Final «handia» izan daitekeen traza baino ez diote hartzen txapeldunek
Sondikan bildu direnetako hiruk –Jakak, Elordik eta Irribarriak– Jokin Altuna ikusten dute faborito Buruz Buruko finalean; beste hiruk –Bengoetxea VI.ak, Gorostizak eta Eugik–, Unai Laso. Atano X.ena, Ladis Galarza, Urrutikoetxea eta Olaizola ez dira busti.
Dakitenei galdetzea bezalakorik ez omen da ikasteko, eta Jokin Altuna eta Unai Lasoren arteko finala nondik nora joan daitekeen asmatu nahian hurbildu gara Buruz Buruko txapelketako txapeldunek urtero egin ohi duten hitzordura. Ez dakigu aurten lehen aldiz finalistak bertan zirelako, edo benetan traza handirik hartu ez diotelako, gutxi izan dira busti zirenak; hiru, Aspekoaren alde –Jaka, Elordi eta Irribarria– eta beste hiru –Bengoetxea VI.a, Gorostiza eta Eugi–, Baikokoaren alde, baina denak ere zalantza handiekin. Iritzi antzekoagoa agertu dute, ordea, finala, egungo bi izar handienak tartean direla-eta, handia izan daitekeela esatean, eta bat datoz ere beste honetan: bi pilotari hauek berak, pilotaleku berean, duela hilabete jokatutako partidaren antzik ez duela izango.
«Nik Lasoren alde esango dut, baina orain hiru aste irratian Unai txapeldun izango zela esan nuelako eta ez naiz orain aldatzen hasiko, baina Jokin ere une bikainean da eta aurrekoan Artolaren aurka sekulako erakustaldia eman zuen», aitortu digu porran 22-20koa jarri duen Oinatz Bengoetxeak.
Emaitza bera, baina gorri, eman digu Erik Jakak. «Ez dut batere argi ikusten, baina agian, Jokini txapelketa berean bi aldiz irabazteak duen zailtasunagatik, bere alde egingo dut, 22-20», azaldu du lizartzarrak.
«Denok ikusi nahi genuen finala da. Oso orekatua ikusten dut eta, agian, pixka bat Unai Laso ikusten dut faborito, batez ere, orain arte erakutsi duen erregulartasunagatik. Kolpearekin dago, sakearekin mina egiten du, oldarkorra da eta errematean asmatzen ari da. Jokin behetik gora dator, partida batzuk oso pilotaria izateagatik atera zituen aurrera, baina finalerdietan bere bertsio onena atera zuen», adierazi du 22-17ko emaitza –denetan alderik handienekoa– eman digun Patxi Eugik.
«Bere ibilbidea eta jokatu dituen finalak ikusita, Jokini jarriko nioke faborito txartela. Altuna III.ak ez du oraindik bere partidarik onena jokatu. Alde horretatik, Laso hobeto heldu da, lasaiago, ondo jokatu du eta indartsuago egon daiteke, baina final batean urduritasunak pisu handia izan dezake», aipatu du bi aldiz txapeldun izandako Iker Irribarria aramarrak.
«Ligaxka sistematik gutxien gustatzen zaidana da partida hau aurretik jokatu dutela. Beti askoz erakargarriagoa da aurretik jokatu ez den partida bat. Jende askok pentsatuko du lehen partida horrek erreferentzia bezala balio duela, baina ez du ezertarako balio. Biek egin dute gora eta partida oso berdindua ikusten dut», azaldu du Ladis Galarzak, busti ez denetako batek.
Olaizola, zuhur
Besteek ez duten ardura bat izango du Aimar Olaizolak, finalistetako baten, Unai Lasoren, prestatzailea ere badelako goizuetarra; hala ere, bera ere busti ez den horietako bat izan da. «Final irekia ikusten dut, gaur egungo bi pilotaririk onenak lehiatuko diren partida bat. Aurretik jokatu dituzten partidek sailkatzeko balio dute, baina ez finalaren egunerako», azaldu zuen.
«Hasiera batean, izan zitekeen finalik handiena da, baina gero zaila izaten da egun horretan dena nahi bezala irtetea. Pertsonak direla kontuan izan behar dugu eta presio handia egoten da».