INFO

Gipuzkoak hondartzen denboraldiari hasiera eman dio, hondakinik gabeko itsasertz baten alde

Gipuzkoako Aldundiak ‘Zatoz olatura’ sentsibilizazio-kanpaina garatuko du hondartzetan hondakinak behar bezala bereizteko eta biltzeko. Hondartzen denboraldia ekainaren 15etik irailaren 15era arte luzatuko da.

Getariako hondartza, asteazken honetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ozeanoen Munduko Eguna dela eta, Gipuzkoako Aldundiaren Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok hondartzen udako denboraldiari hasiera eman dio Getariako Malkorbe hondartzan. Ekainaren 15etik irailaren 15era arte luzatuko da denboraldia.

Aurten, Gipuzkoako Aldundiak 1.815.000 euro bideratuko ditu, guztira, hareatzetako garbiketa indartzeko, 150.000 euroko zenbateko gehigarriarekin, hondartzetako segurtasun-laguntzaren osagarri gisa. Era berean, hondartzen kudeaketa integralerako plan berri bat egitea bultzatzen ari da, Gipuzkoako kostaldeko udalekin lankidetzan, erakunde bakoitzaren eskumen-eremua errespetatuz.

Irekiera-ekitaldian izan dira, halaber, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Haritz Alberdi udalerriko alkatea, Aitziber Zubillaga Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia, Nuria Vegas Garbera merkataritza-guneko kudeatzailea eta Unai Arregi Urbil merkataritza-guneko Zerbitzu Orokorretako zuzendaria.

2024. denboraldiko lehentasuna da arreta jartzea jasangarritasunean, itsasertzean eta plastikorik eta bestelako hondakinik gabeko itsasoan, gaikako bilketa eta garbiketa indartuz eta herritarrak sentsibilizatuz ‘Zatoz olatura’ kanpainarekin.

Hondakinik gabeko itsasertz baten alde

Gipuzkoako hondartzetan erronkari aurre egiteko, Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sentsibilizazio-kanpaina bat abiaraziko du Emaus Gizarte Fundazioarekin lankidetzan, ekainaren 12tik abuztuaren 18ra bitartean. ‘Zatoz olatura: hondakinik gabeko itsasertz baten alde’ leloa duen kanpainaren helburua hondakin gutxiago sortzea da, lehenik eta behin materialak berrerabiltzea sustatuz eta, halakorik ezean, birziklatzearen bidez kontsumo osteko kudeaketa egokia eginez.

Asensiok nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Aldundiak hondartzekin eta plastikorik eta bestelako hondakinik gabeko itsasoarekin duen konpromisoa: «Itsasertzaren eta gure itsasoen kutsadura ingurumen arazo nagusietako bat da. Sakabanatutako zaborren % 40 kostaldean daude, eta 2023an 175.000 kilo hondakin baino gehiago bildu ziren gure hareatzetan. Gure hondartzekiko eta plastikorik eta bestelako hondakinik gabeko itsaso garbiarekiko konpromisoa berresten dugu, gaikako bilketa, garbiketa eta herritarren sentsibilizazioa indartuz».

Sentsibilizazio-ekintzak osatzeko, udako garbiketa zerbitzuak indartuko dira, eta kostaldeko udalerri guztietan zaintza talde bat izango da. Era berean, ontzi arinetarako eguzki paperontzi trinkotzaile berriak instalatuko dira, eta 2023ko denboraldian instalatutako paperontzi indargarriak mantenduko dira. Bestalde, Aldundiak udalerriei gomendatzen die edukiontziak hondartzetatik kanpo jartzea, inpaktu txikiagoa izateko eta gainezka eginez gero hondartza ez kutsatzeko.

Erabiltzaileentzako informazioa hobetzeko eta hondartzen erabilera jasangarria errazteko zerbitzuen artean, Nik Hondartzak aplikazioa aurki daitezke. Aplikazio horrek bere prestazioak zabaldu ditu, banderen egoerari, bainatzeko uraren kalitateari eta hondartzako eta bainatzeko zerbitzu lagunduen informazioari buruzko abisuen bidez.

Ekainaren 1ean zabaldu ziren Bizkaiko hondartzak

Bizkaiko hondartzen denboraldia joan den ekainaren 1ean hasi zen, eta, ohi bezala, irailaren 30ean amaituko da. Berritasun nagusiak dira Bizkaiko Aldundiak egunean jarri dituela hondartzei buruzko informazioa ematen duten webgunea eta BizkaiaUP aplikazioa, erabiltzeko errazagoak eta funtzionalagoak izan daitezen, eta seinaleztapena hobetu duela lagundutako bainurako gaituta dauden guneetan, zerbitzuaren erabilera errazteko.