INFO

Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatuko du Araba Euskarazek ekainaren 16an

Oiongo San Bizente ikastolari laguntzeko ospatuko da aurtengo Araba Euskaraz Olarizun, ekainaren 16an. Urte osoko lanaren ostean, bereziki familiartean baina lagunekin ere ospatzeko egitaraua prestatu dute. Eh, Mertxe!, Akerbeltz eta Ibil Bedi taldeek, besteak beste, kontzertu bana eskainiko dute

Asteazken honetan egin dute ekainaren 16an ospatuko den Araba Euskaraz jaiaren aurkezpena. (FOKU)

Kontzertuz, ikuskisunez, jolasez eta jokoz jositako egitarauak Olarizu hartuko du ekainaren 16an, aurtengo Araba Euskaraz jaiarekin. Oiongo San Bizente ikastolari laguntzeko prestatu da, bide batez, euskararen erabilera Arabar Errioxan aldarrikatu eta bultzatzeko.

Asteazken honetan egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez, batez ere haur, nerabe eta gaztetxoentzako egitaraua ondu dute, familiarekin bereziki baina lagunartean ere disfrutatzeko pentsatuta.

Hiru gunetan banatuko dute Olarizuko zelaia. Lautada izenekoan, Armentia ikastolaren eskutik Go!azen-en karaokea izango da. Arabako ikastoletako ikasleek, bestalde ‘Mugaezin Txoua!’ eskainiko dute, eta Dantza Plaza eta Zunba ere izango dira gune honetan. Tailer eta jolasei dagokienez, Berriaren txokoa, Argitxoren txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea bertan kokatuko dira.

Mendia gunean ‘Dantza mugaezin’ euskal dantzen topaketa egingo da, Arabako Bertsozale Elkarteak prestatutako ‘Bertsotan’ saioarekin batera. Kontzertuetako batzuk ere bertan eskainiko dituzte Akerbeltz erromeriak eta aurtengo kanta konposatu duen Eh, Mertxe! taldeak. Haurren basoa, umeentzako txokoa eta Kaikuren ‘Abestu, Dantzatu eta Sortu’ tailerra ere gune horretan egongo dira.

Erreka izenekoan Maria Arandiaren ‘Magia eta mirariak familian’ ikuskizuna egingo da, baita Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta DJ Malandroren kontzertuak ere. Halaber, gune honetan egongo dira Euskaltelen bizikleta kukaña eta puzgarriak.

Egun osoan, eta gune batetik bestera, gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko Castellers-ak ibiliko dira. Arabako ikastoletako ikasleen Erronkak ere Olarizun egingo dira: Lehen Hezkuntzako ikasleak Mendia gunean arituko dira lehian, eta DBHkoak, berriz, gune guztietan. Olarizutik kanpo, Adurtza pilotalekuan, Arabako Herri Arteko Euskal Pilota txapelketako finalak jokatuko dira.

Urte «oparoa»

Aurreko urteetan bezala, Araba Euskaraz elkarlanean antolatzen duten zortzi ikastolek hainbat jarduera antolatu dituzte urte osoan zehar, eta itxiera ekainaren 16ko jaia izango da. Aurtengoa urte «oparoa» izan dela azpimarratu dute.

Urriaren 27an Oionen aurkezpen jaialdia egin zuten; abenduaren 4 eta 5ean, berriz, Gazte Talent lehiaketaren finala antolatu zuten; urtarrilaren 14an Go!azen 10 kontzertua antolatu zuten Gasteizen; otsailaren 25ean, Araba Euskaraz Euskal Pilota Topaketa ospatu zuten, Oionen. Oionen bertan Porrotx eta Marimotots izan ziren martxoaren 6an. Lau egun geroago, Non eta Mugan ekitaldiak izan ziren, Beskoitzen; apirilaren 10ean aurtengo abestia aurkeztu zuten kontzertu batekin; apirilaren 12tik 26ra bitartean, aldiz, Araba Euskaraz Masters Series zesta punta txapelketa egin zen. Maiatzean bi ikuskizun antolatu zituzten: Mugaezin jaialdia, Oionen, eta Go!azen 10 kontzertua, Amurrion.