INFO

Annette Gonzalez Etxabarri txapeldun Marokon, Europako Junior txapelketan

Iaz Europako Junior txapela jantzi zuen 17 urteko zumaiarrak Marokon egindako itzuliko lehen txapelketa irabazi du. Sarah Leiceaga urruñarrak, ostera, hirugarren postua eskuratu du. Mutilen kategorian Noa Dupouy frantziarra izan da irabazlea.

Annette Gonzalez Etxabarri, bizkarkako bira indartsua egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Bigarren urtez jarraian Europako Junior zirkuituari hasiera ematen dion Marokoko txapelketa Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak irabazi zuen eta, horrela, 20 urtez azpiko rankingean lehen postuan jarri zen. Euskal ordezkaritza zabala izan zen maiatzaren 25ean amaitu zen Marokoko txapelketan, eta haietako batzuek emaitza oso onak lortu zituzten, batez ere nesken kategorian. Mutilen kategorian Noa Dupouy Landetako surflaria nagusitu zen.

Guztira 128 mutil eta 40 neska lehiatu ziren Casablancako hondartza batean egin zen txapelketan. Mutilen kategorian batez besteko adina 20 urtera hurbiltzen zen, baina nesken kategorian parte hartu zuten surflari batzuen gaztetasuna azpimarragarria izan zen. Hiru egunetan egin zuten 20 urtez azpiko lehiakideak biltzen dituen txapelketa, eta metro bateko olatu politak izan ziren.

Hima-Maria Conrad, Reunion Uhartean sortu eta egun Biarritzen bizi den 20 urteko surflariak bigarren postua eskuratu zuen nesken kategorian. Sarah Leiceaga, 19 urteko urruñarra hirugarren tokian geratu zen. Eta Clemence Schorsch, Landetan bizi den 15 urteko surflariak laugarren postua lortu zuen.

Paco Alonzo, 18 urteko girondarra izan zen mutilen kategorian bigarren postua eskuratu zuen lehiakidea. Hirugarren tokian, berriz, 18 urteko Francisco Ordonhas portugaldarra geratu zen. Eta laugarrena Nicolas Paulet izan zen, 19 urteko biarriztarra. Pauletek irabazi zuen iazko zirkuitua.

Sarah Leiceaga urruñarra, finalean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Marokoko txapelketarekin 2024ko Europako Junior rankinga ireki da. Beraz, itzuliko lehen txapelketan lehiakideek lortu dituzten emaitzen arabera sailkatu dira rankingean. Hurrengo txapelketa Galiziako Razo hondartzan izango da, irailaren 25 eta 28 bitarte. Dirudienez, bi txapelketa hauek bakarrik osatuko dute aurtengo Junior zirkuitua. WSL erakundeak ez du beste lehiaketarik iragarri. Horregatik, lehiakide bakoitzak Marokon eskuratutako emaitza oso garrantzitsua zen.
 
Euskal ordezkaritza

Azken urteetan emaitza oso onak lortu dituzte euskal surflariek Junior kategorian, mutilen zein nesken mailan. Iaz Annette Gonzalez Etxabarri eta Nicolas Paulet izan ziren txapeldunak, biak euskal hiritarrak. 2022an Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Bitor Garitaonandia debarra izan ziren Europako txapeldunak. 2021ean Janire Gonzalez Etxabarri eta Adur Amatriain zarauztarra izan ziren garaileak. Eta urtebete lehenago, Janirek lehen aldiz jantzi zuen Europako Junior txapela; soilik 15 urte zituen zumaiarrak orduan.

Sekulakoa da Zumaiako bi ahizpak egiten ari diren ibilbidea. Annettek 17 urte besterik ez ditu eta jada Europako txapeldun izendatu zuten iaz, eta aurten ere errepikatzeko aukera izan dezake, eta horrela ez bada, beste hiru urte ditu oraindik Junior kategorian lehiatzeko. Bere ahizpak, ostera, hiru bider irabazi du Europako Junior txapela eta iaz bigarren geratu zen, bere ahizparen atzetik. Janirek 19 urte ditu; ondorioz, beste urte bat du oraindik 20 urtez azpiko kategorian lehiatzeko.

