INFO

Clarisa Navasen klase eta genero ikuspegidun zinema sarituko du Zinegoak jaialdiak

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak jakinarazi du Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jasoko duela aurtengo Ohorezko Saria. Navas zuzendari, gidoilari, ekoizle, irakasle eta idazlea da, eta klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen du, pasioz eta konbentzimenduz.

Clarisa Navas zinemagilea. (ZINEGOAK)

Clarisa Navas argentinar zinemagileak ekainaren 24an, astelehena, Arriaga Antzokian egingo den jaialdiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du aurtengo Zinegoak jaialdiko Ohorezko Saria, DAMAren babesarekin.

Bezperan, ekainaren 23an, 18.30ean, Bilborocken, solasaldi bat egingo da Irantzu Varela kazetari feministarekin, eta Navasen hiru lan, bi film labur eta film luze bat proiektatuko dira: ‘Enviado para falsear’, ‘No es un juego’ eta ‘Hoy partido a las 3’.

Gainera, ekainaren 25ean, BilbaoArten, 18.30ean, ‘Las mil y una’ izango da ikusgai. «Bizitza hain azkar pasatzen da ezen, Clarisa Navas zinemagile gazte batek, bizi-esperientzia nahikoak pilatzen dituela bere pelikulak kutsu autobiografikoez josi ahal izateko», aipatu zuen Mikel Insaustik filme honi buruz NAIZen argitaratu zuen kritikan. 2020an, fikziozko film luze hau Berlinaleko Panorama sailaren inaugurazioan eskaini zen. Navas Corrienteseko ‘Las mil’ auzoan hazi zen. Zuzendaria emozionalki eraiki zuten lekuetara itzuli zen lan honetan.

Zinegoak jaialdiko zuzendari Alaitz Arenzanakberak azpimarratu duen bezala, sari honekin Navasen lana aitortu nahi izan dute, sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen dituelako eraldaketarako motor eta palanka gisa: «Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia bat da. Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta bortitzak izaten jarraitu, baina izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkiguna. Zinegoaketik bere lan artistikoa eskertu eta gure sari nagusiarekin duen konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi dugu», aipatu du.

Bere ibilbidea

Navasen fikziozko bi film luzeak, ‘Hoy partido a las 3’ eta ‘Las mil y una’, emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbentzioetatik at geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari egindako kantua dira.

Sortzaile polifazetikoa, Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA), ENERC Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean irakaslea, proiektuak garatzeko ABC BAFICI saila zuzentzen du, eta 2010az geroztik Argentinako Ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzen dituen Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da.

2011. urtean, Navasek bere lehen luzemetrai dokumentala egin zuen, ‘Retratos de otro país’ eta
bere lan ia guztietan elementu nagusi bi nabarmentzen dira: jendearekiko pasioa (batez ere emakumeekikoa) eta mugekiko lotura, identitateak diluitzen dituen espazio gisa: ‘Los Guarangos’ dokumentala (2012), ‘Mujeres entre fronteras’ dokumental saila (2015), edo ‘Río atrevido’ fikziozko saila (2016). 2017an, ‘Hoy partido a las 3’ dokumental fikzionatuta aurkeztu zuen.

Clarisa Navas hunkituta agertu da Zinegoakek emandako aitorpenarekin: «Oso eskertuta nago nigan pentsatu dutelako. Argentinan hain garai zaila izaten ari da, eta egiten dugun guztirako hain panorama tamalgarria denez, gonbidapen hau besarkada bat bezala sentitzen da, gure herrialdean jasotzen dugun bakarra erasoak diren garai batean».

«Zaila da sentsazioa azaltzea, baina hilabete hauetan, ultraeskuina Gobernura heldu zenetik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat, kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da. Neke handia sentitzen dugu, egunero aurre egin behar diogulako borrokaren bati. Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek gaur egungo testuinguruan, herrialdearen gehiengoak gosea pairatzen duenean».