INFO

Herritartasun Tribala: Eta «indioak» «amerikar» bihurtu zituzten

Milaka urte zeramatzaten Ipar Amerikan bizitzen, baina hala eta guztiz, herri indigenetako pertsonei ez zitzaien herritartasunik onartzen duela mende bat. Ehun urte beti dira estatubatuar gisa aitortzen zituen legea indarrean sartu zenetik.

Egungo indigenen ospakizun bat. (GAUR8)

AEBetako zenbait erreserba indigenatan eta bestelako eremu batzuetan, hala nola unibertsitateetan edo Washingtongo Kongresuan, ekitaldi eta mahai-inguru ugari ari dira egiten azken asteotan gaiari buruz. Bai ikuspegi historiko batetik aztertzeko, baita, ehun urteren ostean, AEBetako natiboen egoeraz hausnartzeko ere. Estatubatuarrak izan dira azken ehun urteotan, aparteko herritartasun “tribala” (hori da legezko izena) aitortu zaie haietako askori. Eta hala ere, bigarren, hirugarren edo laugarren mailako estatubatuartzat hartu izan dira, lehenago herritar gisa ere aitortu ez ziren pertsonak.

Oro har baztertutako beste kolektibo batzuk baino are egoera larriagoan daude indigenak. Espetxeratzeen, sexu-erasoen edo mendekotasunen datuei erreparatuz gero, azken lekuan ageri dira jatorrizko herritarrak, estatubatuar beltzen edo latinoen atzetik. Izan ere, oro har herritartasuna hartzea neurri progresista eta integratzailetzat hartu ohi bada ere, eskubiderik ez duenari gainerako biztanleen bermeak aitortzeko kolektibo zehatzei (beltzei, edo migratzaileei, kasu), natiboen kasuan bestelako helburu bat ere bazeukan estatubatuar bihurtzeak: “indiar” izateari uztea. Estatu Batuetako gehiengoan asimilatzea, alegia, beren kultura, hizkuntza eta ohiturak galduta. Peggy Flanagan Minnesotako gobernadoreorde eta “ojibwe” herriko indigenak gogora ekarri berri duenez, «luzaroan, natibook ez genuen ezer esaterik izan gure bizitzako ia zati guztiak zehazten zituen gobernuari buruz, eta herritartasuna irabazteak herritartasun tribalari (indigena) uko egitea eskatzen zuen, eta estatubatuar kulturan asimilatzea».

Mugak itxi

1924ko ekainaren bian sinatu zuen Calvin Coolidge AEBetako presidenteak Indian Citizenship Act (Indiarren Herritartasun Legea), eta hala, Estatu Batuetako herritar izendatu zituzten herrialdeko indigenak. Hilabete zen herritartasunean berebiziko garrantzia izan zuen beste lege bat onartu zuela Washingtonek: aurreko hamarkadatako migrazio masiboen ostean, herrialdeak ateak ia guztiz itxi zituen, kuota zehatzen bidez utziz etorri berrientzako zirrikituak. Kuota horiek, gainera, kutsu arrazista nabarmena zuten: 1890eko erroldaren arabera egin ziren, artean asiarren kopura txikiagoa zelako.

Helburua zurien nagusitasunari eustea zen. AEBak “melting pot” edo nahaste etnikoaren kontzeptuarekin azaldu ohi dira, “aukera berrien” bila (“amets amerikarra”) iritsitako herritarren irudiarekin batera. Baina hasiera-hasieratik injinerutza sozial handia izan du herrialdeak: lurrak indigenei kentzea justifikatzeko edo esklabotza argudiatzeko, kasu. XIX. mendean, kolono protestante puritanoen kezka nagusietakoa Ameriketara iristen ari ziren katoliko irlandar eta alemanengan zegoen: Erromarekiko leial ziren pertsona haiek gai izango ote ziren indibiduoaren ideia protestanteetan eraikitako errepublikan integratzeko?

Mende amaierarako, batzuek nazioaren patu bezala hartu zuten zabalkundea gauzatuta zegoen, Atlantikotik Pazifikora. Herritartasuna ez zuten Europatik iritsitako kolonoek bakarrik, baziren esklabotzatik askatutako afrikar jatorrikoak ere, eta baita ordura arteko mugak aldatzean euren burua AEBetan ikusi zutenak ere. Mexikori kendutako lurraldearen ondorioz kultura hispanoa edo mestizoa zeukatenak estatubatuar bihurtu ziren.

