INFO

Jokin Altuna, Buruz Buruko txapeldun

Jokatu duen bosgarren finalean, amezketarrak manomanistako hirugarren txapela lortu du Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Unai Laso 0-1 aurreratu bada ere, gipuzkoarra jaun eta jabe izan da ondoren, 19-1 ipini da eta 22-5 irabazi du. Behetik gorako txapelketa baten ostean, gorenean amaitu du Aspekoak.

Jokin Altuna, txapela buruan duela, Laso eta Artolaren ondoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Egokitasuna dagokion unean dagokiona egiteko gaitasuna bada, euskal kirolak nekez topa dezake gaur Bizkaia pilotalekuan ikusi duguna baina irudi egokiagorik dohain horri irudi batez islatzeko; Jose Angel Iribarrek ezarri dio Jokin Altunari aurtengo Buruz Buruko txapela, buru pribilegiatu horrek jantzi duen modalitate horretako hirugarrena. Bere ibilbidean bezala, uneak eskatu diona egin du amezketarrak, finalean bezala, txapelketa osoan eta ondo merezitako saria jaso du. Pena bakarra, finalak ezin izan diola sortutako ikusminari erantzun eta gaur Unai Laso izan da bere mailara gerturatzerik izan ez duena, baina duen zailtasunak egiten du hain handia Buruz Burukoa eta ezerk ezin du ez Altunaren ez erroibartarraren txapelketa bikaina gutxietsi. Gaurko garaipenarekin, Altuna III.ak Gallastegi eta Patxi Eugi bezalako mitoak harrapatu ditu txapelketaren palmaresean eta aurretik dituenak ere gero eta gertuago ditu. 

Epailearen txapak lehen sakea Unai Lasori eman badio ere, hasieratik ikusi da Bizkarreta-Gerendiaingoak ez zituela txapelketa osoan izan dituen sentsazioak. Kostata lehen tantoa egin badu, bere lehen bi sakeek ez dute inolako gatzik izan eta gutxi behar izan du amezketarrak lehen pilotakadaz jabetu eta mina egiten hasteko.

Erantzunik gabe

Final laurdenetako ligaxkaren kontrara, Jokin Altuna izan da sakearekin min egin duena, hiru sartu dizkio jarraian pilota paretan ondo ezkutatuz eta erroibartarrari ez dio inongo momentutan jokoaren ekimena lortzen utzi. Ideiak argi etorri gipuzkoarra pilotalekura eta kantxan bikain gauzatu ditu. Bere lehentasuna Lasoren ezkerra bilatzea izan da eta behin eta berriz topatu erroibartarrari mina non egin. Gainera, paretara bildutako sake horietako batean ezker pareta jo du nafarrak eta ezinean aritu da partida osoan zehar. Eskumuturra lokartu omen zaio, baina kolpearen aurretik ere Laso ezezagun bat ikusi dugu. Eguna okerra argitzen denean zaila baita argitzea, are zailagoa Buruz Burukoan.

Jokoaren ekimena ez dio inongo momentutan utzi eta utzi dion apurretan ere, 16-1ekoan kanpora bota duen bi paretakoan esaterako, Baikokoak ez du amaitzen jakin, aukera-aukerako pilota alperrik galduz. Altunak, bitartean, berean jarraitu du, tanto ikusgarriegirik egin gabe agian, baina una bakoitzean partidak eskatzen zuena ulertu eta gauzatuz.

Gauzak horrela, nolabait final laurdenetan elkarren aurka jokatu zuten partidari buelta emanda, 19 tanto egin ditu jarraian Aspeko aurrelariak, Bizkarreta-Gerendiaingo sumendia erabat itzaliz. Gaurkoan erroibartarra izan da bere mailatik oso behera egon dena, bere jokoa egin ezin eta txapelketa osoan zehar horren ondo egin dituenak, sakeak esaterako errepikatu ezin. Ez du aukera askorik izan, baina izan dituen apur horietan ere batere gatzik gabe aritu da, pareta topatu ezinik eta aurkaria batere behartu gabe. Bi aldiz, eta partida oso hautsita zela, baino ez da bere sakearekin tantoa egiteko gai zian eta uste baino gutxiago behartu du duela hilabete erabat txikitu zuen arerioa.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a: 22

Laso: 5

Pilotakadak: 180. Iraupena: 46,21 minuta. Markagailua: 0-1, 19-1, 19-3, 21-3, 21-5 eta 22-5. Sakeak: 7 Altuna III.ak eta 0 Lasok. Egindakoak: 6 Altunak eta 3 Lasok. Galdutakoak: 2 Altunak eta 9 Lasok. Gorabeherak: 2.913 ikusle Bilboko Bizkaia pilotalekuan, dena beteta. Gorka Altuna aritu da bere lehengusu Jokinen botilero lanetan eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorekin. Lehen sakea gorri.