INFO

Egoitz Urrutikoetxea erruduntzat jo arren zigorrik gabe utzi du Parisko Dei Auzitegiak

Egoitz Urrutikoetxea apirilaren 25ean epaitu zuten Parisko Dei Auzitegian. Abokatu nagusiak bi urteko kartzela zigorra gibelapenarekin eta Fijait fitxategian sartzea galdegin zuen ETAko kide izatea egotzita. Alta epaileak erruduntzat jo arren, ez dio zigorrik jarri.

Egoitz Urrutikoetxea. (Bob EDME)

Egoitz Urrutikoetxea apirilaren 25ean epaitu zuten Parisko Dei Auzitegian. Abokatu nagusiak bi urteko kartzela zigorra gibelapenarekin eta Fijait fitxategian sartzea galdegin zuen ETAko kide izatea egotzita. Alta epaileak erruduntzat jo arren, ez dio zigorrik jarri.

2015eko urrian Parisen atxilotu zutenetik, hiru auzibide ezberdin izan ditu Egoitz Urrutikoetxeak. Apirilaren 25ean izan zen hirugarrena. Zuzenbide prozeduran akatsak bazirela eta, ez zegoen argi zein epaitegiri zegokion auzia eramatea: hastapen batean Parisko Zigor Auzitegiak zigortu zuen, baina parketak dei egin ondotik, Dei Auzitegiak hartu zuen kasua.

Zigor horien aitzinean, Egoitz Urrutikoetxearen abokatuek bi epaiei, zigor auzitegikoari eta dei auzitegikoari, helegite bana ezarri zieten. Azkenean, auzibidea zerotik berrabiarazi zuen Dei Auzitegiak, instrukziora igorriz.

Hala, gaizkile taldeko kide izatea leporaturik epaitu zuten Egoitz Urrutikoetxea joan zen apirilaren 25ean Dei Auzitegian.

ETA eta espainiar Gobernuaren arteko 2005eko negoziazio prozesuaren testuinguruan iragan ziren gertakari batzuengatik epaitu zuten lapurtarra. Frantziako Vichy herrian ETArentzat etxebizitza bat alokatu izanagatik ETA erakundeko kide izatea egoitzi zioten.

ETA eta espainiar Estatuaren artean izan ziren negoziazioen testuinguruan kokatu zuen Urrutikoetxeak auzian aztertu zen pasartea.

Bigarren aldia zen gaizkile taldeko kide izatea egotzirik epaitzen zutela. 2021ean ere auzipetu zuten, 2003an eta 2005 urteen artean izandako hainbat gertakarirengatik.

Parisko Zigor Auzitegiak orduan erabaki zuen ezin zela frogatu Egoitz Urrutikoetxea ETAko kide izan zenik eta erabaki hori eraman zuten auzipetuaren bi abokatuek apirileko auzira.

Laurent Pasquet-Marinacce eta Laure Heinich abokatuek Urrutikoetxearen errugabetzea galdetu zuten. Bestalde, zigortua izanez gero, Fijait fitxategian ez sartzea eskatu zuten.

Gaur ezagutu den ebazpenaren arabera, Urrutikoetxea erruduntzat jo du epaileak. Alta ez dio zigorrik eman. Badira bi aste soilik ‘Txetx’ Etxeberri eta Beatrice-Molle bakegileen kasuan antzeko erabakia hartu zuen Auzitegi Korrekzionalak. Orduan bezala, Fijait fitxategian ez dute sartuko Egoitz Urrutikoetxearen izena.

Azken 19 uertetan bere bizitza baldintzatu duen auziaren amaiera dakarren erabakia lasaitze batekin hartu duela azaldu dio ‘Mediabask’ agerkariari lapurtarrak.

«Albiste ona da, Euskal Herrian abian den bake prozesua eta justiziaren arten izan den asinkronia agerian jartzen dun erabakia», azaldu du Urrutikoetxeak, «auziak pertsona bakar baten erronkak gainditzen dituela» gaineratuz.

«Berri ona da, batetik Egoitzentzat, eta bigarrenik, Euskal Herriak bake prozesuaren alde hartutako bidea erabaki ona zela berresten duelako», azaldu du Euskal Herria Baik sare sozialen bidez zabaldu duen mezu batean.

Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko kidea da. Herri kontseilaria Lexantzu-Zunharren, Zuberoako herria ordezkatzen du Euskal Hirigune Elkargoan.