INFO

This browser does not support the video element.

Kilian Jorneten hamaikagarren txapela eta Malen Osaren bigarren postu historikoa

Hamaikagarren txapela lortu du Kilian Jornet kataluniarrak Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Nagusitasunez garaitu da, baina ez du errekorrik lortu. Sylvia Nordskar norvegiarra izan da emakumeen artean txapela lortu duena.

Zegama-Aizkorriko lehen bost sailkatuak, Kilian Jornet irabazlea guztien erdian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Gozatu ederra hartu dute Zegamako helmugan pilatu zen jende andanak, lehendabizi Kilian Jornet kataluniarra helmuga marrara, bakarrik, nagusitasun osoa berretsiz, gerturatzen ikustean eta ondoren, Malen Osa, ikurrina eta guzti, bigarren postuan helmugaratzen zela jabetzean. Oñatiar gazteak –duela bi urte Golden Trail Series irabazi zuen Open kategorian–, azken urteetan ematen ari den goranzko ibilbideari beste zigilu ba erantsi dio, ez baita lorpen makala Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuan bigarren bukatzea, are eta bere lehen aldia izanda. Duela bi urte bere lagun eta lehiakide Sara Alonsok bukatu zuen hirugarren –orduan ere ezustekoa emanda– baina donostiarra, faboritoen artean kokatzen zena, ez da irteera lerroan egon gaixotasun baten ondotik.

Hutsik egin ez duena eta pronostiko guztiak bete dituena Kilian Jornet izan da. Iaz ez zen Zegamako irteera lerroan egon eta aurten gogotsu itzultzen zela aitortu zuen bezperan. Noski, ez zetorren paseora, irabaztera baizik, bere hamaikagarren garaipena eskuratu eta ahal izanez gero, errekor berria ezartzera ere. Berea da lasterketako denbora onena, 2022koa, 3 ordu 36 minutu eta 40 segundokoa. Aurten, bi minutu gehiago behar izan ditu.

Lasterketa abiatu zenetik, marka berria ezarri zezakeela zirudien, hasierako kontrol eremuetan bere denborarik onenak hobetzen baitzioan. Erritmo iraunkor eta bizia ezarri du kataluniarrak lasterketa osoan zehar. Kevin Kibet eta Robert Pkemoi keniarrak eta Elhousine Elazzaoui marokoarrak gertutik jarraitzeko esfortzua egin dute lasterketaren erdialdera arte baina sekula ez dira izan mehatxu errealak Jornet gainditzeko.

Iaz ez bezala –lokatza, txingorra eta tenperatu hotzak markatu zuten lasterketa–, aurtengo eguraldia samurragoa izan da baina, hala eta guztiz ere, Jornetek ziurtatu nahi izan du jaitsiera oro, erorikoak saihestu asmoz. Horrek oztopatu dio errekorra ezartzea baina, era berean, horrek eraman dio garaipenera, bere hamaikagarrena. Elhousine Elazzaoui marokoarrak eta Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak osatu dute podiuma. Euskaldunen artean, Aritz Egea izan da lehendabizikoa eta beteranoen artean azkarrena.

«Benetan maite dut giroa», zioen katalanak lasterketa hasi aurreko orduetan eta berarentzat deskribaezinak diren paraje ederrak dituela nabarmendu zuen. Liluratuta dago Jornet Zegama-Aizkorrirekin eta Euskal Herriko mendi lasterkari eta zaleen aldetik ere erabatekoa da miresmena. 2007. urtean irabazi zuen lehen aldiz, 18 urte besterik ez zituela. Ordutik, sona handia hartu du Jornetek, mota guztietako errekorrak ezarrita eta ingurumenaren aldeko kontzientziaren aldarria bere eginda. «Gaur egun lasterketa nazioartekoagoa da korrikalarien mailan, baina bere esentziari eusten dio, antolatzen duen herriko jendearen lasterketa izaten jarraitzen du, eta hori gauza bakarra da», adierazi du hamaikagarren garaipena erdietsi berritan.

Debuta eta zilarra

Are zoriontsuago ageri zen helmuga marran Malen Osa, bere lehendabiziko Zegama-Aizkorrin bigarren postu historikoa lortuta. Gainera, distantzia honetan (42 kilometro) aritzen zen bere lehen aldia zen baita ere. Bere aurretik Sylvia Nordskar norvegiarra iritsi da, sei minutu lehenago. Atabarreran (13,5. kilometroan) lasterketaren buruan jarri zenetik, proba guztia menderatu du: «Ametsa zen lasterketa handi honetan irabazi ahal izatea. Oso lasterketa berezia da, energia ikaragarria du, paregabea, kutsatu eta garraiatzen zaituena. Azkarragoa izan naiz. Ez dut sinisten».

Emakumezkoen probako podiuma, ezkerretik eskuinera: Malen Osa, Sylvia Nordskar eta Marta Martinez. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Etxean aritu eta bigarren postu bikain bat lortuta, pozarren bukatu du Malen Osa oñatiarrak. Lasterketako ingurumaria oso ezaguna du –askotan entrenatu izan du leku horietan– eta zaleen gertutasuna ere sentitu du. «Pribilegiatua» dela esan zdu, bigarren bukatzea berarentzat ere ezusteko izan zela baieztatuz: «Nire lasterketa egitera irten naiz, kostatu egin zait aurreko korrikalariak harrapatzea, baina jada gailurrean, nire erosotasun eremuan, pasatu ahal izan ditut. Nire lehen podiuma da hemen eta nire familiari eta beti laguntzen didan jendeari eskaini nahi diot».

Gizonezkoetan
1.a: Kilian Jornet 3:38:07
2.a: Elhousine Elazzaoui  3:46:16
3.a: Bartlomiej Przedwojewski  3:46:54
4.a: Luca del Pero 3:47:25
5.a: Manuel Merillas  3:47:42

Emakumezkoetan
1.a: Sylvia Nordskar 4:29:12
2.a: Malen Osa 4:35:19
3.a: Marta Martinez 4:35:39
4.a: Theres Leboeuf 4:36:16
5.a: Lide Urrestarazu 4:37:20