INFO

Kendra Chery da Lointek Gernika Bizkaiaren aurreneko fitxaketa 2024/25 denboraldiari begira

23 urte betetzear da 1,85 metro neurtzen duen hegaleko frantsesa. Azken lau urteetan Basket Landesen aritu da eta Euroliga ezagutzeaz gain, Munduko Txapelketa jokatzea ere zer den badaki. Itziar Ariztimuñorekin batera, bera da talde bizkaitarrak datorren sasoirako lotu duen bigarren jokalaria.

Kendra Chery, gernikarren fitxaketa berria. (@LOINTEK GERNIKA)

Kendra Chery jokalari frantsesa Lointek Gernika Bizkaiaren lehen fitxaketa 2024/25 denboraldiari begira. Guadalupen jaiotako hegaleko gaztea –uztailaren 16an 23 urte beteko ditu– Landes taldetik dator eta amaitu berri den sasoian 8,3 puntu y 5,1 errebote lortu ditu bataz beste Frantziako Ligan, eta 6,2 puntu y 4,4 errebote, berriz, Euroligan.

Cheryk 1,85 metro neurtzen du eta Estatu frantseseko selekzioarekin jokatu zuen 2022ko Munduko Txapelketa. Azken lau denboraldietan Landesen aritu eta gero, Gernikakoa bere lehen esperientzia izango da Estatu frantsesetik kanpo. Gauzak horrela, Kendra Chery Lointek Gernika Bizkaiak 2024/25 denboraldirako lotzen duen bigarren jokalaria da, Itziar Ariztimuño antolatzaileari kontratua luzatu ostean.

Chery «gogo handiarekin» dago Gernikan eta Malosten jokatzeko, eta batez ere arerio indartsuenen aurka aritzeko. Bere hitzetan «ilusio berezia eragiten» dio Kopa jokatu ahal izateak. «Klubak eta biok erraz ulertu dugu elkar. Balore berak defendatzen ditugu, eguneroko lanaren bidez emaitzak eta hobekuntzak etortzen direla, alegia. Nire taldekide berriak eta zaleak ezagutzeko gogo handia daukat», gaineratu du hegaleko frantsesak.

Lucas Fernandez entrenatzailearen aburuz, berriz, Cheryk Lointek Gernika Bizkaian jokatzeko erakutsi duen gogoa nabarmendu du. «Kalitate fisiko handia duen jokalaria da, bere indarra erabiltzen du kantxaren bi aldeetan. Horrez gain, hobetzeko eta ikasteko gogo handia dauka eta bide horretatik jarraitu nahiko genuke hurrengo sasoiko taldea eratzeko orduan», iritzi dio Fernandezek.