INFO

Eskuin muturraren aurkako elkarretaratzea egin dute Baionan

Eskuin muturrak Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian inoiz eskuratutako garaipenik handienaren biharamunean, elkarretaratzeak egin dituzte hainbat hiritan, tartean Baionan.

Eskuin muturraren aurkako elkarretaratzea Baionan, astelehen arratsaldean, Herriko Etxearen aurrean. (Guillaume FAUVEAU)

Rassemblement National (RN) eskuin muturreko alderdiak aurreikuspenak bete eta inoiz eskuratutako garaipenik handiena lortu zuen Estatu frantsesean Europako Parlamenturako hauteskundeetan, aurkarien botoak aise bikoiztuz. Eskuin muturraren olatuak Ipar Euskal Herria ere harrapatu zuen eta Lapurdin, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gailendu zen Marine Le Penen alderdia.

Biharamunean, Frantzia Intsumisoa, NPA alderdi antikapitalistak eta hainbat sindikatuk deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Hexagono osoko hainbat hiritan, tartean Baionan. 500 lagun inguru elkartu dira Herriko Etxearen aurrean eskuin muturraren ideiei gaitzespena adierazteko. Kopuru hori handitu egin da, izan ere, manifestazio bat inprobisatu dute, ‘Mediabask’-ek berri eman duenez.

 

Marine Le Penen alderdiaren garaipenaren ostean, Emmanuel Macron presidente frantsesak Asanblea Nazionala desegin eta hauteskundeak deitu zituen heldu den ekainaren 30 eta uztailaren 7rako. Izan ere, oso urrun geratu zen Macronen hautagaia, Valerie Hayer. Hiru miloi boto inguru (%14,2) eta 14 parlamentari eskuratu zituen, gaur egun baino bederatzi gutxiago.