INFO
Interview
Mikel Arostegi
Orioko entrenatzailea

«Horrenbeste arraunlari joanda, jende berriarekin... ea bigarren txandan aurrealdean gauden»

Iraultza omen dago Orion: zuzendaritza berria, entrenatzailea ere bai, taldean aldaketak... Mikel Arostegi 'Mirotzen' entrenatzaileak aitortu du negua «gogorra» izan dela, baina «pixkanaka» aurrera doazela. Harrobiko jendea sartu dute gorengo ontzian; etorkizunari begira, baina oraina ahaztu gabe.

Mikel Arostegi Orioko entrenatzailea klubeko instalazioetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

This browser does not support the audio element.


«Orio Orio da» behin baino gehiagotan errepikatu du esaldi hori Mikel Arostegi (Orio, 1984) klubeko entrenatzaile berriak. Iaz arrauna utzi zuen, «ahazteko» asmoarekin, baina igo da berriro ere arraunaren olatura: «Orio klub handia da, eta ez dago ezetzik esaterik» . Ez da lehen aldia prestatzaile aritzen dela, San Pedron 2015etik 2021era arte entrenatzaile izan zen, arraunlari zen bitartean. Oraingo honetan, ordea, prestatzaile bakarrik arituko da. Arraunlari izandakoa da Orion, Zumaian, Getarian, Astilleron eta San Pedron.

Zuzendaritza berria eta entrenatzaile berria Orion. Iraultza dago klubean?

Bai, mugimendu handia dago. Arraunlari asko joan zaizkigu, eta pixkanaka-pixkanaka osatu dugu taldea. Hor goaz aurreraka.

Zurrumurru asko egon ziren, prestatzaile bat etorriko zela, beste bat, eta azkenean zu iritsi zara. Nola izan zen hori?

Egia esan ni azkenetakoa izan naiz gauzen berri izaten. Iazko prestatzailea bota zutela eta ez dakit zer... Nik hor oraindik ez nekien ezer. Banekien zuzendaritza aldatu behar zutela. Denboraldia hasi baino hiru aste lehenago abisatu zidaten.

Jon Olasagasti presidentearekin ere hitz egingo zenuen, ezta?

Bai, berak deitu zidan, eta pixka bat hitz egiten egon ginen. Beste pertsona batzuekin hitz egiten ari zirela ere esan zuen. Iaz arrauna utzi nuen mundu horretaz pixka bat ahazteko asmoarekin. Baina azkenean Orio klub handia da, eta ez dago ezetzik esaterik. Hemen gaude aurtengorako.

Olasagasti San Pedrotik ezagutzen zenuen?

Ez, Olasagastirekin txiki-txikitatik hemen Orion egin dugu arraun, urte pila batez, eta gero San Pedron ere batera aritu ginen. Betidanik ezagutzen dut.

Arraunlariak ere ezagutzen dituzu. Zer helarazi zenien lehen egunean?

Horrenbeste arraunlarik taldea utzita, geundenak elkartu ginen. Hemen ez dago sekreturik, egin behar dena da entrenatu, eta gustura etorri entrenatzera.

Nolakoa izan da negua?

Oso gogorra izan da. Taldea dezente berria izanda, nik ere ikasteko gauza asko ditut oraindik ere. Aurten ez dut arraun egingo, orain arte entrenatzaile izan naizenean arraun ere egin dut, eta aurten kanpotik ibiliko naiz. Pixka bat kostatu zait martxa hartzea, baina entrenamenduak egin ahala martxa hartu diogu.

«Hemen etorkizunerako patroia harrobikoa izatea nahi dugu»

Hain justu ere, San Pedron prestatzaile eta arraunlari izan zinen aldi berean. Kosta egiten da orain bakarrik entrenatzaile izatea?

Azkenean, arraunean zaudela ontzia sentitu egiten duzu, eta gauza batzuk ikusten dituzu, kanpotik ikusten ez direnak. Baina pixkanaka-pixkanaka begia jartzen ari naiz, eta bagoaz.

Taldea dezente aldatu da: hamazazpi etorri dira, eta hamabi joan. Egia da etorri direnetatik hamabi harrobikoak direla. Aurten apustu sendoa egin nahi izan duzue harrobian?