Indigenak, etxean arrotz

Ekuazio horretan, alabaina, ez ziren Ipar Amerikako jatorrizko biztanleak sartzen. 1890eko Wounded Knee-ko sarraskiarekin, amaituta zeuden “gerra indioak”, haien lurraldeak konkistatu zituzten Amerikako Estatu Batuek, gerrak armadak egiten zituen, atzerriko herrialdeen kontra ari balira bezala. AEBetako buruek historian zeukaten patuaren aurrean agian “barne-oztopo” bezala ikusiko zituzten natiboak, baina zalantzarik gabe herrialde haren ikuspegian arrotzak ziren lurrak kentzen zizkieten pertsonak, lurraldeotan mendeetan bizi izan ziren arren. Dena kenduta, erreserbetan bideratu zituzten. AEBen geografian zeuden arrotz-lekuak ziren.

Legea onartu zeneko argazkia (GAUR8)

Urte luzez, azken elementu horretan egon zen gakoa: estatubatuar bihurtzeko, “indiar” izateari utzi beharra zegoen. XIX. mendetik garatu zen asimilazio-politika ankerrak ere “indiarra hil, salbatu gizona” (kill the Indian, save the man) leloa zeukan gidari: basati gisa ikusten zen haren ezaugarri guztiak ezabatu behar ziren, AEBetako “zibilizazioan” urtzeko. Zentzu horretan, AEBen politika arrazistak ez ziren berdinak izan gizatalde guztiekin: beltzekin segregazioa ezarri zen, herrialdearen Hegoaldean batez ere, nahastea inola ere ez zela gertatuko ziurtatzeko eta zurien nagusitasuna mantentzeko.

Indigenekin, berriz, helburua erabateko asimilazioa zen, haien nortasun, hizkuntza eta ezaugarri kultural eta espiritual guztiak ezabatzea, europar zibilizazio zuri kristau eta ingeles-hiztunean murgilduta. Hala gertatu artean, alabaina, Konstituzioak beren-beregi zeukan jasota “zergapean ez zeuden indiarrak” ezingo zirela zenbatu estatu bateko biztanle gisa.

1865ean gerra zibila amaitu eta esklabotza sistema deseginda, Konstituzioaren 14. emendakina onartu zuen Washingtongo Kongresuak. Horren arabera, bertan behera geratu zen Auzitegi Gorenak 1857an emandako ebazpena, zeinaren bidez beltzei, esklabo egon zein libre izan, ukatu egin baitzitzaien estatubatuar herritartasuna. Klausula hura ezabatuta, herritartasuna aitortu zitzaien AEBetan jaiotako guztiei, baita kanpotik etorri eta naturalizatu zirenei ere. Legearen berme eta babes guztiak ematen zituen estatus horretan salbuespen bat ezarri zuten, ordea: «Erreserbetan bizi edo erreserbetan erroldatutako indiarrei ez dagokie Konstituzioaren 14. emendakina».

Inperialismoa

XIX. mende amaierarako Jim Crow legeak eta segregazioa hasi ziren Hegoaldean. Herritartasuna ez zen botoaren sinonimo, emakumeek ondo zekiten legez. Esklabotzatik askatu berri ziren pertsona haiek, Afrikatik bahituran ekarritako pertsonen seme-alaba haiek Ameriketako Estatu Batuetako bizilagunak ziren, ez zeukaten beste herrialderik, haietako askok 1960ko hamarkadara arte bozkatzeko aukerarik izan ez arren. Aldiz, ikuspegia oso bestelakoa zen jatorrizko herriekin, neurri batean gaur egunera arte iristen den irakurketa egiten baitzen: herri horiek AEBetatik bereizitakoak, independenteak zirela eta, ondorioz, burujabeak. Hau da, ez zirela estatubatuarrak. Areago, argudiatu liteke Estatu Batuak dela herri horien lurretan sortutako herrialdea, eta ez alderantziz.

“Indiar gerrak” amaituta, AEBen patu “ozeanikoa” beteta, batzuek kanpoko inperialismoari ekin zioten. Alaska Errusiari erosi ostean, Hawaii konkistatu zuten, eta Espainiari garaituta Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Guam ere Washingtonen gerizan geratu ziren. Beste batzuek barneko proiektua bukatzea hartu zuten helburu. XIX. mende amaieran, indigenen ehuneko zortzi baino ez ziren estatubatuarrak; erreserbetatik kanpo hiri eta herrietan asimilatuz joan zirenak ziren. Dawes legeak herritartasun hura zabaltzeko asmoa izan zuen, baina oso baldintza zehatz batekin: familiarentzako lursail propio bat eratzea, herri bezala zegozkien erreserbako lurrei uko egitea. Ordura artean arrotz zitzaien lurraren jabetzaren kontzeptu kapitalista indarrez ezarri nahi zieten. Aurretik ere natiboei zegokien, eta Washingtonek hala onartuta zeukan lurraldetik hartu zituzten herritar bihurtzeko eskatzen zizkieten lursailak. Bufalo-ehiza oinarri zuten ehiztari herri nomadei, esaterako, nekazari eta abeltzain izatea inposatu zitzaien. Horretarako esleitutako lurrak, sarritan, oso elkorrak ziren gainera. AEBek indigenei aitortutako 150 milioi akreetatik gehienak familiei nekazaritzarako eman zizkieten, eta “soberan zegoena” kolono zuriei saldu zitzaien. Jabegorik gabeko edo, nahi bada, jabego komuneko 600 mila kilometro koadroko lurralde indigena aitortzetik herena baino ez zen geratu jatorrizko herrien esku.

