INFO

Irun eta Donostia artean ez da trenik izango abuztuaren 3tik 25era, AHT-aren obren ondorioz

Abiadura Handiko Trenaren obrak direla eta, Renfeko trenek Irun eta Donostia artean duten zirkulazioa eten beharko dute abuztuaren 3tik 25era. Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren espainiar Estatuko idazkari José Antonio Santanok adierazi duenez, «ohikoak baino eragozpen gehiago» egonen dira.

Espainiar Estatuko idazkari José Antonio Santano, obra batzuk bisitatzen. (Europa Press)

Abiadura Handiko Trenaren obrak direla eta, Renfeko trenek Irun eta Donostia artean duten zirkulazioa eten beharko dute abuztuaren 3tik 25era, espainiar Garraio Ministerioko iturriek Efe agentziari baieztatu diotenez.

Iturri berberek zehaztu dutenez, zirkulazio etete hauek «AHTren obren azken txanpan» izango dira, eta 2026ko lehen lauhilekora arte egongo dira martxan, eta zehaztu ez dituzten hainbat eragin izango dituzte trenbide-zerbitzuetan.

Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren espainiar Estatuko idazkari José Antonio Santanok ‘Diario Vasco’ egunkariari egindako adierazpenetan azaldu duenez, Abiadura Handiko Trenaren hirugarren haria esaten zaionaren lanek, Astigarraga eta Irun arteko bidean, erabiltzaileei «ohikoak baino eragozpen gehiago» sortuko dizkiete.

Zehazki, Hernani-Irun tartean trenen trafikoa behin baino gehiagotan erabat moztu beharko da. Hainbat asteburutan egingo dira mozketa hauek eta, arestian aipatu bezala, ia abuztu osoan egingo da, Donostia eta Irun artean.

Santanok bilerak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko eta eraginpeko udaletako arduradunekin, aurreikusitako planak eta eraginak zehazteko.