Eskuin-muturrak euskal paisaian tokirik ez duela adierazteko kanpaina Ipar Euskal Herrian
Euskal Herria Bairen izenarekin boto-paperik ez da izanen europar hauteskundeetan. Alta, tamainako erronkak daudela aintzat hartuta, kanpaina aktiboa egiteko hautua egin du alderdiak. Eskuin-muturrak tokirik ez duela Ipar Euskal Herrian adierazteko afixak prestatu dituzte.
Jordan Bardella buru duen Rassemblement Nationaleko (RN) hautagaitza da frantziar eskuin-muturrak ekainaren 9an duela bost urte lortu zuen garaipena berresteko aposturik sendoena.
Izan ere, boz horiek dituzten berezitasunak baliatuta, migrazioaren aurkako mezuak eta oro har «frantziar herritarren lehentasuna» defendatzen duten beste hainbat arderdi eta hautagai lehiatuko dira Bruselan eserleku bat lortzeko.
Izan ere, Eric Zemmourren sostengua duen Marion Marechal Le Pen eurodiputatua buru duen Reconquete mugimenduaren eta garaian Fronte Nazionalaren buruzagia izan ondoren Les Patriotes alderdia sortu zuen Florien Philippoten hautagaitzak hor daude.
Inkestek adierazten dutenari so eginez gero, RNren garaipena zapuztea ez da lan erreza izanen. Egoera horretan, Emmanuel Macronek bere hautua egin du, horretan ere. Presidentzarako bozetan bi aldiz garaitu zuela Marine Le Pen oroitarazi nahi du Macronek.
Kanpaina atarian, Gabriel Attal lehen ministroak Jordan Bardellari aurre egin zion telebista eztabaida batean, nahiz era Eliseoko burua europar bozetarako hautagai ez izan.
Audientziaren bila, hainbat frantziar hedabidek sustatu duten hauteskunde kanpainaren sinplifikazioari laguntza emanez, Marine Le Penekin buruz-buru egiteko borondatea agertu du frantziar presidenteak, eskaintza politikoak ezabatzeko estrategia aplikatuz gainera.
Mezu propioak Estatu mailan jokatzen den kanpainan
Ipar Euskal Herrian, ordea, beste ezabaketa operazioa eman dute matxan europar bozen karietara.
Hala, kanpainaren lehenengo asteburuan eskuin-muturraren proposamenek tokirik ez dutela Ipar Euskal Herrian adierazi dute, kolaketa berezi baten bidez, EH Baiko militanteek.
Besteak beste, ‘Euskal Herriak eskuin-muturrari ez!’ leloa duten afixak edota EH Bilduk eta EH Baik kanpaina honetan partekatuko duten mezua –‘Nazioa Gara. Construisons notre avenir’– jasotzen duteen kartelak baliatu dituzte horretarako.
Horrekin batera, bide eta errepide askotan banderolak jarri dituzte.
Ekainaren 5ean kanpaina ekitaldi nagusia eginen du EH Baik. Bukatu berri den legealdian Bruselan eurodiputatu gisa jardun duen Pernando Barrena izanen da ekitaldi horretan.
Bi Estatuek barruti bakarraren bidez antolatzen dituzten bozetan euskal herritarrek pairatzen dituzten mugak «nazio gisa agertzeko» salatzearekin batera, Euskal Herria Bilduk eta Euskal Herria Baik, oztopoz oztopo, hautagaitza amankomuna proposatuko dute europar bozetan.