INFO

Pako Aristi: «Xalbador bizirik dago, Uztapide ahanzturan gelditu da»

Manuel Olaizola ‘Uztapide’ zestoarra eta Fernando Aire ‘Xalbador’ urepeldarra Euskal Herriak eman dituen bertsolaririk handienetakoak izan ziren. Beraien herrien senidetzeak hauspotuta, 30 urtetan bi erraldoi hauen artean ondutako adiskidetasunaren lekukotasuna utzi du Pako Aristik liburu batean.

Pako Aristi, Xole Aire eta Mikel Arregiren artean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Manuel Olaizola ‘Uztapide’ (Zestoa, 1909ko maiatzaren 10a - Oiartzun, 1983ko ekainaren 8a) eta Fernando Aire Etxart ‘Xalbador’ (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a - 1976ko azaroaren 7a) nobela bateko protagonistak izan zitezkeen. Bertsolariak, poetak, baserriko gizonak, garai gazi goxoak bizi izan zituzten eta, denborarekin, euskal kulturaren erraldoi bilakatu dira. Hain desberdinak izanik, bien artean muga bat egon arren, eta bi euskalkitan kantatu arren, hogeita hamar urtez lagun handiak izan ziren. Adiskidetasun horren sustraietan, elkarren arteko miresmena.

«Eta gaur egunetik nola ikusten dira bi bertsolari hauek?», galdetu dio bere buruari Pako Aristi idazleak ‘Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi’ (Erein) liburuaren aurkezpenean. «Gaur egun Xalbador bizirik dago, eta Uztapide ez», erantzuna. «Garaiko errealitateari kantatu ziolako Uztapidek, eta errealitatea aldatu zenean, Franko hil ondoren mundua aldatu zenetik, Uztapide errealitate batekin batera lurperatuta gelditu zen. Bere bertsoak ez dira kantatzen, ez dira aipatzen... Xalbadorrek, ordea, etorkizunari kantatzen zion eta, guk dakigunez, hamabost bat euskal taldek eta kantarik bere letrak musikatu dituzte. Ez dago poeta bat hain musikatua dagoenik». 

Xalbadorrek ez zuen txapel bakar bat ere eskuratu, baina bere hitzak gure imajinarioan iltzatuta gelditu dira. Uztapidek hiru txapela jantzi zituen, eta bere garaiko aktualitatearen lehen mailako kronista bihurtu zen oholtzaren gainean... «baina Uztapide ahanzturan gelditu da, beste jende asko bezala, eta gaur egun desagertuta dago. Liburu honek aukera bat ematen digu bertsolari handi hau erreskatatzeko», aipatu du Pako Aristik.

Denborak desberdin hartu ditu bertsolari bi hauek: «Oso bertsolari desberdinak ziren: Uztapide ‘diesela’ zen, berotzen zenean, bertsotan gelditu ezinik egiten zuen. Lurreko bertsolaria zen, bere garaian onena; Xalbador abstraktoagoa zen, poeta zen. Kantatzeko era ere desberdina zuten: Uztapidek jendeari begietara begira, Xalbadorrek, begiak itxita». 

Mota honetako istorio kitzikagarriez josi du Aristik ‘Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi’ liburua. Enkargu bat hastapenean, Zestoa eta Urepele herriak senidetu egin zirenean, ekimen horrek bultzaturik eta bibliografia oparo bat aztertuz, liluragarri dirudien liburua ondu du Pako Aristik, nobela bat bezala irakurtzen dena. Argitaletxearen arabera, bertsozaleentzat ezinbestekoa, bertsozale ez direnentzat ere guztiz interesgarria da liburua.

Donostiara gerturatu dira, liburuaren aurkezpenerako, Xole Aire eta Mikel Arregi, Urpele eta Zestoako alkateak hurrenez hurren. Herri bien arteko senidetze ofizialari jarraipena emateko asmoarekin, eta horren lekukotasuna islatuta gera zedin hurrengo belaunaldiei begira, batez ere, liburuaren proiektua bultzatu dute.

«Zestoa duela 50 urte baserrien herri bat zen; industrializazioaren ostean erabat urbanitak bihurtu gara –aitortu du Mikel Arregik–. Egun Urepelek oraindik lurrari lotuta jarraitzen du eta guk, ordea, metamorfosi handia izan dugu eta atzerakada dexente egon da euskal baloreetan eta gure hizkuntzan. Lekukotasun baten beharra ikusten genuen, eta zein lekuko hobea liburu bat baino? 143 kilometro daude herri bien artean, eta nahiz eta kultura eta hizkuntza berdinak izan, aldaketa handia da gure egunerakotasunean, horregatik ikasgai handia izaten ari da guretzako Urepele».

Xole Airerentzat ere, aberasgarria izaten ari da oso Zestoarekin egin duten lotura. «Ohartu gara Urepelen gure ekonomiaren oinarria laborantza dela, hortik bizi gara oraindik ibar guztian, eta lan handia egiten dugu modernoak izateko. Zestoara hurbildu garenean, gure baserritarren begiekin ikusi dugu ere hor jarraitzen duela baserri mundu horrek. Ohartu gara ere Euskal Herri osoan Xalbador ezaguna den arren, Urepelen ezetz. Badira bertsozale amorratuak, baina ibarreko biztanleek ez dute lotura handia bertsolaritzaren artearekin. Belaunaldi berriek ezagutu behar dute Xalbador».

60. hamarkadan izan zuten puntorik gorena eta hamar urte horietan mantendu zuten sekulako maila. Une gogorrak bizi izan zituzten ere elkarrekin: Xalbadorrek, final batean, publikoak zazpi minutu luze eta mingarrietan txistu egin zionean –Uztapide bere ondoan egon zen–, edo Uztapide oholtza gainean ahotsik gabe gelditu zenean, infartoa eman zionean. Xabier Amurizak, hitzaurrearen egileak, gertutik ezagutu zituen egoera hauek.

Amurizak, bada, parte hartuko du ekainaren 19an egingo den aurpezpenean, Zestoan. Ekainaren 15ean Urepelen Eguna egingo dute gipuzkoar herrian eta, udazkenean, Zestoaren Eguna Urepelen. Senidetzeak segida izango duelakoan daude alkate biak.