INFO
Interview
Daniel Landart
Idazlea

«Euskal Herriaren geroaz baikor naiz»

Uztaritzen, Xabaldeiko Atekamotzan errezibitu gaitu Daniel Landartek, adeitsu eta goxotasunez. Azken asteotan bere lasaitasuna urratu diogu hedabide desberdinetako kideok, Ziburuko disko eta liburu azokaren karietara omenduko baitute, eta deiak eta elkarrizketak izan ditu ia eguneroko ogi.

Daniel Landart, Uztaritzeko bere etxean. (J.GARMENDIA)

Aztoratu zaitugu bat-batean…

Baina beti plazer egiten du. Ez nuen hainbeste espero, badakizu? Aspaldian ez dut gauza handirik edo funtsezkorik egiten, eta kontent naiz eskaini zaidan arretarekin.

Baionan ohorezko euskal kultura saria emana zizuten duela hamar bat urte, orain Ziburun jasoko duzu omena, zerbait adierazten dizu horrek?

Ohore handia da enetzat. Merezimendua heiek dute bestalde, Lapurdiko kostan disko eta liburu azoka bat euskara hutsez egitea garrantzitsua da. EKEn lanean jardun nintzelarik, Saran egiten den biltzarraz arduratu nintzen erakundearen izenean, Donibane Lohizunen ere egiten zen… Duela bost urte sortu zuten hau eta badakit Janbattitt Dirassar eta Luzien Etxezaharreta omenduak izan zirela. Gainera, antolatzaile den Ladix Arrosagarai aspaldiko laguna dut, beraz, ohorez hartzen dut.

Ziburu euskal errefuxiatu anitzen aterpe izan da, hurbiletik ezagutu duzu halakorik.

Mundu hori ezagutu dudala aitortzen dut beti, Baionan dozenaka zeuden, eta batzuekin lagun bilakatu nintzen. Xabier Elosegi adibidez, euskal historiari buruz anitz erakutsi zidana. Mikel Urteaga ere bai, tolosarra, klase borrokaren eragin handia utzi zuena nigan. Eta bi horiek sarritan aipatu izan ditut, baina nola ahaztu Txomin Iturbe, Eustakio Mendizabal, Jokin Apalategi eta beste anitz eta anitz. Enbatakoa nintzen ni, hemengo kulturan hazia, eta Euskal Herriaren osotasuna haiei esker konprenitu eta sentitu nuen nik ere.

Nola oroitzen dituzu garai horiek, euskara, abertzaletasuna…  

Diktaduratik ihesi zetozen errefuxiatuak, hemen abertzaletasuna abiatzen ari zen momentu horretan, lehen Aberri Eguna Itsasun… Enbatan sartu berria nintzen ni, gazte-gazterik, besteek baino hamar bat urte gutxiago neuzkan, militante guti ginen, eta denak elkar ezagutzen ginen. Errefuxiatuekin astean behin biltzen nintzen Baionako Saint-Andre auzoan.

Euskaraz idaztea ere militantzia zen.

Antzerkia maite nuen eta bide hori hartu nuen nik, Larzabal eta Monzon ezagutu nituen horri esker, eta laguntza izan nuen ene idazkera lantzeko. Inprimeria batean lan egiten nuen Baionan, lau orriko kazeta argitaratzen zen egunero, frantsesez. Ene buruari desafioa botatzen nion ea kapable nintzen halako artikulurik idazteko. Hilabetean behin Jean Hiriart-Urruti apeza etortzen zen eta berak erakutsi zidan euskaraz ongi izkiriatzen, hobetzen.

Beraz, frantsesa zen nagusi idatzian.

Bai eta mintzairan ere. ‘Le Républicain du Sud-ouest’ eta ‘Côte Basque Soir’ kazetak nagusi ziren orduan, bata errepublikanoa eta bestea eskuinekoa, baina euskara edo euskal gairik ez zuten aipatu ere egiten. ‘Gazte’ kazeta bazen, Hiriart-Urrutik kudeatzen zuena, eta deialdia egin zuten aprendiz euskaldun bat eskatuz… Baina oroitu behar da garai horretan Aljeriako gatazka zela, hogeita zazpi hilabetez hemengo anitz joan zirela soldadu harat, eta testuinguru horretan frantses gaiak eta Frantzia ziren nagusi hemen.  

Oroitzen duzu zure lehen testua euskaraz?

Duela 60 urte izan zen, 17 urte pasatxo nituen, gazteek eta gazteentzat egina zen ‘Gazte’ kazetan izan zen. Ene arreba luzaz egona zen klinikan, depresio bat ukana zuen, eta sufrikarioaz idatzi nuen. Pierre Narbaitz kalonjeak bi hilabetetik behin argitaratzen zuen ‘Etxea’ bazegoen, haurrentzat Joseph Kamino apaizak eramaten zuen ‘Panpin’, eta Piarres Lafittek zuzentzen zuen ‘Herria’ ere bai; beraz, haietan izkiriatzen hasi nintzen.

