INFO

Beste sei herri sartu dira Udalbiltzan eta dagoeneko hamahiru gehiago dira aurten

Atxondo, Azpeitia, Bergara, Iturmendi, Lekeitio eta Lesaka. Horiek dira Udalbiltzaren Partzuergora sartu berri diren sei herri berriak. Iragan ostiralean egin zuten Ezohiko Kontseilu Nagusian onartu zituzten; 13 dira dagoeneko 2024an Udalbitzan sartutako herriak.

Udalbiltzaren ezohiko Kontseilu Nagusia, Iturmendin. (Udalbiltza)

Udalbiltzak Ezohiko Kontseilu Nagusia izan zuen pasa den ostiralean eta beste sei herri Udalbiltza Partzuergora sartzeko erabakia hartu zuten bertan. Aho batez erabaki zen Atxondo (Bizkaia), Azpeitia (Gipuzkoa), Bergara (Gipuzkoa), Iturmendi (Nafarroa), Lekeitio (Bizkaia) eta Lesaka (Nafarroa) nazio erakundean sartzea.

Urtarrilean ospatu zen Kontseilu Nagusian beste zazpi herri gehitu ziren Udalbiltzara, eta beraz, 13 dira dagoeneko 2024an Partzuergora sartu diren kide berriak. Dima,  Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentziako udalak batu ziren urtarrilean. Orotara, egun, 90 herrik osatzen dute Udalbiltzaren Partzuergoa.

Pasa den ostiraleko ezohiko Kontseilu Nagusiak, urteko administrazio kontuan onartu eta herri berriak aho batez onartu ostean, urtarrilean ezarritako hiru zutabeei jarraiki zenbait hitzordu gogoratu zituen.

Herri jasangarria lortzeko bidean, energiaren alorrean martxan dauden lanketak aurkeztu ziren, eta ekainaren 15ean Legorretan egingo diren topaketen berri eman zuten. ‘Energia komunitateak: harreman sareak ehuntzen’ izenburupean partekatuko dituzte esperientziak eta hausnarketak.

Sorkuntza eta hezkuntza

Bigarren zutabea «memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa eraikitzea» zela izendatu zuten urtarrilean, eta Geuretik Sortuak beka zutabe horren baitan kokatzen dela azaldu zuten. Bigarren edizioaren balorazioa egiten dabiltzala kontatu zuten, eta hirugarren ediziora begirako prestakuntzak martxan direla aurreratu.

Hirugarren zutabeari dagokionez, «herri zaintzailea eta hezitzailea eraikitzeko bidean» hezkuntzan egiten ari diren lanketak aurkeztu zituzten. Eta Udalbiltzak antolatu dituen udako ikastaroen berri ere eman zuten. Batetik, ekainaren 20 eta 21ean Bilbon egingo den ‘Retos y oportunidades de una Transición Energética Local’. Eta bigarrenik, UEUren udako ikastaroen baitan, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean antolaturiko ‘Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide’ ikastaroa, ekainaren 26an Iruñean izango dena.