EAEko langile publikoen enplegua eta soldatak «hemen erabaki» daitezen eskatu dute sindikatuek
ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte astelehen honetan Eudelek eta Lakuako Gobernuak Bilbon dituzten egoitzen aurrean langile publikoen enplegua eta soldatak «hemen erabaki» daitezela eskatzeko.
ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon astelehen honetan, lehenengo Eudelen egoitzaren aurrean eta ondoren Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean.
Elkarretaratzeetan sindikatuek salatu dute EAEko erakundeek «Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaorde gisa» funtzionatzen dutela azken urteetan, eta «horrek ondorio larriak ekarri ditu langile publikoen lan eta bizi baldintzetan, baita herritarrek jasotzen duten zerbitzu publikoen kalitatean ere».
Hori horrela, sindikatuek euskal erakundeei eskatu diete autogobernua eta eskumenak defenda ditzatela, «zerbitzu publikoak indartu eta langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabakitzeko pausoak eman ditzatela».
Gogoratu dutenez, azken astean sektore pribatuan Hego Euskal Herriko hitzarmenek lehentasuna izateko pauso garrantzitsuak eman dira, eta halako pausoak ere sektore publikoan emateko eskatu dute sindikatuek, «langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko eta erabakitzeko».
Bilera Podemos-Ahal Dugu alderdiarekin
Bide horretan, joan den astean alderdi politikoekin hasitako errondarekin jarraitzeko, astelehen honetan Podemos-Ahal Dugu alderdiarekin bildu dira sindikatuak.
Aldez aurretik beste alderdi politikoekin egin bezala, sindikatuek 8/2023 lege-proiektuari proposatutako emendakina aurkeztu diote eta eskatu diote euren botoak erabil ditzatela Kongresuan «Madrilek ezartzen duen betoarekin amaitzeko».
Azkenik, sindikatuek berretsi dute helburu horiek lortu arte borrokatzen jarraituko dutela.