Antzerkiak idazten ere bai.

‘Hilak hil’ izan zen lehena, Donostirikoa naiz, baxenabartarra, eta antzerkitxo bat idatzi nuen ene adineko lagunek eskaini zutena 1984an, ipuin zahar batetik hartu nuen eta teatro bilakatu. Heletako taldeak antolaturik Euskaltzaleen Biltzarreko antzerki saria irabazi nuen, eta Telesforo Monzon zen epaimahai; urtero euskararen alde Donibane Lohizunen ‘eskea’ egiten genuen, diru bilketa zen, ikurrinarekin eta bere koloreko jantziekin ateratzen ginen, eta han ikusi nuen Telesforo Monzon, eta aurkeztu nintzen erranaz nik idatzi nuela berak irakurritako antzerkia, eta bere etxera gonbidatu ninduen, gerora hara joaten nintzen hainbat alditan.

Jatorria kontatu zenuen ‘Aihen ahula’ eleberrian.

Beharbada garai horretan ez zegoen autobiografia bat idazteko ohiturarik. Etxeko hizkuntzan idatzi nuen, 1978an agertu zen ‘Aihen ahula’, hamar bat urte lehenago abiatua zen euskara batuaren bidea, eta Beñat Oiartzabalek lagundu zidan aditzak eta abar ongi jartzen. Arrakasta ukan zuen, hiru edo lau aldiz argitaratu zen bertsio bera, ene haurtzaroa kontatzen nuen, orduko bizimoldea herri ttipi batean, merkatuko istorioak, elizkizunak, eta uste dut anitzek beren burua identifikatu zutela bertan.

Anitz dira aipatzen dutenak zure idazkera ulerterraza dela, euskaraz irakurtzeko gogoa piztu zeniela.

Ene esaldiak laburrak dira, lerro laburrak egiten ditut, idazlea baino gehiago kontalaria naiz ni. Amatxi eta aitatxi hizlari goxoak ziren, biziki kontalari onak, eta plazer nuen haiei mintzatzen entzutea.

Abestien hitzak ere bai, zure unibertsoaren parte dira.

Ez naiz ona musikarentzat, nire belarriek ez dute dohain hori. ‘Herria’-n idazten nituen ‘Ene maitia’ eta halako idatzi batzuk, eta buruan neukan liburutxo bat egitea. Gertatu zen lehen kantaldiak hasi zirela garai horietan, euskaraz eta abar, ni entzutera joaten nintzen, eta Mikel Laboari eman nion ‘Zure begiek’ idatzia eta hark musikatu zidan, kantua osatu zuen. Bigarrena Gorka Knorrek kantatu zuen, eta geroago ezagutu nituen Anje Duhalde eta Mixel Ducau, Errobi, lagun bihurtu nintzen eta haiekin 18 abestiren hitzak idatzi nituen.

Gai sozialak, gai politikoak…

Gertatzen ari zena, ikusten eta sentitzen nuena eraman nuen kantuetara, ‘Gure lekukotasuna’ bezala. Laborari sentitzen naiz, ez nuen laborantza maite edo ez nuen bide hori jarraitu, beste nahi eta keriak nituelako buruan, baina lurra maite dut, ene herria, langilea eta langileria. Xantza ukan dut ene nortasuna zein zen ohartzeko, kontzientzia jaso dudalako, eta horrek abertzaletasunera eraman nau, hori dena kontatu nahi izan dut.

Karrika berean pentsamendu desberdinak zeuden.

Ez soilik frantses edo euskaldun nortasunarekin, baziren jende batzuk heien euskaltasuna Dantxarinearaino baizik iristen ez zena, handik landa Espainia zelako, eta ni eskertua naiz Euskal Herri osoaren kontzientzia piztu izan delako nire baitan gazte-gazterik.

Orain Europako hauteskundeak ditugularik gertuan, guk hari begiratzen genion, Europari. Enbatan beti aipatzen genuen Europak mugak zabaltzean, ez Estatuek, baizik herrialdeek izanen zutela errekonozimendua, eta noski, hor ikusten genuen gure herria.

Oraindik ere hala ikusten duzu?

Nahi nuke, bai! Ez gira bide onean agian, biziki zaila delako, baina helburua hori da. Euskal Herriaren geroaz baikor naiz, egunero entzuten ditut negarrak, ez dela euskara aski entzuten karrikan, egia da, zailtasunak daudelako bidean, baina egia da bestalde kontzientziak piztuak daudela euskararen alde, herriaren alde, eta segur naiz euskarak bezala herriak iraunen duela geroan.