INFO

Tximist Cup, hasierako ilusioa lehen mailako hitzordu bilakatu da

Futbol txapelketak 8. edizioari ekingo dio ostiralean, Anoetak hartuko duen «She Leads» Kongresuarekin. Hurrengo egunetik aurrera, munduko talde onenetako 1.500 futbolari arituko dira Hondarribian, hiru mailatan banatuta.

Tximist Cupen 8. edizioaren aurkezpenean parte hartu zuten lagunak. (TXIMIST CUP)

Duela bederatzi urte hil zen Juan Carlos Samaniego, ezagutu zutenengan arrasto sakona utziz. Horien artean, Aintzane Encinas, Tximist laguna omentzeko, biek ilusioz behin baino gehiagotan imajinatu zuten txapelketa antolatzea erabaki zuena. Hasierako ilusio hura zortzigarren edizioari ekingo dion lehen mailako hitzordu bihurtu da.

Munduko talde onenetako 1.500 futbolari bilduko dira Gipuzkoan bihartik aurrera, Tximist Cupen lehiatzeko eta, batez ere, ospatzeko, emakumezkoen futbolaren festa handia baita. Urtetik urtera hazten joan da eta, horregatik, lehen edizioaren atarian «orain baino urduriago» zegoen arren Encinas, «lehen aldia zelako, 250 jokalariekin, eta hasierek beti galdera eta buruhauste asko sortzen dituztelako», zortzigarrena hastear dagoela, «erantzukizuna» nagusitzen da. «Txapelketak ospe handia lortu du nazioartean, puntako talde guztiek euren akademiekin etorri nahi dute, eta klub indartsuak ere kanpoan geratu dira, ez baitugu gehiagorako ematen –azaldu du Realeko jokalari-oihak–. Erantzukizuna handia da, baina baita ilusioa eta harrotasuna ere, txapelketa gaur duen mailara eraman dugulako eta hazten jarraitzen dugula ikusten dugulako».

Hiru mailatan banatuko da Tximist Cup, 14 eta 17 urte azpikoak –ekainaren 15 eta 16an jokatu direnak, Bartzelona, Olympique Lyon, Wolfsburgo edota Real bezalako talde handien parte-hartzearekin–, Legends, 22an bilduko dira, eta Realeko, Athleticeko eta, lehen aldiz, AFEko beteranoak.

Hitzordu ezin erakargarriagoa futbolarientzat, «gustukoa dutena egiteko eta munduko onenekin jokatzeko aukera izango baitute»; zaletuentzat, «bihar bertan izarrak izango diren jokalariak ikusiz gozatu dezaketelako»; eta «emakumezkoen kirola sustatu nahi dutenentzat», azpimarratu du Encinasek, «neskatoen %70ek  16 urte bete aurretik kirola uzten» duela gogoratuz eta, beraz, «laguntza eskaintzearen» garrantzia azpimarratuz.

Ildo honetan, txapelketaren arrakastak erakundeen eta babesleen ateak zabaltzen laguntzen duela onartu du, baina «oraindik ateak jo behar» dituela azaldu du Encinasek. «Emakumezkoen kirolean inbertitzeak balio handia du, baina oraindik badaude konturatzen ez direnak. Gu hori frogatzen ahalegintzen gara, erakargarriak izaten, egunetik egunera hobeto lan eginez. Zorionez, gero eta marka eta erakunde gehiagok ikusten dute». Espainiako Gobernuak, besteak beste, ikusi du, Tximist Cup «interes publikoko ekitaldi» izendatu baitu. «Eskertzekoa da, lanaren eta etengabeko hazkundearen erakusle baita».

Eboluzio horrek berrikuntzak ekarriko ditu aurten, urtero lez. Adibidez, partida guztiak zuzenean ikusi ahal izango dira Pixellotekin adostutako akordioari esker. Eta, batez ere, ostiralean txapelketaren hitzaurrea idatziko duen «She Leads» Kongresua. Hamabi emakumek, hainbat eremutan kirolaren erreferente direnek, lidergoari, ahalduntzeari, erronkei edota aukerei buruz hitz egingo dute Anoetan 18.00etatik 20.30era. Sarrera doakoa da, baina interesatuek Tximist Cupen webgunearen bidez eman behar dute izena.