Bai, zuzendaritza berriarekin pixka bat hitz egiten egon ginen, eta hori egin nahi dugu: harrobiko jendea pixka bat bultzatu, taldearen barruan sartu. Etorkizunari begira, baina oraina ahaztu gabe, hori baita gure lehentasuna. Hortxe saiatzen ari gara.

Etorkizunari begira, baina oraina ahaztu gabe. Nola doa oraina?

Denboraldia nahiko pattal hasi genuen; gauzak ikasten, martxa hartu arte. Gero, egunak aurrera joan ahala, hilabeteak pasatu ahala, pixka bat martxa hartu diogu. Kostata, baina uste dut orain ondo gabiltzala.

Patroia ere aldatu duzue. Ander Etxegoienek taldea utzi du, eta Iñigo Larriñaga Ondarroakoa ekarri duzue.

Bai, Ondarroakoa etorri da. Hemen etorkizunerako patroia harrobikoa izatea nahi dugu. Uste dut garrantzitsua dela, baina ez da erraza kontua... Azkenean, esperientzia handiko patroia nahi genuen, Orio da, gorengo mailan gaude, eta ez dago bromarik.

Larriñagak ere arrauna utzi behar zuen, baina konbentzitu duzue.

Bai, berari pasatu zaio niri pasatu zaidan antzekoa. Azkenean, bera Ondarroako patroia izan da, urte asko arraun munduan bueltaka, eta azkenean bukatutzat hartu zuen arraunaren aroa. Eta Orio batetik deituta, nola esango diot ezetz?

Bi jaitsieratan parte hartu duzue: San Pedron seigarren egin zenuten, eta Orion zazpigarren. Zer-nolako aldartean ikusten duzu trainerua?

Orioko jaitsieran ondorio handirik ez genuen atera, hor akats asko izan ziren. Gero, jaitsiera asko bertan behera utzi dituzte, tartean Hondarribikoa. Eta San Pedrokora joan ginen pixka bat Orioko jaitsierako zapore txarrarekin, eta pixka bat ea nola gabiltzan ikustera joan ginen. Taldea zertxobait moldatu genuen, emaitza ere bai. Uste dut oso positiboa izan zela.

Zein da taldearen helburua?

Gure helburu nagusia da arraunaz disfrutatzea. Gustatuko litzaiguke aurrealdean ibiltzea, irabaztea... Gu saiatuko gara ahal den azkarren ibiltzen eta gustura, giro onarekin.

«Orio klub handia da, eta ez dago ezetzik esaterik. Hemen gaude aurtengorako»

Nolako taldea ikusi nahi duzu uretan udan?

Lehen esan dizudan bezala, gustura ibiltzea, erraztasunez arraunean aritzea, ez dago besterik.

Nola ari zarete entrenatzen horretarako?

Entrenamenduak egiten ditugu sentsazio onak bilatzeko, ontzia aise ibiltzeko, eta norberak ahal duen dena emateko.

Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Oso indartsu ikusten ditut iaz lehenengo lau postuetan geratu ziren ontziak: Bermeo, Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra. Uste dut zertxobait atzerago egongo garela, azkenean horrenbeste arraunlari joanda, eta jendea berriarekin... Ea bigarren txandan aurrealdean ibiltzen garen.

Aurten araudi berria adostu duzue TKEn. 2025ean etxeko lau arraunlari ontziratu beharko dituzte klubek, eta 2026an bost. Orain arte hiru. Gizonezkoetan bakarrik, emakumezkoetan ez. Nola ikusten duzu kontu hori?

Azkenean, Orio bat ikusita, bigarren ontzia duen... Harrobiarekin egiten dugu lan. Nik ondo ikusten dut, azkenean, aurreko taldeek, diru aldetik askoz ere gehiago direnek, beren fitxaketak egiten dituzte, eta horien kontra pixka bat zaila izaten da lehiatzea. Nik ondo ikusten dut; orain, niri pasatu zait, San Pedron ibili nintzenean, harrobiko ia denek uztea eta nahiko lan izatea trainerua ateratzeko, ez zelako klub bat diru pila bat zuena. Ez da erraza, baina uste dut harrobiko jendea sartuta berdintasun gehixeago egongo litzatekeela.