INFO

«Eskuinarentzat suebaki bat» izango dela Europan berretsi du EH Bilduk Iruñean

Iruñean egin du EH Bilduk ostiral arratsalde honetako hauteskundeetako ekitaldia, Diana Riba Ahora Republicas-eko zerrendaburua bertan zela. Formula autoritarioen aurrean, demokrazia indartu behar dela adierazi du Arnaldo Otegik. Eta EH Bilduri zabaldu den zikloan sakondu eta egonkortzea dagokiola.

Diana Riba zerrendaburua, EH Bilduko Barrena eta Otegiren artean, Iruñeko ekitaldian. (Iñigo Uriz | Foku)

«Europa ez da aldaezina eta harresi sendoak eraiki daitezke eskuina geratzeko», hori izan da Pernando Barrena EH Bilduko Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak ostiral arratsalde honetan Iruñeako Baluarten egindako ekitaldian zabalduriko mezu nagusia.

Barrenarekin batera izan dira Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Bakartxo Ruiz Europako hauteskundeetako hautagaia. Baita Orain Errepublikak koalizioko lagunak ere, goi mallakoak: Diana Riba zerrendaburua (ERC), Montse Prado Galiziako Parlamentuko kidea (BNG) eta Ara Méseko hautagai Emma Navarro.

EH Bilduk misio argi bat duela Europan azaldu du Barrenak: «Eskuinarentzat subaki bat izango gara». Izan ere, bere ustez denon esku dago eskuin muturrari «hegalak moztea». Eskuinari ateak ixtea zer den Nafarroan badakitela gogoratu du: «Nafarroan UPN gabeko hirugarren legegintzaldia dugu, bigarrena gobernatzen. Eta Madrilen ere aliantzak egin ditugu PP-Voxek gobernua ez eskuratzeko», oroitarazi du.

Ekainaren 9an bi aukera daudela nabarmendu ditu: etxean geratu edota aktiboak izan aldaketa eragiteko. «Guk ez badugu lekua okupatzen, beste batek okupatuko du, ziurrenik neonazi alemaniar batek edo Voxeko arrazista batek». EH Bildu, aldiz, Estaturik gabeko nazioen erabakitzeko eskubidea defendatzera joango dela gaineratu du.

Bestalde, kritiko agertu da Europa hartzen ari den hainbat erabakirekin: «Ez dezatela gurekin kontatu Ukrainiako gerrarako tankeak eramateko, ez eta Israeli armak saltzeko ere». Europako eliteek indartsuenaren alde egiten dutela salatu du, «errezeta militaristak hartuz, NATO defendatuz, edota Trump eta Milei hartu erreferentziatzat».

Autoritarismoaren aurka

«Kapitalismoa formula autoritarioekin bakarrik gainditu» daitekeela uste dutela batzuk kritikatu du, eta horren aurrean, EH Bilduk demokrazioarekin egin behar zaiola aurre berresten duela berretsi du Arnaldo Otegik.

Koordinatzaile nagusiak adierazi du EH Bildu dela eskuina eta eskuin muturra «inon» nahi ez dituena. Azaldu du orain «denek» esaten dutela eskuin muturra gelditu behar dela, eta EH Bildu benetan pozten dela hori entzuteaz: «Baina afera da agian pixka bat beranduegi egin duutela batzuek hausnarketa. Durangon, Gipuzkoan edota Gasteizen guk ez gobernatzeko itunak egin zituzte orain Europa eskuin muturrarekin eraiki nahi dutenekin. Berandu etorri dira, baina hala ere, ongi etorriak».

Barrenak egin gisara, nabarmendu du Ursula von der Leyen ez dutela lagunduko EBko presidenta izateko, «Feijoo bozkatuko ez genukeen bezalaxe».

Erronka bat mahaigaineratuz amaitu du hitzartzea EH Bilduko koordinatzaileak: «Proiektu emantzipatzaile bat da gurea herri honentzat, eta aspirazio bat dugu, hego Euskal Herriko lehen indar politikoa izatea, abiatu den ziklo politikoa egonkortu eta indartzeko».

Enbaxadoreak munduan

Bakartxo Ruizek munduan «erreferente onak» izatearen garrantzia azpimarratu du, eta Barrenak horretan egindako lana txalotu du: «Europari erakutsi behar diogu zer garen, eta batez ere zer izan nahi dugun: hemen herri bat dagoela esan, estatua izan nahi duen nazio bat garela».

EH Bilduren bozkarekin ezkerreko baloreak, berdinzaletasuna eta justizia soziala, euskara eta euskal kultura babesten direla gaineratu du.  Eta bozka antifaxista, antimilitarista, bakezalea eta intsumisioarena eramango duela Europara.

Estaturik gabeko nazioen ordezkariek, bestalde, elkarrekin egin beharreko lana azpimarratu dute. Ribak, zerrendaburuak, «estaturik gabeko nazioek aurrera egitea beharrezkoa» dela nabarmendu du, eta horretarako ere jo behar dela Europara: «Establishmenta puskatu dezakeen bakarra Orain Errepublikak da». Ostegun honetan Madrilen onartutako amnistia legea «lanaren eta ekitearen fruitua» dela gogoratu du, eta 78ko erregimenarekin amaitzeko beharra aldarrikatu du, «justizia sozialaren eta gure herrien askatasunen alde».

Pradoren hitzetan, Europa ez da «urruneko zerbait», herritarron egunerokoa baldintzatzen duten erabakiak hartzen direla gaineratu du: «Horregatik behar dira ahots indartsuak, eskubide sozial eta nazionalen aldekoak. Gure nazioek gero eta ahots gehiago izan behar dute Europan». Ara Meseko Navarrok alderdien arteko elkarlana txalotu du, «ezkerreko indar soberanistak indatsuak garenean gauzak aldatzen dira, eskubideak konkistatzen ditugu».