogora Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea alboan zuela.

Ordutik ia bederatzi hamarkada igaro badira ere, «gauza batzuk denboran errepikatu» egiten direla ohartarazi du Bidegurenek eta, hala, Europan «geroz eta ozenago» entzuten diren «gerra-hotsei» eta «diskurtso militaristei» egin die erreferentzia: «Ultraeskuindarrek beren eragin-boterea handitzen jarraitzen dute Europan, eta horrek kezkatzen gaitu EH Bilduko jendea, horrek eskubide nazional eta sozialetan eragin ditzakeen murrizketengatik», ziurtatu du.

Ekainaren 9ko Europar Parlamenturako hauteskundeak testuinguru horretan egingo direla ekarri du gogora EH Bilduko senatariak, eta egun horretan euskal herritarrek Europari «mezu argia» bidali behar diotela iritzi du: «Bakean dagoen Europa eta mundu batean bizi nahi dugu, eta ultraeskuindarrak geldiarazi behar dira, eskubideetan aurrera eginez eta demokrazian sakonduz. Eta horrek Euskal Herrian EH Bilduri babesa ematea esan nahi du», jarri du azpimarra.

Europako hauteskundeetara ERCrekin eta BNGrekin batera aurkeztuko den euskal ezker subiranistak bakearen defentsan «lan nekaezina egiteko konpromisoa» hartzen duela ziurtatu du, baita «ultraeskuina Europako testuinguruan ere geldiarazteko bermerik onena» dela ere. «Bakean aurrera egiteko unea da; ultraeskuindarren gorakada gelditzeko unea da. EH Bilduren garaia da», amaitu du.