INFO

Hik Hasik EAEko Hezkuntza Legearen aukerak aztertu ditu liburu batean

‘EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak’ liburua aurketzu du Hik Hasik. «EAEko Hezkuntza Legearen aukerak baliatu behar ditugu euskal hezkuntza-sistema propioa lortzeko bidean», egin dute aldarri beraien proposamena aurkeztearekin batera.

Hik Hasik EAEko hezkuntza legearen inguruko liburua aurkeztu du. (Jon Urbe | FOKU)

Hik Hasik ‘EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak’ liburua aurkeztu du asteazken goiz honetan, hezkuntza lantzen duen eragilearen 36. monografikoa da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartutako Hezkuntza legeak jasotakoak aztertu ditu Hik Hasik, eta hori «euskal hezkuntza-propioa lortzeko» bidean kokatzen ahalegindu da.

«Legeak zer aukera eskaintzen dituen gako horiek garatzeko, zer bide irekitzen dituen, zer muga egon daitezkeen eta muga horiek nola gainditu daitezkeen» jaso dute liburuan, aurkezpenean azaldutakoaren arabera. Kontatu dute Hezkuntza Proposamenaren talaiatik begiratuta egin dutela ariketa, eta horri dagokionean, lege berri bat ateratzea "ez zela aukera bat, baizik eta ezinbesteko urratsa euskal hezkuntza etorkizunera begira jarri nahi bada» zehaztu dute.

2017an Hik Hasik aurkeztu zuen ‘Hezkuntza Proposamena’ dokumentua izan dute abiapuntu, bertan euskal hezkuntza hobetzeko 10 gako jaso zituzten, eta horiek 2024ko legearekin lotu dituzte.

Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko eragiletza arduraduna izan da liburuaren koordinatzailea, eta atal bakoitzak idatzi eta aurkezteaz gaiaren inguruko adituak arduratu dira.

Ataletan banatuta

Lau atal nagusitan banatu dute liburua, eta atal bakoitzean legeak esaten duena aztertu dute: «Esperientziak bildu ditugu eta aurrera begira legearen garapenean zein norabidetan sakondu beharko litzatekeen baloratu dugu».

‘Gobernantza berri bat’ (Olaia Jimenez eta Maite Usabiaga) , ‘Euskara euskal hezkuntzan’ (Xabier Sarasua), ‘Autonomia’ (Maialen Oiartzun) eta ‘Ikasleak eta irakasleak’ (Iñigo Salaberria) dira lau atalak. Eta errealitatetik abiatu badira ere, etorkizuna irudikatzeko ahalegina egin dute; Euskal Herrian kokatuz baina nazioarteko ereduei begira, «ezagutzen dugun hemengo ereduaz gain beste eredu batzuk badaudela ikusteko, errealak direla jakiteko eta hemen ere beste eredu inklusibo eta sozialago bat posile izango litzatekeela jabetzeko».

Hezitzaile eta ikastetxeetako zuzendaritza taldeei bideratuta egoteaz gain, hezkuntzan ardurak hartu nahi dituzten udalentzako, hezkuntza eragileentzako, gizarte eragileentzako eta eragile politikoentzako liburua ere badela zehaztu dute.

Baloraziotik abiatu

Liburuaren aurkezpena EAEko Hezkuntaz Legearen balorazioa egiteko ere baliatu dute: «Lege ausartagoa behar genuen, irmoagoa, euskaldunagoa, sozialagoa eta inklusiboagoa. Denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema nahi dugu, publikoa eta komunitario bateratzailea, anitza, parte-hartzailea eta inklusiboa; gure gizartearen aniztasuna kontuan izango duena».

Batez ere legeak dakartzan aukerak aztetu dituztela kontatu dute, «Euskal Herri osorako hezkuntza sistemaren bideak urratsak egiteko».  Eta horregatik «ikuspegi kritikoz» begiratu diete aukerei, «ateak ireki daitezkeela ikusten dugulako, baina benetan behar den garapena geratatzen baldin bada soilik. Egikaritzetan, baliabideetan, ebaluazioan... arreta jarri behar da».

Sei ondorio

Sei gako edo ondorio nagusiren berri eman dute asteazken honetako aurkezpenean. Batetik, Legeak sareen arteko «konfrontazioa eta lehia gainditzeko» balio behar duela esan dute, eta baita segregazioari aurre egin eta aniztasuna balioan jartzeko ere.

«Aztertu behar da legeak zenbateraino ahalbidetuko duen hezkuntza komunitarioa, tokiko kudeaketa, herri mailako sinergiak eta eragileak elkarrekiko konfiantzan lankidetzan aritzea», aurkeztu dute hirugarren ideia gisa.

Laugarrenik, belaunaldi berriak euskaldun eleaniztun bilakatzearen garrantzia azpimarratu dute; eta bosgarrenik azaldu dute legeak eskolaren antolaketa parte hartzailea izatea bultzatu behar duela, «hezkuntza proiektu indartsuak eta anitzak sustatzeko».

Azkenik, argitaratu berri duten liburuak bide horretan «akuilu eta hausnarketarako tresna» izatea nahi duela Hik Hasik adierazi dute. Eta batez ere, aukerak baliatzeko deia egin dute «denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema propiorantz joateko».