Unea kudeatzea giltzarria izango da
Nik uste dut final honen aurretik edozein pilotazaleri pronostikoa galdetu eta denek, edo ia denek, erdi eta erdi dagoela erantzungo luketela, eta nik ere uste dut hala dagoela. Biek dute txapela irabazteko maila, biek dute kalitatea eta ikusi da biak ere nola heldu diren, asko jokatuz eta pilotari handiak direla erakutsita.
Hori bai, nik gauza bat ikusten dut eta iruditzen zait Bilboko pilotalekua Lasorentzat hobea izan daitekeela, behetik gora pilota jotzeko pilotaleku handia eta lurrean ere abiadura gutxiago duena beste frontoi batzuek baino, eta nik uste Altunari gehiago komeni zaiola abiadura handiko pilotaleku bat. Dena dela, halako final batean, horren orekatua agertzen denean, nik uste egoera, momentu hori, finaleko unea hobekien kudeatzen duenak asko izaten duela irabazita.
Iruditzen zait partida denak desberdinak direla, istripuak gertatzen direla, baina finalak ez duela antzik izango final laurdenetan ikusi genuenarekin. Egun hartan ez genuen ikusi guk ezagutzen dugun Altuna hori, egia da Lasoren aurka izan zela eta ez dela lehen aldia halakorik egin diona, baina nik uste Altunak orduan ez zuela berea eman.
Bi oilarren arteko finala izango da. Momentu honetan, jendeari galdetuta «zuretzat finalik ederrena zein litzateke?», ba hauxe erantzungo lukete, Altuna eta Lasoren artekoa.