Ordea, Janire jada beste maila batean dago. Egun ez da lehiatzen, lesio batetik sendatzen ari delako, baina Nadia Erostarberekin batera aurtengo Challenger Series zirkuituan lehiatu ahal izateko plaza ziur bat eskuratu zuen lehiakide bakanetakoa da Europan.

Txapelketa bakar batek ez du balio argazki orokorra egiteko, baina Marokon lehiatu ziren euskal surflarien artean, Annetterekin batera, norbait nabarmendu bazen, hori Keoni Lasa izan zen; ekainean 18 urte egingo dituen zarauztarrak indarra eta maila altua  erakutsi zituen eta final erdietara iritsi zen.

Neskak nagusi, CT itzuliko seigarren lehiaketan

Ikusmina sortzen duen Teahupooko txapelketa indarrean da eta, orain arte, neskak izan dira protagonistak. Datozen orduetan amaituko den CT itzuliko seigarren txapelketan itzelezko ikuskizuna eskaintzen ari dira neskak. Kontuan hartu behar da neskak aurrenko aldiz 2022an lehiatu zirela lehen mailako Tahitiko olatu indartsuan, ordura arte haientzat zailegia zela iritzi baitzioten WSLko arduradunek.

Vahine Fierro polinesiarra, tuboan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Sasoi erdian egiten den «mozketa» osteko lehen txapelketa da Tahitikoa. Beraz, lehiakide kopurua erdira jaitsi da. Aurrerantzean 24 mutil eta 12 neska bakarrik lehiatuko dira, irailean Trestlesen egingo den Final Handirako sailkatzeko. Kaliforniako urautsi famatuan egingo den finalean soilik 5 neska eta 5 mutil izango dira eta haien artean erabakiko dira 2024ko txapeldunak. Gainontzekoak jada hurrengo urtean lehen mailan egoteko sailkatuak dira, sasoi erdiko «mozketa» gainditzea lortu baitute.

Ikuskizun ederra

Mutilak tuboak egiten ikustera ohituta daude ikusleak, baina azken egunetan Tehaupoon neskak erakusten ari diren maila inoiz ez bezalakoa da. Munduko olatu zailetan arriskutsuenetako batean tuboak bata bestearen atzetik egiten ari dira.

Bi adibide jartzearren, Sawyer Lindblad, 18 urteko estatubatuarrak olatu bakarra hartu zuen lehen txandan, baina 9,43 puntuko tuboa egin zuen. Vahine Fierro tahitiarrak, ostera, 9,33 puntu jaso zituen tubo ederra egin zuen.

Mutilen txandetan zorrotzagoak izan ziren epaileak, baina inork ez zuen lortu Lindblad edo Fierrok adina puntu. Ryan Callinan australiarra izan zen aurpegiz egindako tubo batekin puntu gehien jaso zituena. Epaileek 9,10 punturekin saritu zuten. Mutilen kategorian puntu gehien bildu zituen olatua egin zuena Kanoa Igarashi izan zen. 8,17 puntu bildu zituen bizkarkako tubo garbi batekin.

Orain arte mutilen erronda bakarra eta nesken bi erronda jokatu dira. Maiatzaren 25ean itsasoratu ziren eta ordutik geldialdian dira, baina gehienez maiatzaren 31 arte luza daiteke itxaronaldi epea. Euskal Herria eta Polinesia frantsesaren artean 12 orduko aldea dago; beraz, gaur arratsaldean edo gauean jakinaraziko dute txandekin jarraituko duten edo itsaski sendoagoen zain egongo diren.

Teahupoko txapelketaren ostean, El Salvadorren egingo da CT zirkuituko zazpigarren txapelketa, ekainaren 6 eta 15 bitartean.