Indigenen omenezko txanpona. (GAUR8)

Egun, aitortza federala duten 500 herri (tribu, ofizialki) daude. Barne-subiranotasuna daukate, ondorioz, ez daude erreserba aitortuta dagoen estatuko legeen mende. Aldiz, Washingtonetik hartutako erabaki federalak badagozkie, eta Kongresuak badauka herri horiekiko agintea. Berriki, esate baterako, Hego Dakotan diren bederatzi herri indigenek debekatu egin diote estatuko gobernadore trumpistari beren lurraldean sartzea, Mexikoko migratzaileak, narkotrafikoa eta indigenak lotuz egin izan dituen adierazpenak direla eta.

Asimilazioa helburu

«Estatu Batuetako lurralde-mugen barnean jaiotako indiar ez-herritar guztiak honen bidez izendatzen dira Estatu Batuetako herritar gisa: herritasun hori emateak ez dio inola ere ezabatuko edo eragingo edozein indiarrek tribuarekiko daukan jabetzari». Hala dio 1924ko ekainaren 2an Calvin Coolidge presidenteak sinatutako “Indiarren Herritartasun Legeak”.

Aldaketa garaiak ziren: I. Mundu Gerra amaitu berri zen, eta bertan borrokatu ziren estatubatuar herritartasunik ez zeukaten indigena asko. Emakumeen botoa ere orduantxe onartu zen antzera, indigenak estatubatuar gisa aitortzen zituen legeak AEBetako lurraldean bizi ziren pertsonak berdintzeko asmoa zeukan. Baina herri horietako askok behin eta berriz esana zeukaten ez zutela “berdintzeko” asmorik, hitz horrek asimilazioa eta beren nortasunaren galera esan nahi baldin bazuen.

Washingtonen asimilazio-helburuak oso aurpegi bortitza izan zuen hamarkada luzez; gerra egin zieten biztanle haiek garaitzea ez zen aski, zirena ahaztu behar zuten eta herrialde berriko ezaugarrietara egokitu, bertako nortasunean urtu. Horretarako, milaka ume legez bahitu zituzten, etxetik oso urrunera bidalita beraien hizkuntza ahaztu eta kristautasuna modu beldurgarrian inposatzen zieten barnetegi-eskoletara eramateko. Gaur egunera arte iraun dute orduko traumek, eta ezinbesteko elementua da egungo egoera azaltzeko.

Subiranotasun indigena

Egia da buruzagi indigena batzuek ontzat hartu zutela herritartasuna izatea, horrek gainerako herritarren eskubideak aitortzea zekarrelakoan. Beste askok, alabaina, indigenen subiranotasuna amaitzeko helburua ikusi zuten argi eta garbi.

Une historikoa jasotzen duen irudia. (GAUR8)

Benjamin Caswell zen garai hartan “chippewa” indigenen burua, eta herritartasunaren helburua indigenen autogobernua suntsitzeko urrats bezala ulertu zuen. Are ozenago salatu zuten gertatutakoa Haudenosaunee herrietako buruek (“irokes konfederazio” edo “bost nazio” gisa ezagutu izan da). Presidenteari eta kongresuari idatzi zieten, herritartasun-legearen aurka zeudela adierazteko, eta gogoraraziz erakunde subiranoak zirela: «Antzinako itunen ondorioz, Gobernuaren babesa espero genuen. AEBetako herritartasuna gure gobernua ezabatzeko ahalegina zen. Herritartasunak gure itunaren estatusa kolokan jarriko zuelakoan geunden, zergak ekarriko zizkiolakoan gure lurraldeari. Hura gure subiranotasuna urratzea zen, gure herritartasuna gure nazioetan bertan zegoen».

Gaur egun ere, AEBetako indigenak estatubatuar herritarrak izan arren, jarraitzen dute herritartasun bikoitz horri eusten. Lacrosse kirola, esaterako, Ipar Amerikako ekialdean sortutako jokoa da, egungo Kanadan eta AEBetan. 2010ean, Irokes herrietako kirolariek ezin izan zuten munduko txapelketan parte hartu Eskozian, subiranotasun indigenari eutsiz haien pasaporteekin joan nahi izan zutelako. Britainiar gobernuak ez zien utzi, eta Kanadako edo Estatu Batuetako pasaporteekin bidaiatzeko eskatu zien. Jokalariek euren herriko agiriak ofizialak zirela argudiatu zuten, baina azkenean, ez zuten joaterik izan, eta parte hartzeari uko egin zioten.