INFO

Sestaon lan istripua izan zuen 29 urteko iturgina hil egin da

Joan zen maiatzaren 16an Sestaon lan istripua izan zuen 29 urteko iturgina hil egin da, ELAk eta LABek jakinarazi dutenez. Etxebizitza partikular batean ari zen lanean eta barruko patio batera erori zen. Azpikontratatuta zegoen.

ELAk atzo Bergaran egin zuen elkarretaratzea, bertan izan zen lan istripua salatzeko. (ELA)

Laneko beste heriotza baten berri eman dute ELAk eta LABek ostiral honetan, ohar banatan. D.A.P.O. 29 urteko langilea da hildakoa, iturgina, eta joan zen maiatzaren 16an izan zuen ezbeharraren ondorioz zendu da. 

Sindikatuok azaldu dutenez, behargina iturgin lanetan ari zen Sestaoko etxebizitza partikular batean, berogailu bat instalatzen, eta ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko leiho batetik barruko patio batera erori zen. Zauri larriak izan zituen, eta horien ondorioz maiatzaren 27an hil zen. Sirkus Sistema de Tiendas SL enpresak azpikontratatuta zegoen. Era berean, Sirkus enpresa Leroy Merlinek azpikontratatuta zuen.

ELA eta LABen kontaketaren arabera, 2024an dagoeneko 27 langile hil dira Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz; horietatik hiru langile autonomoak ziren. Bizkaian sei behargin hil dira lan istripuengatik.

ELAk salatu duenez, azpikontratazioak «prebentzioa eta segurtasuna kaltetzen ditu, enpresen etekin ekonomikoen mesedetan». Autonomoen sektoreak prekaritate handiarekin lan egiten duela ohartarazi du, «etengabeko azpikontraten itzaletan, prebentzio neurri oso eskasekin».

Sindikatu horrek dioenez, segurtasun politikak «goitik behera aldatu ezean, ez dago zifra onartezin horiek iraultzerik». Borondate politikoa behar dela nabarmendu du, eta horrekin batera «diruaren gainetik lehenetsi pertsonen osasuna eta bizitza».

Laneko heriotza hau salatzeko elkarretaratzea deituko du datozen egunotan Sestaon.

LABek ere «azpikontratazio kate luzeak hil egiten duela» salatu du. «Egoera horrek lanak prekarizatzen ditu, eta langileen lan baldintzen kontura dirua aurreztu nahian, segurtasun neurrietan ere aurrezten du. Langileak dira beren bizitzarekin multinazionalen etekin aseezinak ordaintzen dituztenak», adierazi du ohar batean.

Sindikatu abertzalearen arabera, «praktikan langile autonomoei ez zaie aplikatzen prebentzioari buruzko araudia». Lan Ikuskaritzari, Osalani eta Lakuako Gobernuari eskatu die «sektore prekario horietan kontrol handiagoa» ezar dezatela, langile autonomoen segurtasuna eta osasuna errespetatzen direla bermatu dezatela eta «azpikontratazio masiboaren iruzurra eten» dadila.

Sestaokoa aste honetan hil den bigarren langilea da; maiatzaren 27an iragan astean Bergarako Embalan3 enpresan istripua izan zuen behargina hil zen.