INFO

Larunbatean hasiko da bainu sasoia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Lakuako Osasun Sailak emandako datuen arabera, «kalitate bikaina edo ona» duten 40 bainu gunerekin irekiko da aurtengo bainu denboraldia larunbatean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroako toki batzuetan denboraldia irekita dago eta gainerakoetan uztailaren 8an hasiko da.

Donostiako Kontxa hondartza, iazko urrian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bainu denboraldia larunbatean hasiko da ofizialki Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eskatutako kalitate estandarrak betez. Kostaldean dauden 38 eta Arabako Ullibarri Ganboako urtegiko bost bainu guneetatik 40k «kalitate bikaina edo ona» dute, Lakuako Osasun Sailaren arabera.

Sail honek jakinarazi duenez, bainu denboraldian astero aztertzen dira 43 guneetako analisi mikrobiologikorako laginak, eta bakoitzaren uraren kalitateari buruzko informazioa lortzeko. Osasun Sailaren webgunean aurkitu daitezke hondartzen osasun egoerari buruzko datuak.

Bainu denboraldian zehar uraren kalitatearen aldaketa puntualak gerta daitezke, gehienbat euri jasa handien ondorioz. Beste denboraldi batzuetan bezala, gorabehera horiek jarraipen berezia egingo da ere.

Uraren kalitatea ikertzeko eta zaintzeko URA Uraren Euskal Agentziarekin batera lan egiten du sailak, 2023an sinatutako lankidetza hitzarmenaren ostetik. Donostiako Udalarekin, kostaldeko beste udalerri batzuekin, foru aldundiekin eta hornidura eta saneamendua kudeatzen duten partzuergoekin ere lankidetzan aritzen da.

Aurten, bainularien artean ostreopsis migroalgaren espezie batzuen presentziari lotutako sintomen agerraldia zainduko da. Horrela, Ostreobila proiektua gauzatzen ari dria, GIS Litorale de la Communaute d'Agglomeration Pays Basque erakundeak korrdinatuta. Interes zientifikoko mugaz gaindiko elkartea da euskal kostaldeko lurralde erakundeak eta erakunde zientifikoak biltzen dituena.

Proiektu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, AZTI zentroak eta EHUk ere parte hartzen dute.

Marmokak

Bestalde, kostaldean karabela portugaldarrak eta marmokak ager daitezkeenez, iaz gertatu zen bezala, larrialdi zerbitzuak koordinatzeko sistemaren barruan jarduteko protokoloa berrikusi eta eguneratu da, AZTIko langileekin eta salbamendu eta sorospen erakundeekin batera.

Era berean, 2023az geroztik, mikrosiztinen analisia sartzen da bainu gune kontinentalen zaintzan, Ullibarri Ganboako urtegiko ur kontinentaletako zianobakterioen bilakaeraren adierazle gisa.

Gainera, 21 hondartza kerik gabeko guneak izango dira aurten, eta ez erretzea bapeagailuak ez erabiltzea gomendatuko da.

Nafarroako batzuetan denboraldia irekita dago

Nafarroako hamahiru bainu guneetan, aldiz, bi epe erabaki dira bainatzeko denboraldirako. Bost tokitan denboraldia joan den astelehenean, hilak 27an, hasi zen eta irailaren 8an amaituko da: Beriaingo Morea urmaelean, Lizarrako Agua Salada iturburuan, Alloz urtegian (Gesalatz eta Lerate), Deierriko Alloz urtegian eta Tuterako Pulguerko urmaelean.

Gainerako tokietan, aldiz, uztailaren 8an hasiko da denboraldia, irailaren 1era arte: Urederra ibaiko bi guneetan (Zudairen, Ameskoabarrenan, Artabian eta Allinen); Araxes ibaian, Betelun; Ezka ibaian, Burgin; Aragon ibaian, Zarrakastelun; Benasako arroilan, Nabaskozen; Uztarroze ibaian eta Itoizko urtegian (Nagoren eta Artzin).