INFO

Autoritateak.eus, pertsona-izenen autoritateak euskaraz bateratzeko tresna

Euskal autoreen erreferentziak irizpide komun, normalizatu eta bateratuan jasotzeko proiektua martxan dago autoritateak.eus atarian. Euskal Liburutegi nazional baten faltan, Eusko Ikaskuntzak Euskal Autoritateen lantaldearekin batera sortutako proiektua aurkeztu dute astelehen honetan.

Idoia Sobrino eta Ana Urkiza euskal autoritateen inguruko proiektua aurkezten. (Maialen Andres | FOKU)

Euskaratik euskal bibliografian dauden autoritateen zerrenda bateratu bat sortzea helburu duen proiektua indartzeko hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Autoritateen lantaldeak. Autoritateak.eus ataria izan da hitzarmenaren bidez sortutako tresna, eta euskarazko pertsona-izenen autoritate arautuak eta bateratuak ditu ikusgai, liburutegiek, komunikabidee eta toki-entitateek eskura izan ditzaten.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu duenez orain arte euskaraz ez zegoen «irizpide komun, normalizatu eta bateraturik, nazioarteko irizpideekin bat eginez», behar hori dela eta sortu omen zen Euskal Autoritateen lantaldearen proiektua. Eusko Ikaskuntzak «beharrezko azpiegitura teknologikoa» eman dio proiektuari «kudeaketa plataforma sortzeko», autore guztiek fitxak bateratuko dituen webgunea, alegia.

Idoia Sobrino Euskal Autoritateen lantaldeko kidea da, eta hutsune bat atzemanda 2017an euskal autoritateak normalizatzeko proiektua abiatu zutela kontatu du. «Autoritateen zerrenda gaurdaino ez da euskaratik sortua, irizpide propioen baitan», azaldu du, eta argitu du beste herrialdeetan liburutegi nazionalek egiten dutela lan hori, baina liburutegi nazional horren faltan, beraien lan taldea hasi zela hutsune horri aurre egin nahian.

Euskalgintzan «mugarria» izango da proiektu hau Sobrinoren aburuz. Eta Urkizaren ustez herri ikuspegia bultzatzen duen proiektua da, «interes orokorrerako sarbidea erraztuko duena eta Euskal Herriko zazpi herrialdeak zein diaspora kontutan hartuko dituena».

Euskal Herria ardatz

Zailtasun erantsi bat du euskal autoreak normalizatzeak Sobrinok azaldu duenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako autoreak lurralde bakoitzean ezberdin jasotzen zirela orain arte. Zentzu horretan kontatu du, Eusko Jaurlaritzaren bibliografian Baionako Euskal Museoko autoreak ez direla ageri, edota alderantziz. Beraiek ikuspegi bateratua emateko ahalgina egin dute. «Tresna erabilgarria sortu nahi izan dugu ipar zein hego Euskal Herrirako», zehaztu du Sobrinok.

Euskal autoritateak «normalizatzeak» zer esan nahi duen argitu du lehendabizi: «Hizkuntza batean aritzerakoan mundu guztiak modu berean erabiltzea esan nahi du normalizatzeak, hizkuntza horretan nola izendatu zehaztu behar da, hizkuntza bakoitzean ezberdin egiten delako». Euskaraz ez zegoen normalizazioaren lan hori eginda, eta horretan dihardute, eta webgunearen bidez eskuragarri jarri nahi izan dute egindako lana. Hartzaileak oro har, profesionalak direla adierazi dute, baina komunikabideentzat zein toki-entitateetarako ere baliagarria izango dela aurreratu dute.

Momentuz, «euskal bibliografia» jasotzen ari direla gaineratu du Sobrinok. Batetik, Euskal Herrian argitaratu edota ekoitzitako autoreekin ari dira lanean, «edozein hizkuntzatan edota edozein gairen inguruan». Eta bestteik, nazioartean euskaraz idatzitako edota euskal kulturaren inguruan idatzitako autoreak ari dira biltzen.

Arau orokorretik, izendapen zehatzera

Autoritateak bateratzeko lan taldean 17 kide elkartzen dira hilean behin Sobrinok kontatutakoaren arabera. Lehendabizi autoritate bakoitzaren txostena sortzen dute, egile bakoitzaren aipamoldeak zeintzuk izan diren, berak zein forma erabili izan duen bere idatziak sinatzeko, bere heriotzaren ondoren izendatutako forma zein izan den eta egungo erreferentzietan nola agertzen den jasotzen duen fitxa osatzen dute.

Horiek begiratuta, euskaraz nola estandarizatu erabakitzen dute, horretarako, Euskaltzaindiaren arau orokorrak hartzen dituzte kontutan, «trasbase bat egin behar da ordea, arau orokorretik pertsona zehatzetara igarotzeko», azaldu du Sobrinok. Eta adibide gisa Pio Baroja, jarri du: «Euskaltzaindiaren arau orokorra jarraituz, ‘Pio Baroxa’ erabili beharko genuke, baina nola jaso izan den begiratutakoan, ez dugu ikusi inoiz ‘Baroxa’ erabili zenik. Gainera, izen handiko autore bat izanik eta bere autoritatea asko erabili dela ikusirik, eta beti ‘Baroja’ bezala, salbuespena egitea erabaki genuen. Baina salbuespen bakoitza zergatik egin den azaldu behar da».

Autoritatearen fitxa osatuta, hiru multzotan banatzen dituzte, 1900 baino lehen zendutakoak, «klasikoak», 1900-1978 bitarte zendutakoak, eta 1978az geroztik idatzi dutenak, «garaikideak». Fitxak osatuta, autoritateak.eus atarira igotzen ari dira orain, Eusko Ikaskuntzak emandako laguntzarekin. Izan ere, Eusko Autoritateen lantaldeak jada 500 fitxa adostuta baditu ere, momentu honetan webgunean 134 daude eskuragarri. «Ia 500 autoritate ditugu estandarizatuak, eta hitzarmen honen bidez ari gara tresnan sartzen», azaldu du taldekideak. Udararako guztiak sartuak izatea aurreikusten dute, eta hilabeteroko bileretan gutxi gora behera 10 autoritatea onartzea.

Fitxa bakoitzean, autore bakoitzarentzat baztertutako eta onartutako estandarizazioa jasotzen da, autore horren informazio iturri guztiak, eta bere Wikidatako fitxa. Erabilgarritasunera jota, Sobrinok azaldu du beraiek autoritateen zerrenda egiten dutela, eta ondoren, liburutegi bakoitzak bere autoitate-katalogoa osatzen duela, «gure zerrenda kontutan hartuta, entitateek aplikatu behar dute forma estandarizatuan». Lan honek bere isla izan dezake kale izendegiak egiterakoan edota komunikabideetan autoreen izenak erabiltzerakoan, proiektuko kideen ustez.